GARA Euskal Herriko egunkaria
HILKETA MATXISTA ORION

Orion Lourdes del Hoyo tiroz hil izana hilketa matxista izan zen

Joan den asteartean Orion Lourdes del Hoyo 50 urteko emakumea tiroz hil izana hilketa matxista dela berretsi zuen atzo Josu Erkoreka sailburuak. Orioko Udalak «errespetua» eskatu zuen, sare sozialen bitartez zabaldu ziren irudien aurrean, eta Mugimendu Feministak deitutako kontzentrazioarekin bat egin zuen.

Ehunka lagun bildu ziren atzo Orioko plazan, hilketa matxista salatzeko. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orion Lourdes del Hoyo tiroz hil izana hilketa matxista gisa berretsi zuen Lakuak atzo. Udalak gertatutakoarekiko «samina» agertu zuen, eta Orioko Mugimendu Feministak arratsaldean egindako elkarretaratzearekin bat egin zuen.

Bide batez, Orioko Udalak «errespetuz» jokatzeko deia egin zuen, sare sozialen bidez zabaldutako irudiak «izugarri desegoki» erabili direlako. Gertaera jazo zenetik hedapen masiboa izan dute, besteak beste, hildakoen gorpuen irudiak biltzen dituen bideo bat, ustez lekuko zuzen bakarra izan zenaren audio bat eta ustezko ertzain batzuek zabaldutako mezuak, hipotesien inguruan.

Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak atzo goizean eskainitako prentsaurreko batean berretsi zuen hasierako tesia, alegia, hilketa matxista bat izan dela, harreman sentimental bat amaitutzat eman ondoren gertatu zelako. Esan zuenez, gizonak ez zuen genero indarkeria aurrekaririk, eta Lourdes del Hoyok ez zuen salaketarik jarri.

Emakumea Donostian jaiotakoa zen eta Orion bizi zen; 50 urte zituen eta bi seme-alaba zituen, horietako bat adin txikikoa.

Hiltzaileari buruz sailburuak adierazi zuen Alberto Casado deitzen zela eta Zarautzen bizi zela, baina senideak Orion zituela. Armak edukitzeko eta erabiltzeko baimena zuen gizonak, eta hilketa burutzeko haren jabetzako eskopeta manipulatu batez baliatu zen.

«Itxura guztien arabera, eta lekuko guztiek horixe adierazi dute, bikotea izanak ziren, eta oraindik ezagutzen ez diren eta ikertzen ari diren arrazoiengatik atzo elkartzekoak ziren. Gizonak arma eraman zuen lekura, Lourdes del Hoyori tiro egin eta berehala bere buruari tiro egin zion», azaldu zuen Josu Erkoreka sailburuak.

Aipatu zuenez, hasiera batean leherketa bat izan zela pentsatu zen, lekukoek ohartarazitako seinaleen eta kutxa zuri baten presentziaren ondorioz. Baina atzo goizean «behin betiko ziurtzat jo daiteke manipulatutako arma bat erabili zuela».

Gertatutakoa gaitzesteko, Orioko Mugimendu Feministak deituta, herritarrek eta erakunde publikoetako ordezkariek Herriko Plaza bete zuten elkarretaratze batean atzo arratsaldean, 19.00etan.

Hala, beste agintari batzuen artean, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasunerako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza foru bozeramailea eta EAJren hautagaia, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, eta Denis Itxaso Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaria ere Orion izan ziren hilketaren aurrean gaitzespena adierazteko eta familiari babesa helarazteko.

«Minaren aurrean, herria familiarekin», «Aske izan nahi dugu» eta «Lourdes gogoan zaitugu» mezuekin jantzi zuten mobilizazioa.

HIRU EGUNEKO DOLUA

Gainera, Udalak hiru eguneko dolua ezarri zuen atzo. Hori dela eta, bertan behera utzi ditu ekitaldiak, eta udal zerbitzu guztiak itxita egongo dira, esate baterako, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, kultur etxea, liburutegia, turismo bulegoa, ludoteka eta gaztelekua. Udaletxean gutxieneko zerbitzuak ezarri dira.

Anuska Esnal alkateak adierazpen bat irakurri zuen, galderarik gabeko agerraldi batean, Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariekin, berdintasun teknikariekin, Udaltzaingoarekin eta udalerriko bi ikastetxeetako ordezkariekin batera.

Udalak «samina» agertu zuen gertatutakoarengatik, eta adierazi zuen «bizi duguna izugarria izan dela, eta herrian eragin duen inpaktua, oso gogorra».

«Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Gizarte osoari eragiten dio. Eta atzo gertatu zena horren adibide garbia da», esan zuen Anuska Esnalek.

Zarauzko La Salle ikastetxeak minutu bateko isilunea egin zuen familiari «babesa, maitasuna eta elkartasuna» adieraztearren. «Oinazeak eta tristurak hartu dute gure patioa», adierazi zuten ohar baten bitartez.

GERTAKARIAK

Eraso matxista arratsaldean gertatu zen, 17.20ak aldera. Bizilagunek azaldu zutenez, leherketa bat entzun zuten, eta segidan bi pertsonen gorpuak aurkitu zituzten, buruan zauriak zituztela, Arrantzale kalean dagoen parketik hurbil den banku baten ondoan. Emakumearen gorpua bankuan eserita zegoen, eta gizonarena, berriz, lurrean. Ertzaintza, Udaltzaingoa eta larrialdi taldeak hilketaren tokira joan ziren eta eremua inguratu zuten. Baita Estropalari kaleko zati bat ere, gizona bizi zen tokia, 10. atariaren parean. 20.30ak aldera sartu ziren haren etxebizitzara, hura miatzeko.

Gaurko ere zenbait mobilizaziotara deitu dituzte Urola Kostako herritarrak. Besteak beste, elkarretaratzeak antolatu dituzte Azkoitian, eguerdian, herriko plazan; Zarautzen, 18.30ean, Lege Zaharren enparantzan; Zumaian, 19.00etan, Saregile plazan; Getarian, ordu berean, herriko plazan, eta Aizarnazabalen, 20.00etan, udaletxearen aurrean.