GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Gari
Musikoa

«Hertzainak-en itzulerari buelta emateko ‘desintoxikazioa’ egin dut»

Lau hamarkaden ostean, oraindik elkarrizketetan eta taula gainean urduri jartzen omen da Gari (Ibon Garitaonaindia, Legazpi, 1963). Horrelako aitorpenak botatzen ditu, bat-batean, gure eszenako presentziarik dotoreena eta sentiberena duen musikariak. Bilboko BBK aretoan, gaur, “Zuzenean 2022” diskoarekin hitzordua dugu.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Crooner baten antza hartu izan diote batzuetan Gariri. Agian taula gainean erakusten duen dotoreziagatik... Aurrez aurre, zintzotasuna du ikur; ez du ezer ezkutatzen, bizi izan dituen gorabehera eta une ilunen eta argien emaitza baita gizon hau, “zaldiaren” trostan ibili den belaunaldiko kidea baita. Gari bizirik atera zen, beti musika lagun, eta erreferentziazko kantu askoren egilea da: “Amets”, “Esperantzara kondenatua”, “Zaharra zara Bilbo”... Dozena bat disko sortu ditu Hertzainak mitikoa utzi zuenetik igaro diren hiru hamarkada hauetan; eta horien artean bereziena, horrela behar baitu izan, azkena: “Gari&Maldanbera: Zuzenean 2022” (Elkar), bere zuzeneko lehen albuma eta bakarkako ibilbidearen errepasoa. Hainbat aretoetatik pasa ondoren, gaur Bilboko BBK aretoan emango dute bira honetako azken kontzertua (20.00etan, sarrerak 18 eurotan).

Urte oso bereziak izan dira azken hauek zuretzat. Esaterako, Hertzainaken agurra. Ezustean harrapatu al zaituzte egiaztatzeak zein motako eragina izan duzuen gizarte eta belaunaldi batean?

Bagenekien, nik bai behintzat. Ezusteak etorri dira beste alde batetik; gehienbat, horrelako dimentsioa hartuta, erantzukizuna biderkatu egiten delako. Tentsio handiko momentuak bizi izan ditugu, batzuetan kili-kolo egon delako, baina gai izan gara berriro ere buelta emateko. Eta horrek adierazten du gure heldutasuna. Gero izan da ikustea, argi eta garbi baita ere, gu aitzakia baino ez garela, zeren herri honek, txikia izanik, behar ditu horrelako ikurrak, sentitzeko zer garen eta zer garrantzia dugun. Eta hori bizitzea oso polita da, zeren gero nik ere erantzun hori ikusten dut zuzenean noanean nire proiektuarekin, herritarrak etortzen direlako zoriontzera.

Eta, ia paraleloan, zuzeneko diskoaren zuzeneko bira.

Oso gustura aritu izan gara. Egia da hasieran bizi izan nuela halako sentsazio oso ezkor bat: zer demontre egiten dut hemen? Bizi izana dudana izan da oso kuriosoa, zeren 30 urte daramatzat bakarlari bezala: Hertzainakekin egin nituen 11 urte eta bakarlari ia 30. Eta kuriosoa da nola bat-batean sortzen den Hertzainaken mugimendu erraldoi hau, eta sartu naizenean berriz nire zuzenekoetan bizi izan dut horrelako esperientzia berri bat. Hitz egin nuen talde kideekin, eta esan nien: ‘Ez naiz batere ondo sentitzen eszenan, ez dut lortzen flamenkoan deitzen dioten duende hori, ez dut lortzen disfrutatzea, ez dut lortzen kanten barnean sartu eta kantak handiago egitea...’; eta izan da prozesu nahiko gogorra, nolabait behar bainuen ‘desintoxikazioa’ baita ere, zeren Hertzainakena izan da hain potoloa hain erraldoia, ez bainintzen konturatu hor nolabait sortu zirela beste konexio batzuk, eta konexio horiek berriz moztera derrigortuta nengoela.

Gaur egun, zuzenekoak dira salbamendu txalupa musikarentzat?

Ni musiko bezala nago orain momentu batean... ez dakit nola esan. Aldaketa generazional bat dago, argi eta garbi. Gu gelditzen gara beste esparru batean. 70eko hamarkadan hor zeuden Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskorri, Itoiz... eta bat-batean Gasteizko zoro batzuk iritsi ziren, eta popatik hartzera! Orain aldaketa da ikaragarria, zeren 70eko hamarkadatik 2000. urtera arte rocka izan da oinarria, rocka eta pop-a, baina orain ez. Gu gabiltza beste esparru batean, baina ni ere hor ez naiz oso ondo kokatzen hainbat gauzengatik. Orduan oraindik oso ondo sentitzen naiz, ahalmena dudalako nire bide txiki horri eusteko. Eta txikitasun horretan asko disfrutatzen dut.