GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Hondarribia, Donostiarra, Bermeo eta Kaiku, herrialdeetako txapeldunak

Lau traineru horiek izan ziren garaileak atzo Zarautzen eta Lekeition, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetan, denboraldiko lehen tituluetan.

Hondarribiko arraunlariak, arraunak gora. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketek lehen bandera «ofizialak» banatu zituzten atzo. Zarauzko uretan egindako proban, Hondarribia (gizonetan) eta Donostiarra (emakumezkoetan) izan ziren txapeldunak. Lekeition jokatutako txapelketan, berriz, Bermeo Urdaibai (gizonezkoetan) eta Kaiku (emakumezkoetan) izan ziren banderak pozik astindu zituztenak.

Kontuak honela, datorren igandean Ondarroan jokatuko den Euskadiko Txapelketan traineru hauek arituko dira: gizonezkoetan Hondarribia, Donostiarra, Lapurdi, San Juan, Bermeo, Zierbena, Lekittarra eta Santurtzi; eta emakumezkoetan Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak, Hondarribia, Kaiku, Deustu, Ondarroa eta Portugalete.

Gipuzkoan “Ama Guadalupekoa” ontziak iaz bezalaxe irabazi zuen, baina emozio handiarekin. Izan ere, emakumeen estropadaren erdian -hauek izan ziren azkenak arraun egiten- jakin zuten berdeek txapeldunak zirela.

Hondarribia azkarrena izan zen azken txandan eta gizonezkoen estropada guztian. Baina epaileen erabakiaren zain geratu ziren denak, azken luzean gertatutakoarengatik. Hirugarren eta azken ziaboga egin ostean, Donostiarra asko hurbildu zitzaion Hondarribiari, eta epaileak biei bandera atera zien, aldentzeko. Palak jo zituzten, eta atzetik Donostiarrak ere jo zion Hondarribiari. Ondoren, berdeek norabidea aldatu eta aurretik abiatu ziren helmugaraino.

Donostiarrak inpugnazioa eskatu zuen, baina garaipena Hondarribiarentzat izan zen.

Hirugarren txandan aritu ziren traineruek Lapurdik lehenengoan egindako denbora zuten erreferentzia. Ipar Euskal Herriko traineruak ez zuen arazorik izan bere nagusitasuna erakusteko.

Emakumeen estropadako azken metroek une zoragarriak utzi zizkigun, dena estu-estu baitzegoen Donostiarraren eta Orioren artean, eta azkenean Gipuzkoako bandera “Torrekua” traineruak eraman zuen Donostiara.

BIZKAIKO TXAPELKETA

Gizonezkoetan ez zen ezustekorik izan, eta Bermeo Urdaibaik iazkoa errepikatu zuen Bizkaiko bere 14. bandera irabazteko. Hori bai, Zierbenak gauzak oso zail jarri zizkion.

Emakumezkoetan, Kaikuk ez zuen aurkaririk eduki atzokoan: 28 segundoko alde atera zion Deusturi, 36 Ondarroari, eta 1:36 Portugaleteri.