GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

EPELen negozio-eredua kolokan jar dezakeen desoreka handitzen ari da

Baikorentzat azken heldulekua izan den Unai Laso txapelduna gabe, enpresek zailtasunak izango dituzte euren lehiaketak orekatzeko, eta jakina da gaur egun txapelketak beharrezkoak direla pilotazaleen artean ikusmina sortzeko.

Azken Buruz Burukoan Aspeko pilotarien nagusitasuna erabatekoa izan da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Oraindik ere itzulerarako eperik zehaztu ez badute ere, Unai Lasori astelehenean aldakan egingo dioten ebakuntzak are gehiago areagotuko ditu enpresen artean azken urtean sortu den desoreka. Egia da Bizkarreta-Gerendiaingoaren lesioa txapelketarik gabeko tarterik luzeenean tokatu dela, baina horrek are eta zailagoa egiten du datozen hilabeteetako programazioa, urteko balantze ekonomikoan sekulako pisua duena.

EPEL sortu zenetik batez ere, pilota profesionalak beharrezkoa du lehiaketa, jendearen interesa bereganatzeko, eta eratutako sisteman, behar-beharrezkoa dute bi enpresen arteko nolabaiteko kirol oreka, antolatutako txapelketa edo torneoek nolabaiteko arrakasta izan dezaten. Gaur egun, ordea, desoreka hori inoiz baino handiagoa da, emaitzei erreparatuta bederen.

Azkeneko hiru txapelketa nagusiak kontuan hartzen baditugu -urteetan atzera jota Baikoren emaitzak ez dira askorik hobetzen, iazko Buruz Burukoaren salbuespenarekin- zenbakiak oso argigarriak dira. Izan ere, lehen mailako txapel guztiak Eibarko pilotarien buruan egotea ia gutxienekoa da, begirada pixka bat sakonduz gero. Hurrengo denboraldiari begira, banakako bi txapelketetako zortzi zerrendaburuak (Ezkurdia, Altuna, Elordi eta Peio Etxeberria lau eta erdian, eta Elordi, Altuna, Dario eta Ezkurdia, buruz burukoan) Aspeko pilotariak dira. Binakakoan play-offarekin zerbait itxuratu zituzten gauzak, baina lehen fase luzeko hiru bikoterik onenak ere Aspekoak izan ziren -Elordi-Zabaleta, Altuna-Tolosa eta Peio Etxeberria-Rezusta-.

Beste datu bat, azken Buruz Burukoan, Aspe eta Baikoren arteko 10 norgehiagoka egon baziren, Bilboko enpresako pilotariak partida bakarrean gailendu ziren, final-laurdenetako ligaxkan Lasok Elezkanori irabazitakoan.

AUKERAK GARESTIAGO

Eta egia da pilota, hein handi batean, bakarkako kirola dela, eta, behin epaileak txapa botata, pilotari bakoitzak atera behar dituela eltzetik bere babak, baina ezin da ahaztu pilotariak aukerak behar dituela bere maila erakusteko, oraintsu Aitor Elordirekin gertatu den bezala. Eta hor ere desoreka izugarria da.

Egoera horretan, Larrazabal bezalako gazteei beharrezkoa duten garapenerako denbora eta pazientzia eskaintzeaz gain, bi irtenbide nagusi baino ez dira geratzen, udako torneoetarako zein neguko txapelketetarako: orain arteko enpresa-oreka baztertu, hau da, torneo bakoitzean enpresa bakoitzak pilotari kopuru bera aurkezteari utzi eta emaitzen araberako parte hartzea bultzatzea, edo oreka hori fitxaketaren batekin konpontzen saiatzea, duela bi urte Erik Jakarekin saiatu ziren bezala.

Negozioa antolatuta duten bezala lehen aukerak ezinezkoa dirudienez, ez litzateke harritzekoa hurrengo aste edo hilabeteetan mugimenduren bat egotea, Asperi ere txapeldunak pilatzen ari zaizkiolako eta hori ez delako kudeatzen erraza izaten, eta hori, duela gutxi Iker Irribarria bezalako pilotari handi batek behar baino askoz lehenago utzi behar izan diolarik pilotan jokatzeari.

BIKOTE MISTOAK

Laster aurkeztuko duten Caixabank Mastersean oso posible da, azken urteetan bezala, bikote mistoen alde egin eta gauzak nolabait disimulatzea, baina Unai Laso osatu bitartean, eta ez dirudi hori aste pare bateko kontua izango denik, zail izango dute enpresetako ordezkariek San Fermin, Gasteiz, Donostia eta halako torneoei nolabaiteko oreka ematea, bereziki aurrean indarrak oso desorekatuta ikusten direlako gaur egun.

Momentuz, jokatzetik gertuen dagoen Bizkaia torneoan, Iñaki Artolak beteko du Bizkarreta-Gerendiaingo txapeldunaren tokia eta egia da halako pilotariei ere ate berriak irekitzen zaizkiela -alegiarrak berak uda bikainak osatu ditu aukerak izan dituenean-, baina izen aldetik -eta gaur egun horixe da hein handi batean jendea pilotalekuetara eramaten duena- desoreka nabarmenegia da, hasteko, enpresen euren intereserako.

Bai Unai Lasok bere lesiotik osatzeko, bai eta Larrazabalek, Unai Alberdik edo Martxel Iztuetak euren garapenean aurrerapausoak emateko eta profesionaletan euren lekua egiteko, denbora, eta mimoa, behar dute, eta orain horixe izan daiteke euren enpresak gutxien duena.