10 JUIN 2023 Hezkuntza Lege «pribatizatzailearen» aurka atera dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren aurka protesta egin zuten, atzo, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, «pribatizatzailea» dela iritzita. 500 pertsona inguruk egin zuten bat Bilboko mobilizazioarekin. Manifestazio jendetsua izan zen Bilbokoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Nerea LAUZIRIKA BILBO Euriak ez zituen kikildu Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta Bilbora gerturatu zirenak. Ia 500 pertsonak adierazi zuten EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuarekin ados ez daudela, «pribatizatzailetzat» joz. Donostian eta Gasteizen ere egin zituzten mobilizazioak. Sare publikoa ez lehenestea, segregazioari konponbiderik ez jartzea eta euskarazko ikaskuntza ez bermatzea dira plataformak araudi berriari ikusten dizkion akatsetako batzuk. Lakuak joan den hilean onartu zuen lege-proiektuak, haien ustez, euskal eskola publikoa ahulduko du eta «beta ematen dio itunpekoari, aurrea hartu dezan, publikoaren kalterako»; hala azaldu zuen plataformaren izenean Arantza Fernandez de Garaialdek. Eskola publikoa defendatzeko toki-erakundeak, sindikatuak eta irakasleen eta ikasleen gurasoen elkarteak biltzen ditu Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. «Lege proiektua bere osotasunean birplanteatu» beharra dagoela adierazi zuten. «Legearen oinarria da esatea berdin dela titularitatea publikoa edo pribatua den eta ikastetxe guztiak, ustez, modu berean tratatzea», eta horrek abantailak ematen omen dizkie itunpeko ikastetxeei. Hala ere, onartu zuten diagnostikoarekin ados daudela: «Segregazioa badago, euskara indartu behar da...». Baina, proposatutako bidea ez dute arazo horiek konpontzeko aproposa ikusten. «Adibidez, segregazioa ez du konponduko mota bateko ikasleak banatzeak», baieztatu zuten. «Guk pentsatzen dugu sistema aldatu behar dela» eta adibide gisa jarri zuten matrikulazio prozesuak kontrolatu beharra dagoela, «sare pribatuan ematen diren hainbat praktika saihesteko, hala nola kuotak kobratzearena». Legea birpentsatzeko garaiz daudela uste dute, hala ere. «Tematu dira esaten lege berri bat beharrezkoa dela eta guk uste duguna da premiazkoa dela hezkuntza sistema hobetzea» eta, horren aurrean, Fernandez de Garaialdek adierazi zuen legeak bide horretan aurrerapausorik emateko balioko ez badu, nahiago dutela lege berririk ez egotea. Halaber, zalantzan jarri zuten Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren inguruan erabateko adostasuna dagoenik: «Ez dugu sinesten irudikatu nahi duten besteko adostasun maila altua dagoenik, legeari dagokionez». Ildo horri eutsiz, «jakin badakigu alderdi batzuen barruan, adibidez, desadostasunak daudela, eta sindikatuen alorrean ere ez dago batasunik», adierazi zuten. Horren erakusgarri da, esaterako, ELAk atzoko manifestazioekin bat egin zuela. GARAIZArantza Fernandez de Garaialde plataformako bozeramailea itxaropentsu agertu zen Bilbon, Hezkuntza Legea ��birpentsatzeko�� beta badagoela adieraziz.