10 JUIN 2023 KOLABORAZIOA Lau eta danborra Itziar AIZPURUA EGAÑA Ezker abertzaleko militantea Militante konprometituari, eraso guztien gainetik ilusioa mantentzen duenari, aurre egiten dakienari, nire zorionik beroena helaraztera natorkio. Hauteskundeetatik hauteskundeetara erakustaldia izaten ari da zuen bidea. Garbi ikusten da borrokaren muina zaretela, nekaezinak ibilbide malkartsu honetan, etsai handi eta txikiek gure etorkizunaren jabe bailiran jokatzen duten honetan. Oraindik ez dute ikasi, ezta ikusi nahi ere inoiz ez garela izan behar zuten hori: «Son cuatro y un tambor». Ezker abertzalekook une bakoitzean garena emanez heldu gara hona, eta hau hurrengo borrokaldiaren bezpera besterik ez da. Beraz, datorkigun erronkari gogoz ekitea da gure lana, jakinik, noski, ezker abertzalearen helburua ez dela besaulkiak harrapatzea, lapurtzea, kudeaketa gardena egitea baizik; besaulkiak etorriko zaizkigu uste baino azkarrago, gure helburua herri eta lurralde bakoitzean geure estrategiaren lema zuzen eramatea badugu. Ez gara gaur goizean jaiotakoak, ezker abertzaleko militanteen bidea harro egoteko modukoa baita. Militantziaren emankortasuna da beti handi egiten gaituena, Euskal Herria buru eta bihotzean, ezkerretik eraikitako independentzia lortzeko ekinean. Horretarako sortu zen 1978an Herri Batasuna, etsairik falta izan ez zuena; gaur antzera dabil EH Bildu; arerioak zirela uste eta etsaiak jokoan sartuak... PNVren jarreraz ari natzaizue. Telesforo Monzon nire bihotz erdian balitz, zein gustura egongo nintzatekeen berarekin solasean, Jokin ondoan izanik... Egia esan, ez nau batere harritu PP-Voxen botoak hartuko dituela entzun dudanean. Izan ere, 45 urteotan, PNVk ez du besterik egin; alderdia gizendu «mitxelinekin» herriaren nahia eta borondatea baztertuz, entzungor eginez, eta askotan mespretxatuz, harropuzkeria agerian dela. Azkenengo emaitzak paper guztiak galtzera eraman du PNV, Espainiako faxisten alderdiarekin konponduko dela esanez. Helburua: EH Bildu eszena politikotik kentzea, duela berrogei urte bezala: «Todos a una contra Herri Batasuna». Baina, PNVri gaizki aterako zaio, ezingo duelako helburua bete. Eta ez naiz orainari begiratzen ari Euskal Herriaren independentziarako bideari baizik. EH Bilduk garbi esan dio abertzaletasunetik elkarrekin lan egitea badugula. Izan ere, bien proiektuak guztiz ezberdinak izan arren, herri bakarra dugu, eta, abertzale garenez, Espainiaren erasoen aurrean batu gaitezen logika handia du: herriarena. Botoek garbi hitz egin dute aldaketa sakonen beharraz, baina botoak galtzeari bezainbeste, edo gehiago, PNVk izua dio EH Bilduri, zeren orain arte jaun eta jabe izandako instituzioak EH Bilduk hartuz gero, mantaren muturretik tiraka, PNVren trapu zikin, iruzur, neurri gabeko aberastea, ate birakariak eta hainbat operazio ikusezin bistan geratuko dira herritar guztien aurrean. Urte askotan nire buruari egin izan diodan galdera hauxe: PNVk ba al du aberririk? edo Espainia du aberri, edo, diruaren morroi izanik, kapitala. Eta, honek ez du aberririk. Aurrean dugun bide luzean, militante guztion betebeharra aurrekoengandik jaso genuen helburu zintzoari jarraitzea da, gogoz eta ilusioz; euskal preso politikoak gogo-bihotzean, etxera laster ekartzea ere bai. Herriak irabaziko du! PNVk ba al du aberririk? edo Espainia du aberri, edo, diruaren morroi izanik, kapitala