11 JUIN 2023 GAURKOA Ondo irakurtzen jakitea Larraitz UGARTE Abokatua Bi aste baino ez dira pasa hego Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak zein Nafarroako Parlamenturakoak ospatu zirenetik. Espainiar Gobernuak biharamunean uztailaren 23rako deitutako hauteskunde orokorretarako zitak lausotu egin du hauteskunde horietan gertatu diren sakoneko irakurketak patxadaz egin ahal izateko aukera. Batzuei komeni ere bai pantailaz aldatzea. Izan ere, batzuen emaitza kaskarrek egoitza politiko horietan utzitako aparra ez da nolanahikoa izango eta hobe ezer gertatu ez balitz bezala aurrera egitea, hurrengo zitan gauzak beren kabuz hobetuko diren fede kristauan. Baina bizitzan eta politikan dena ez da komunikazioa. Itxurakeriak miseria andana ezkuta ditzakeen arren, zailtzen ari zaie batzuei garaipenaren aurpegi limurkorra erakustea. Izan ere, hemen zerbait gertatu, gertatu da. Eta oraingoan ez da uneko efektu soil bat izan, egoera berri eta itxaropentsu baten ondorio edo erreakzio azkar bat, sakonera handiagoko mugimendu bat, baizik. Termino partidistetan, batzuen onerako eta beste batzuen kalterako, sakoneko aldaketak gertatzen ari dira gizarte honetan eta batzuek zein besteek ondo irakurri beharko lituzkete aldaketa horiek; batez ere, kaltetuta ateratzen ari diren horiek. Bestela, duela urte batzuk balio zuenak orain ere berdin balio duela pentsa dezakete eta berriz gurpil berean zangotrabatu. Kanpainan zehar, marka indartsu bat izatearen usteak hautagaiak ia desagertuta utzarazi ditu, alderdian gizonkote bikote indartsua izango balitz bezala jendeak hobesten duena. Ez dute oraindik ulertu emakumeak lehen lerroan ez ditugula soilik argazkietan nahi; batik bat, erabakietan nahi ditugula, argazki hutsek, aurrerapauso gisa ulertu baino, haserrea eragiten digutela. Jada ez ditugu emakumez inguratutako diskurtso testosteronikoak botatzen dituzten gizontxoak maite. Nor bere zilborrari begira dagoen bitartean, Ertzaintzan gertatzen ari den larrialdi egoera edota osasun sistema publikoak pairatzen duen dekadentziaren aurrean aterabideak planteatzeko lidergo sendorik ez da ikusten: ez osasun sistema publiko osasuntsu baterako proiekturik, ez geroz eta zalantzagarriagoa den polizia ereduaren gainerako hausnarketarik. Eta arazoak pilatzen ari zaizkie; soluzio konplexuak dituzten arazoak dira, gainera. Talentua eta determinazioa eskatzen dutenak; batik bat, herria eta herritarrak defendatzeko izan behar luketen baina herritarrei eta gobernuari mehatxuka diharduten horien aurrean. Bikote fantastikoaren kanpainak marka indartsua eta eskaintza urria utzi dizkigu, ordea. Urteetan garaiezina izan dena betirako garaiezin izaten jarraituko zuen ustea, ordea, bidean geratu da. Ezer ez da betiko, edo ezerk ez du zertan betiko izan. Lehietan norberak gaizki egiteak eta lehiakideek ondo egiteak ondorioak izan baititzake. Umiltasuna, baina, praktikatu beharreko dohaina da eta, bi aste hauek ikusita, ez dakit ba nik praktikara eramateko asmorik duten. Gobernabilitatea edozeren gainetik jarri behar, eta edozeinen babesa bilatzen ikusi ditugu egunotan. Edozein prezio ordaintzeko prest. “Biziraun ala hil” terminoetan planteatutako bide itsuan. Arerio politikoa ezker independentismoa delakoan, besteok urteetan zokoratzen saiatzen ari garen espainiar eskuin anakroniko eta atzerakoienari hauspoa emanez. Ze denok dakigu hori ez dela musu-truk edo gratis et amore, haien terminologia erabiltzeagatik. Ez da ezer berria, hori badakigu. Ménage à trois horrek historia luzea du herri honetan. Horrek euskal jendartean duen irismena da aldatu dena. Garai batzuetan aulkiak eta diruak banatzeko negozio ilunek zuten inpunitatea da aldatu dena. Sozio batzuekin negozioak egitea eta horiek norbera boterean itsu-itsuan mantentzearren egitea ez baita ulergarria belaunaldi berrientzat eta betikoaz nekatu direnentzat. Botere instituzionala izan nahiaren oinarria hobekuntzak ekartzearen konbentzimendua izan beharko litzateke. Eta batzuetan jakin behar da agian norbera ez dela egokiena hobekuntza horiek lideratzeko eta, are gutxiago, lidergo hori espainiar eskuinaren mende eta morroi bilakatuta. Emaitzak lasaitasunez irakurri eta norberaren ibilbidearen gaineko hausnarketa kritikoa egitea sanoa litzateke. Horren ordez, azpikontratatutako enpresa bati zure bidearen gaineko hausnarketa egiteko ordaindu, jendeak zure harrokeriaz eta lagunkoikeriaz esan dituenen gainean hausnartuko duzula esan, ondorioen txostena itxi eta betikoa egin dute, berriz diot, aldaketaren magma interpretatzen jakin ez eta gertatzen ari dena momentuko beroaldia bailitzan. Bizitzan eta politikan dena ez da komunikazioa, ez, eta gauzak ukatzen eta estaltzen saiatu arren, berandu baino lehen dena ateratzen da azalera. Eta azalera denbora gutxian hainbeste miseria agertzen direnean eta aldaketarik nabaritzen ez denean, batzuen desatxikimendua eta besteen aldaketa nahia ere azaleratzen dira. Desatxikimendua ez da albiste ona, kalitate demokratikoan eta ordezkagarritasunean duen eraginagatik. Parte-hartze politikoak zilegitasunean ere baduelako eragin zuzen bat. Desatxikimendua aldaketa nahiarekin batzen bada, ordea, egoera kritiko bilakatzen da. Eta horrek estrategien eta seguruenera lemazainen aldaketa ekarri beharko luke. Aldaketa-egarria suabe baina determinazioz dator, sendo. Herritarren beharrak asetzeko nork bere lekutik ekarpena egin, garaiko erronkak ondo irakurri, soluzio berritzaileak mahaigaineratu eta umiltasunez jendeari aurrera egiteko berekin egin nahi duzula zuzen eta umil adierazi. Eta hauteskunde biharamunean aurreko egunean esan duzun hori bete. Putzuetan sartu, hankak busti, kontraesanak naturaltasunez hartu eta beti, beti, aurpegia eman. Alderdia baino, aberria eta herria ipar. Pozez zoratzen eta etorkizunari itxaropentsu begiratzeko arrazoiak baditugu. Orain, baina, lana, lana eta lana. Umiltasuna praktikatu behar den dohaina da eta, bi aste hauek ikusita, ez dakit ba nik praktikara eramateko asmorik duten