GARA Euskal Herriko egunkaria

Gustuez harago


Gustukoa behar nukeen bizilagun bat dut, argala, aurpegi polita, begi argiak, ile-horia eta surflaria? Ez dut inoiz surf egiten ikusi, baina surf taula beti autoan darama, kopilotuaren aulkian. Gustuko behar nukeela diot jaso ditudan baloreen arabera eta publizitate iragarkietako nesken argazkiek iradokitzen didatenari so, nire bizilaguna gustatu behar litzaidake, baina ez da horrela, ez fisikoki, ez eta beste edozein zentzutan ere.

Jada izango da irakurleen artean «matxirulo» edo antzeko etiketaren bat ezarri didanik. Zer egingo diogu ba, badakit ez dagoela batere modan, baina heterosexuala naiz. Ez hala nahi dudalako, nahiago nuke gizonezkoek erakarriko banindute, askoz ere hobeto ulertzen baitut, baina zoritxarrez ez da horrela. Gainera, somatotipoak egitea maite dut genero batekoak zein bestekoak izan, fisikoak eta izaerak lotura dutela iritzi baitiot.

Willendorfeko Venusak gehiago erakartzen nau edozein iragarkitako arima gabeko top-model batek baino. Bai, Paleolitikotik gertuago nago, Modernia deitzen duten sasi kultura aurrerakoietatik baino. Eta badut aitortu beharreko beste bekatu bat, mutilzaharra naiz. Haien burua pertsona irekitzat dutenek edo muturreko ezkertiarrek barkatzen ez didaten ezaugarri «iluna».

Gatozen berriz ere nire auzokide lirainaren auzira. Bera bezalako neska asko ikusten ditut urautsian. Gehiegi. Alegia, pozgarria da gero eta neska gehiagok surf egiten dutela ikustea, baina haien artean desberdintasunak hain urriak izateak izango du arrazoirik. Gizonen artean askoz ere gehiago dira surf egiten duten tripa handiak. Hemen ez ditut ikusten, esaterako, Hawaiin taula handiekin surf egiten duten emakume handi, gizen eta eder horiek.

Irribarreak ere ez dira berdinak. Ez konparatu neskato ilehori argal horien irribarrea eta emakume lodikote polinesiarrarena; azken hauek hedatzen duten alaitasuna kutsakorra da. Alderantziz ere berdin izango da eta, ni begi-argi eta ilehorien multzoan nagoenez, nire irribarrea ere ez da erakargarria. Horrela zuzendu naiz goizean nire bizilagun xarmantarengana eta, irribarrez, egiten duen beroarekin surf taula autoan uztea ez dela ideia ona iradoki diot. Neskato xarmantek sarri pentsatzen dute gizon bat gerturatzen bazaio ligatzeko dela; beraz, aurpegian inolako keinurik marraztu gabe erantzun dit. Noski, arratsalderako bere surf taulak txurro baten antza handiagoa zuen taula batena baino, eta, noski, ni poztu egin naiz, gizakion gustuak desberdinak diren arren, gure instintuak paleolitikoko bera izaten jarraitzen baitu.