GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakurlea


Irakurle anitz dituen egunkarian irakurri duzula erran didazu, idazleak telebistara eramaten zituztela lehen, eta han agertu ondoan ezagun bihurtzen zirela, orain aldiz telebistan ezagun egin direnak idazle bihurtzen direla. Arazoa zein den, espresuki, zerk jenatzen zaituen galdetu dizut. Idazleak idazle izan behar duela erantzun didazu, eta telebistakoak baduela aski bere lanbidearekin. Orduan, debatea beste bat da; azpilduren azpian beste azpildura bat balego bezala. Baina ez nauela jenatzen, halaxe erran dizut, irakurlerik dueino eskubidea duela jende orok nahi duena idazteko, eta idazkiak ez duela horregatik gutiago balio; gainera, hura baliogabetu nahi duenak baduela jopuntu berri bat kritika zuzentzeko, eta zer erranik ez snob orojakileak. Nahiz eta nire ustean, literaturaren jabegoa ezin zaion eman beretzat baino idazten ez duenari, ez eta besteak gutxietsiz bizi denari ere; baina hala izan behar badu, hala izan dadila, berdin-berdin ikusiko baitugu egunsentia. Gauza bat gauza bat dela, eta beste gauza bat, bi. «Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako» aipatu zigula Joseba Sarrionandiak, edo Sabatierrek idaztea norberaren baitan irakurtzea zela, gero bestean idazteko «Ecrire, c’est lire en soi pour écrire en l’autre» erranda. Irakurtzen badidazu idazlea naiz, bestela ez, hori aitortu dizut azkenean. Ttipitan denok dakigula marrazten, eta idazten, gero, lotsak, beldurrak edo beste edozein trabak urrundu egiten gaituela, baina hurbiltzeko denboraz zaudela oraino, eta gustura leituko dizudala. Idatzi.