GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Erik Mendizabal
Puntista

«Zalantzak fisikoak ziren, banekien zestan jokatzea ez nuela ahaztu»

AEBetan, Danian, 16 urteko ibilbide profesionala osatu ostean, bertako frontoia itxi zutenetik zestan jokatu eta entseatu gabe zegoen mutrikuarra, duela hiru hilabete Euskal Herrira itzuli zen arte. Gaur Donostiako Grand Slam-eko finala jokatuko du, Lekerika lagun, Goikoetxea-Gorkaren aurka -Karmelo Baldan, 18.00etan-. Elkarrizketa osoa NAIZen.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Urte eta erdi jokatu gabe, itzuli eta Donostiako Grand Slameko finalean; nola joan da itzulera?

Lehen bi partidak espero baino hobeto, ze urte eta erdi neraman jokatu eta entseatu gabe eta beldurrik gehien nion partida lehenengoa zen; beldurra edo gehienbat ea nola sentituko nintzen kantxa barruan, eta ondo joan zen. Sentsazio onak berreskuratu nituen eta bigarrena sentsazio on horien konfirmazioa.

Azken urte eta erdi honetan AEBetan jarraitu duzu, ala?

Bai, Daniako frontoia itxi zutenean nire andreak eta biok erabaki genuen urtebeteko trantsizio denbora bat hartzea, zer egin nahi genuen erabakitzeko, bertan geratu edo etxera itzuli. Alaba zaharrena bertan eskolaratua genuen eta urte hori zein bide hartu nahi genuen erabakitzeko hartzea erabaki genuen. Azkenean, Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen, gehienbat alabengatik; andreagatik eta nigatik han geratuko ginatekeen, ze klima oso ona da; ez dut esango urtean 365 eguzki egun, baina ia. Guri asko gustatzen zaigu hondartzara joatea eta hango bizia itzela zen.

Nik lana banuen zesta utzi eta gero, oso gustura nenbilen gainera arratsaldeetan lanean, gure etxea geneukan, gure errutinak osatuta... baina familia hemen daukagu, umeak handitzen ari ziren eta azkenean bueltatu egin gara.

Zu AEBetara zestagatik joan zinen, eta bueltan posible da zestaz bizitzea?

Bueno, printzipioz orain nire andreak lana dauka eta ni oraintxe hasi naiz berriro zestan jokatzen. Orain momentuan ezin naiz zestaz bizi, baina aurrerago ikusiko da eta bestela prestatzen hasi beharko dut zesta utzitakoan zer lan egin.

Etenaldi luze horrekin, bueltan zalantzaren bat izango zenuen zure lehiatzeko gaitasunaren inguruan, ezta?

Zalantzak, jokoagatik ez, niretzat bizikletan ibiltzea bezalakoa da, ez zait ahaztu, baina batez ere arlo fisikoagatik. Han, Ameriketan, hondartzara joaten nintzenean beti egiten nuen kirola, korrikan aritu edo bestea... baina, egia esanda, erritmoa ez da bera zu jokatzen egon edo zure kasa arituta. Prestakuntza espezifiko bat egin gabe igarri egiten da. Etorri nintzenean Mikelek [Egigurenek, Jai Aliveko kudeatzaileak] deitu zidan eta bi hilabete eskas izan ditut prestatzeko.

Maila Danian erakutsia zenuen; hamaika aldiz kiniela gehien irabazitako pilotaria izandakoa zara han.

Baina sistema erabat desberdina da. Gero bakoitzak bere iritzia izango du, baina kinieletan niretzat mentalki gogor egotea da gehiago, jokoa izatea baino. Noski, jokoa behar da, baina portzentaje bat ematearren %70a mentala da eta %30a jokoa dela esango nuke.

Nolako finala espero duzu Donostian?

Bueno, final batean badakizu, Danian moduan da, partida bat da eta edonork ahal du irabazi. Nik uste nire handicapa dela ez naizela martxan egon, baina bestela ez daukat ezer galtzeko. Nik uste finalean egotea sari handia dela eta jende asko harritu da ni hor ikusita. Gozatzera joango gara eta, irabazten badugu, hobeto.

Goiko baten aurka finala jokatzeak berezia behar du.

Bueno, Goiko hemen beti izan da onena, baina nik beti esan dut ez ditugula momentuko onenak ikusi Euskal Herrian jokatzen. Ez dut uste inoiz ikusiko ditudanik; hori nire iritzia da. Goikoren mailako pilotariak Ameriketan asko geratu dira, eta ahal dizut esan, adibidez, Solozabal bat; hemen Euskal Herrian inork ez du ezagutzen; Daniako gure koadroan ibilitako pilotari bat zen, maila izugarriko, eta inork ez du jokatzen ikusi.

Esan nahi dudana da Goiko pilotari izugarria izan dela baina, Goiko bezala, ezagutu ditudala beste pilotari handi batzuk ere.