GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Kenketa itxurako batuketa


Adi! Eragozpenak saihesteko, informatu zaitez” irakurri dut egunkariko orri beteko iragarkian. Udalbatzarren eraketak!, pentsatu dut arin batean, gerora begirako eragozpenak saihesteko!, pentsatu segituan; Informatu!, hauteskundeen emaitzak, nork bereak, egoki ulertze aldera informatu edo… Bai zera, kimera! “Ongi eTOURri!” kontuaz zihoan, eta ez Udal berrien Grand Depart! Murgoitio, lerdo halakoa!

Total, teklatu aurrean nagoela tantaka ari zaizkit heltzen han-hemengo udal berrien eraketa-berriak, eta momentuz hiru tekla erauzi ditut bere lekutik momentuko haserreak eraginda. Ze, kontua ez da batzuek eta besteek bat eginda, unibertsalean betiere, bozkatuena bazter uztea, hori eraketa-egunaren berezko normaltasunaren barruan sartzen baita; kontua da zeren izenean egiten den kenketa itxurako batuketa eta zer bide eskaintzen duen gerora begirako herri-estrategian. Eta ez da unibertsitatetik pasatu behar jakiteko kasu askotan hautatuaren talentua neurtzeko gailua besaulkiaren sabela gozatzeko bizkarraren amaieran dela bizkargaineko buruan baino. Nork bere trantsizioa!

Tira, tantaka datozenen harira! Hainbat udaletan helburua gobernalarrikeria da, gobernagarritasunaz jantzi arren. Atzoko kudeaketa modua tradizio bihurtu eta horren alardean kosta ahala kosta jarraitu nahi izateak udal-hegaletako segurtasun faktorea Zaldibarko zabortegikoaren azpitik jarri du. Arrokak ez dira jausiko, baina harrokeria bidaide izango bide dute udal maldan.

Gaur argazki asko izango dira, nork bere gustukoak. Baina senak agintzen du denborazko ikuspegiaren barruan ulertzea argazkiok; hots, funtsa sekuentzian datza, ez argazkian. Hortaz, hobe malgutasun sendoa zurruntasun hauskorra baino. Udako ikastaro baterako ikasgaia.