GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Victor Estebanek badu bere agurra atzeratzeko beste motibo bat

Printzipioz abuztuaren 10ean du errioxarrak azken partida jokatzeko asmoa, Ezkarain, herriko festetan, baina Sollube taldeko kide bezala, Bizkaia Torneoko finala jokatzea dagokio -abuztuaren 22an-, Kolitzari Abadiñon irabazita.

Jokin Altuna jokoarekin eta fresko itzuli da oporretatik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Lehen ere jasoa da Victor Esteban bere herritar eta lankideen agur hunkigarririk -2020ko urrian ekitaldi beroa izan zen Ezkarain-, Baikoko grebaren baitan, pilotariak enpresan jarraituko ez zuela jakin zuenean. Zorionez, agur hura ez zen betiko izan eta aurrelariak pilota profesionalean jarraitzen du eta orain badu, abuztuaren 10erako, San Lorenzo festetako egun handirako, prestatzen ari diren ekitaldia atzeratzeko pisu handiko motiboa. Izan ere, Aspek Bizkaia Torneoko Sollube taldean iragarri zuen Ezkaraikoa eta talde horrek, Victorrek bere partida jokatu aurretik gainera, abuztuaren 22an Bilbon jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen Abadiñon.

Sailkatze hori ez zen, agian, berak nahi zuen bezalakoa izan, une oso gozoan den Zabalaren aurka -ostiral gauez 3 tantotan utzi zuen Egiguren- sufritzea egokitu baitzitzaion -18-6 galdu zuen-, baina ez litzateke polita kantxan irabazitako aukera horri uko egitea. Baina etxean eta herriko egun handian agur esateak ere ederra behar du, eta ikusteke dago zer gertatuko den.

Denbora badu, bai berak, bai enpresak, egoera aztertu eta denon gustuko erabakia hartzeko. Izan ere, txapelketa berezia bezain aldrebesa da Bizkaia Torneo hau, asteburu berean lau kanporaketa jokatu eta gero, finala bi hilabete geroago jokatuko delako. Kolitza taldeko pilotariek, esaterako, 24 ordu baino gutxiagoan bi partida jokatu behar izan zituzten. Eta bezperan Mallabian banakako bi partidak irabazita aurrera egin ostean, atzo handik oso gertu lehen bi partidak galduta, agur esan zioten txapelketari.

Sei pilotarietan, Ezkurdia eta Rezustak nabaritu zuten gehien nekea; normala ere bada, eurena izan baitzen, 525 pilotakadarekin, partidarik luze eta borrokatuena, Elordi eta Zabaletaren aurka, gainera.

TANTO BAKARRAZ

Lau eta erdiko partidan Iker Salaberriak puntu bikaina lortu zuen, 273 pilotakada gurutzatu zituzten partidan Peio Etxeberriari 18-17 gailenduta. Goizuetarrak bizi erabili zuen pilota, hasieratik saiatu zen tantoa azkar bilatzen -8 tanto egin zituen airez- eta denbora guztian aurretik joan zen markagailuan. Atsedenalditik bueltan Salaberriak partida oso bere aldera eramana zuela zirudien, 17-13 aurreratu baitzen. Zenotzekoak, ordea, ez zuen amore eman eta, sakea lagun, partida hamazazpina berdintzea lortu zuen. Hala ere, azken tantoan goizuetarrak gantxo bikain bati esker lortu zuen bere taldearentzat lehen puntua.

Binakakoan, Altuna-Martijak 22-16 irabazi zieten Ezkurdia-Rezustari partida polit eta gogorrean. Buruz Buruko finala galdu osteko lehen partida zuen atzokoa amezketarrak eta oporretatik jokoarekin itzuli dela erakutsi zuen, denera 14 tanto egin baitzituen; horietako 9 airez, eta lau huts baino ez zituen batu. Bezperan bezala, Joseba Ezkurdiak ere partida ona osatu zuen, baina batez ere erditik aurrera, nekea ere nabaritu zuen eta ez zen erabat eroso aritu.

Bi atzelariek partida oso segurua egin zuten, baina azkenerako, Altuna eta Martija nagusitasunez gailendu ziren.

MARIEZKURRENA, HOBETO

Anaia Berriozarko alkate egin zen eguna oso mindurik hasi zuen Jon Mariezkurrenak eta bezperan izandako kolpearen ondorioz, ibiltzen hastea ere kosta omen zitzaion. Hala eta guztiz ere, egunak aurrera egin zuen heinean gero eta hobeto sentitzen joan zen Baikoko pilotaria eta, lehen inpresioen arabera, ez du ezer hautsirik errain-hezurrean. Hori bai, zenbait egunetan bizkarralde hori minduta izango du, baina datorren ostiralean Barañainen jokatzeko asmoa du.