GARA Euskal Herriko egunkaria

Bidenek Xi diktadoretzat jo du AEB-Txinaren arteko harremanak «baretzeko»

Joe Biden, AEBetako presidentea. (A. CABALLERO-REYNOLDS | AFP)

Gutxi iraun du AEBek Txinarekin liskarrak baretzeko zuten konpromisoak. Blinken Estatu idazkaria bidaiatik hegazkinean itzuli orduko, Joe Biden AEBetako presidenteak Xi Jinping Txinako homologoa diktadorea dela ziurtatuz Pekin haserrearazi du.

Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak otsailean gertaturiko globo txinatarraren auzia ekarri zuen gogora atzo, Kalifornian presidentetza-hauteskunde kanpainarako dirua biltzeko ekitaldi batean.

«Xi Jinping (Txinako presidentea) asko haserretu zen puxika hura erorarazi nuenean, espioitza-ekipamenduz betetako bi kaxa han zeudenik ez zekielako», ziurtatu zuen.

«Diktadoreentzat enbarazu handia eta oso lotsagarria da zer gertatu zen ez dakitenean», jarraitu zuen.

«Orain, egoera honetan, berak [Xik] berriro harremana izan nahi du gurekin. Antony Blinken bertan izan berri da, lan ona egin du eta denbora beharko du», ohartarazi zuen.

«PROBOKAZIO POLITIKOA»

Horri buruz galdetu diotenean, Mao Ning Txinako diplomaziako bozeramaileak gogor gaitzetsi du Bidenek Xi diktadoretzat jotzea.

«Adierazpen hauek zentzugabeak dira, oso arduragabeak, ez dute errealitatea islatzen, praktika diplomatikoak urratzen dituzte eta Txinaren duintasun politikoa larriki urratzen dute», adierazi du.

«Probokazio politikoa da», salatu du Maok, globoaren auzian Pekinen bertsioa errepikatuz. «Oso argi dago ezinbesteko gertaera batek eragindako istripua izan zela», azpimarratu du.

Globoa eguraldi ikerketak egiten ari zela dio Txinak eta bere bidetik desbideratu zela, AEBetako azpiegitura militarren gainetik hegan zihoala justifikatzeko.

Maoren esanetan, «Txinaren ahotsa egunetik egunera gero eta gehiago entzuten da» eta Pekin «ez da bildotsa izango Txina iraindu nahi duten indar etsaien aurrean; bere interesak, irudia eta duintasuna babesteko tinko borrokatuko da».

Bitartean, AEBetan eztabaida nagusia da Bidenen hitzak inprobisatuak edo ondo pentsatuak izan ote ziren. Dagoeneko, bost axola.