GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Joyce eta gure hiriak


Dublingo estilo gregorianoko kaleek historiaz, musikaz, kulturaz eta, batez ere, Guinnessez beteriko txokoak ezkutatzen dituzte. James Joyce idazle irlandarrak “Ulysess” ospetsuan betikotu zituen pub-ak milaka turistaren erakargarritasun nagusia dira egun. Literaturako eleberri garrantzitsuenetako bat argitaratu zela ehun urte baino gehiago direnean, Dublinek atzera begiratu eta masifikatutako turismo, zerga baxu eta alokairu garestien labirinto honetan nora doan galdetzen dio bere buruari.

Irlandako hiriburua, gaur egun, teknologia handien paradisu fiskala da, eta infernua maizterrentzat. EBko sozietateen gaineko zerga baxuenetako bat izan du Irlandak, eta mila multinazional baino gehiago hartzen ditu. Aldi berean, alokairuaren batez besteko prezioa garestiagoa den Kontinente Zaharreko hiriburuetako bat da Dublin. Egunkari honek igandean argitaratuko duen erreportajeak horren berri ematen du. Baina etxebizitzaz haratago, pribatizazio sutsua istorio urbano honen bilau bihurtu da. Dublinen, nortasun kulturala homogeneizatzen ari dira, interes komertzialak eta kontrolik gabeko turismoa nahasten den bitartean. Hala, herritarrak beren tragediaren ikusle huts bihurtu dira.

Europako beste hiri askok bezala, Dublinek eraldaketa azeleratu bat bizi duela esan daiteke. Baina joera hori ez da halabeharrezko kondena. Eskuineko gobernuen hamarkaden ondoren, Sinn Fein alternatiba politiko gisa agertu da, higiezinen espekulazioa irauli behar dela ulertuz eta etxebizitza eskuragarrien eskasiari aurre egiteko proposamen zehatzak eskainiz. Errepublikanoek inkestetan gero eta babes handiagoa izateak erakusten du biztanleriak benetako eta bidezko konponbideak nahi dituela.

Euskal Herriari begira, turismo neurrigabeak eta espekulazioak ere erronkak eta desorekak planteatzen ditu. Alternatibak behar dira gure hiriak bisitarientzako erakusleiho huts ez bihurtzeko, baizik eta hiria hiri egiten duten biztaleentzako benetako etxe amankomun bilakatzeko.