GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
IBAN MAYO
Txirrindulari ohia

«Tourrak Euskal Herriko paraje ikusgarriak mapan jarriko ditu»

Igorretarra afizionatuetan gailendu zen eta Euskaltel Euskadirekin fitxatu zuen 2000n. Talde laranjarekin Dauphin bezalako lasterketetan garaipen garrantzitsuak lortu zituen, eta 2007an Saunier Duvalera joan zen, Giroan etapa bat lortuz. Erabaki polemiko batean, urte hartako Tourrean EPO kontsumitzeagatik positibo eman eta ibilbidea hala itxi zuen.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Tourrari begira, NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasatzen den hirugarren protagonista de Iban Mayo. Txirrindularitza utzi eta urteetara hartu zuen berriro bizikletan igotzeko gustua. Orain, mundu honekin lotuta jarraitzen du, arropa markekin lanean eta telebista eta irratietan esatari moduan; oso gertutik biziko du Tourra Igorreko txirrindulari ohiak.

Tourra hasteko oso gutxi falta da. Zer du berezia Tourrak?

Tourra ikaragarria da, ez du zerikusirik Vuelta edo Giroarekin. Batez ere, duen historia, asko delako. Telebista moduan, babesle moduan, jende guztiak egon nahi du han. Nik hiru handiak egin ditut, baina Tourrera joan nintzen momentuan ikusi nuen lehenengo aldiarekin ez zuela zerikusirik. Batez ere, nabaritu nuen txirrindulari guztiak forman heltzen zirela. Edozer gauza eginda ere, oihartzun handia izaten du mundu mailan, eta hori ez da gertatzen beste lasterketetan.

Badakigu Tourra bezalako lasterketa batek zer presio ematen dion txirrindulari bati. Pertsonalki, zuk asko sufritu al zenuen psikologikoki?

Bai. Buruak momentu asko dauzka. Nahiz eta txirrindularitza taldeko gauza bat izan, oso bakartia ere bada. Azkenean, zu bakarrik prestatzen zara, zu bakarrik ateratzen zara entrenatzera, zure gorputza da, zure sentsazioak dira, zure janaria da. Ordu asko egiten dituzu zuk bakarrik; zure buruari buelta asko eman diezaiokezu.

Zure ustez, Tourrean bizirik irauteko eta arrakasta izateko gakoa zein izan daiteke?

Sailkapen nagusian lehiatzeko oso konpletoa izan behar duzu. Gaur egungo txirrindulariak, gainera, bai mendian eta bai erlojupekoan indartsuak dira, eta beraien inguruan talde oso on bat dute, eta hori da garrantzitsuena. Gaur egun Pogacar eta Vingegaard dira, bai mendian eta bai erlojupekoan, onenak.

Taldean, giro ona sortzeko, zer behar da?

Batez ere, gauzak ondo ateratzea behar da. Azken finean, talde bat jende askok mugitzen du: zazpi-zortzi txirrindulari, laguntzaileekin 15 edo 20 pertsonek osatutakoa. Beraz, familia bat gara, hiru astetan batera egon behar gara. Denak batera joaten gara eta, nahiz eta batzuetan gorago egon eta beste batzuetan beherago, azkenean arrunta bihurtzen da eta badakizu norberak zer lan egin behar duen, zein den bere tokia taldean, eta horretara joaten da. Azkenean, lan bat da. Gero, argi dago, txantxak eta bromak daudela afari orduan eta giro ona dagoela. Beti daukazu feeling hobea batzuekin beste batzuekin baino, baina denekin ondo eramaten zara.

Ausartuko naiz esaten zu bazarela pixka bat bromista.

Apurtxo bat banintzen, bai, baina lasterketen orduan oso serioa nintzen. Nire burua etapa lortzeko prest nuela ikusten nuenean, oso serio jartzen nintzen eta oso zentratuta horretan. Baina karreraz kanpo, tentsio hori kentzeko, bai, bromista nintzen.

Anekdota dibertigarriren bat izango duzu seguru. Baten bat kontatzeko modukoa al duzu?

Frantzian oso tipikoak dira “capanel” hotelak. Logelak oso txikiak dira eta maleta bat zabaldu nahi bazenuen, itxi egin behar zenuen ohe bat. Gogoratzen dut Tour batea bero pila bat egin zuela eta ez zegoela aire egokiturik. Oheak eta literak terrazara atera genituen eta bertan egin genuen lo. Hurrengo egunean etorri zen laguntzaile bat eta sustoa hartu zuen maletak barruan zeudelako,eta gu ez. Kanpoan lo geundela ikusi gintuen.

Nola hasi zinen bizikletan?

Lagunartean izan zen. Arratiako Ziklismo Eskola zegoen eta lagunartean joan ginen izena ematera. Bizikleta bat uzten ziguten. Autobus batean sartzen ginen eta herriko lasterketetara joaten ginen. Zirkuitu bati 18 buelta ematen genizkion ,eta hasieran doblatu egiten ninduten, ez dakit lasterketak amaitzen nituen... Baina gero bokadilo edo palmera bat ematen ziguten, Fanta, “Ciclismo a fondo” aldizkaria... eta giroa gustatu zitzaidan. Gero eta gehiago hasi nintzen eta ondo eman zitzaidan.

Profesionaletara iritsi aurretik, kotxe istripu larri bat izan zenuen. Nola oroitzen duzu momentu hori?

Banestorekin pasa nintzen afizionatuen mailara eta 20 urterekin lehen taldera pasatzeko esan zidaten. Orduan, soldaduska egin behar izan nuen. Urtea ez galtzeko, Igorren egin nuen. Orduan, kotxea hartu nuen garbitzeko eta harresi baten kontra jo nintzen. Burua eta hankak apurtu nituen eta bi-hiru hilabete egon nintzen ospitalean. Denbora horretan ez zidaten taldetik deitu, ezta zer moduz nengoen jakiteko ere. Etxera bueltatu nintzenean deitu zidaten eta esan zidaten ez nuela Baneston jarraituko. Momentu hartan oso gaizki pasa nuen. Gero berriro hasi nintzen pixkanaka buelta ematen eta buelta eman nion.

2000n egin zenuen debuta profesionaletan Euskaltel-Euskadirekin. Nola oroitzen duzu lehenengo urte hura?

Urte horretan lasterketa asko irabazi nituen Baquerekin afizionatuetan. Espainiako txirrindularirik onena izan nintzen, baina ez nuen talderik. Ez ninduen inork fitxatzen eta denboraldia pasata, Euskaltelera pasatzeko deitu zidaten. Estrella de Besseges lasterketa izan zen lehenengoa, Frantzian, eta gogoratzen dudana da laster egiteko modua ezberdina zela. Afizionatuetan pin-pan ateratzen zara amaiera arte, baina profesionaletan hasten zara lasai-lasai eta gero azkartzen da.

2001ean lorpen bikainak lortu zenituen eta ondoren Lance Armstrongen aurkari zuzena izan zinen Tourrerako, baina erorikoa izan eta gero lasterketa utzi behar izan zenuen. Une gogorra izan zen?

Bai. Tourra irabazteko aukera ez dakit. Armstrongek lau Tour zeramatzan irabazita eta gainera nagusitasun handiz, baina Dauphinetik nentorren erakustaldiak emanda, eta jende askok esan zuen aukera asko nituela. Urte hartan adokineko etapa bat zegoen, etapa horretan eroriko handia izan nuen eta kolpe ikaragarria hartu nuen. Bi-hiru minutura iritsi nintzen. Aldakako min pila bat eta infekzioa hartu nuen, eta azkenean etxerako bidea hartu nuen. Pena izan zen, forman oso ondo iritsi nintzelako Tourrera.

2006an Euskaltel utzi zenuen Saunier Duvalekin fitxatzeko. Nola bizi zenuen aldaketa?

2005ean ez nuen gorputzaldirik hartu, eta analisi asko egin eta gero, mononukleosi bat nuela harrapatu zidaten. Urte osoa egon nintzen oso gaizki, 2006an pixka bat buelta eman nion eta etapa batzuk irabazi nituen, baina Tourra ez zitzaidan ondo atera. Azken urtea izan zen Euskaltelen. Dena oso ainguratuta zegoen eta nahi nuen beste jende batekin egon eta beste motibazio batzuk izan.

Taldez aldatu eta Giroan etapa garaipena lortu zenuen. Nola alderatuko zenuke Tourreko garaipena eta Girokoa?

Diferentea zen. Nik Giroa urte horretan bakarrik bizi nuen eta pila bat gustatu zitzaidan. Poztasun handia eman zidan etapa hori irabazteak. Pena eman zidan lehenago ez bizitzeak, nire ezaugarrietarako oso ondo zihoalako, baina Euskaltelentzat Tourra zen dena.

Tourrean lehiatu ostean, UCIk positiboa iragarri zuen EPOagatik eta bi urteko zigorra jaso zenuen. Zure unerik gogorrenetakoa izan al zen?

Jende askok ez daki guztia. Bai, positibo eman nuen; bigarren kontrolean negatibo eman zuen eta hirugarrengo bat egingo zutela esan zuten, baina hori ezinezkoa da, ez zen batere pixarik geratzen egiteko. Hala ere, egin egin nahi zuten, nire abokatuekin alegazioa jarri genuen... Baina egin, eta positibo eman nuela esan zuten. TASera joan ginen, ez zidan arrazoia eman. Justizia Auzitegi Nagusira joan ginen, eta hiru urte eta gero, sei guztira, arrazoia eman zidaten; baina kalte guztia eginda zegoen.

Denbora bat igaro da utzi zenuenetik. Nola baloratzen duzu orain zure ibilbidea?

Denborarekin gehiago baloratzen da. Hamar urte pasa nituen bizikletan ibili gabe eta ezer egin gabe, eta gero lagun batek Alpeetara joateko esan proposatu zidan. Han badut kurba bat nire izenarekin, Alpe D’Huezen. Baietz esan nion eta berriro hasi nintzen bizikletan prestatzen. Hor hasi nintzen berriro gustua hartzen. Sare sozialetan hasi nintzen argazkiak igotzen Alpe D’Huezetik eta jendea hasi zitzaidan deitzen, arropa markek ea beraiekin gauzak egin nahi nituen, eta hor hasi zen berriro saltsan sartzen.

Nola ikusten dituzu egungo euskal txirrindulariak?

Tourrak motibazio handia ematen dizu eta etxetik ateratzea plus oso handia da. Bilboko etapa, lehenengoa izateko, oso gogorra da. Pello (Bilbao) badakigu azkarra dela talde txikitan, eta ez dela oso kontrolatuta egongo sailkapenari begira, eta aukera bat izan daiteke. Zaila da, etapa laua da eta denak joango dira gogoekin, baina uste dut mugituko direla eta aurpegia emango dutela.

Polemika izan da afizionatuen karrera asko geratu direlako ia egin ezinda Tourra ekartzeagatik. Zein ikuspuntu duzu zuk gai honekiko?

Tourra Euskal Herrira datorrelako, errepide asko asfaltatu dira, gauza asko egin dira, baina, adibidez, eskoletako jendea kexatu egin da beraiek ez dutelako dirurik ikusten, oso zaila delako beraientzat talde bat ateratzea umeekin harrobia izanda. Kontrako aldean, Tourra etorri da hona eta dena izan da beretzat. Hori ere zaindu behar da. Ondo dago Tourra hona ekartzea, erreperkusio mailan herriarentzat ona delako, baina ez baditugu eskolak zaintzen, etorkizuna ez da handik etorriko.

Zein ekarpen ekartzen dio Tourrak Bilbotik abiatzea Euskal Herriko txirrindularitzari?

Asko. Txirrindulari atzerritar asko etorri dira eta jendeak parajeok ezagutuko ditu.