GARA Euskal Herriko egunkaria

Nautilusa


Hasi behar nuen idatzia eta «ez dakit zergatik, baina aste honetan Nemo kapitainarekin izan dut gogoa, Nautilus urpekarikoa» irakurri dut; horra inkontzientzia. Jadanik ohartuko zinen «ez dakit zergatik» hori, modu literario bat dela zertaz mintzo nahi dudan ezkutatzeko zuri. Urperatutako Titanic itsasontziari bisita egin nahian lehertu den Titan urpekariaz jardun nahi baitut, agidanean. Aste honetan, frantsesez ozeano-ontziari “Paquebot” deitzen zaiola ikasi dut, ur azpian datzan itsasontziari gazteleraz “Pecio” deitzen zaiola eta “Implosión” zer den ezagutu dut. Zuk ere bai, seguruenik. Atera dira jakitunak eta jakitunarena egiten dutenak plazaren erdira, teoria bat eta beste bat plazaratzera: zerbitzu sekretuek bazekitela lehen unetik zer gertatu den, aberatsen abentura nola bukatu zen, haien familiakoek bazekitela. Bai. Zenbat buru hainbat aburu. Bai.

Eta ura bere bidean; nehori axola ez zaizkionak egunero itoz, pobreak, horiek zenbaki bat baino ez dira gure indiferentziaren aurrean. Jules Vernek idatzi zuen “Vingt mille lieues sous les mers”: Nemo kapitaina itsas hondoko sekretuak erakutsi nahian. Duela astebete arte liburua ez zitzaidala burura etorriko pentsatu dut lerro hauek idatzi bezain laster, niri ere zer pentsatua besteek ematen didatela, ahantzi samarrak ditudala oroitu beharko nituzkeenak; tira, badudala beharra arretarik eskaintzen ez diedan gauzak berriro lehen lerrora ekartzeko.