GARA Euskal Herriko egunkaria

Sudango Armadari egoera erabat okertu zaio paramilitarren aurkako gerran

Sudango Armada gero eta kinka larriagoan dago: Khartum hiriburuan FSRko paramilitarrek Poliziaren kuartela eta armategia hartu dute, eta Etiopiarekin muga egiten duen hegoaldean talde errebelde batek fronte berri bat ireki du.


Igande gauean, Abdel Fattah al-Burhane jeneralak zuzendutako Armadaren aurkako bi hilabete eta erdiko gerraren ondoren, Mohamed Hamdane Daglo jeneralaren Laguntza Azkarreko Indarretako (FSR) paramilitarrek komunikatu batean iragarri zuten Poliziaren Kuartela kontrolpean hartzeko liskarretan garaipena lortu zutela.

Biharamunean talde errebelde batek eraso egin zion Armadari Etiopiako mugan, Kurmukeko biztanle batzuk jakitera eman zutenez. NBEk Sudanen duen misioak «oso kezkagarritzat» jo du egoera eta «ehunka zibilek Etiopiara ihes egin» dutela salatu du.

Talde horrek berak fronte berri bat ireki zuen aurreko astean Hego Kordofanen, Hego Sudanekin mugan, eta armada fronte ezberdinetan erantzutera behartu zuen.

SFRk Poliziaren Buruzagitza Nagusia hartu izanak gerraren bilakaera «erabat aldatzen du», esan du izena eman ez duen ofizial ohi batek. «Eragin handia izango du, hiriburuko hegoaldeko sarreraren kontrola bermatzen baitu».

«Kuartel hori erabat kontrolatzen dugu (...) eta ibilgailu, arma eta munizio ugari atzeman ditugu», azaldu zuen FSRk, harrapatutako dozenaka kamioneta, blindatu eta tanke zerrendatuz. Paramilitarren presentzia, gainera, «mehatxu larria da gorputz blindatu mekanizatuaren kuartelarentzat», Armadak Khartumgo hegoaldean duen aktibo handienetakoarentzat.

Acled GKEk 2.800 hildakotik gora zenbatu ditu Sudango gerran. Datu hori oso eskasa da; izan ere, alde biek ez dute beren galeren berri eman, eta gorpu askok Khartumgo edo Darfurko (mendebaldea) kaleetan jarraitzen dute.

2,5 milioi pertsonak baino gehiagok alde egin dute etxetik. Milioi erdi baino gehiagok mugak zeharkatu dituzte; batez ere, Egiptora eta Txadera.