GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

«Musikariak ikastetxean» isilaraztea, erabaki okerra


Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak «Musikariak ikastetxean» programa bertan behera utzi du. Jarduera horrek hainbat musikarik ikastetxeetan emanaldiak egitea zuen oinarri eta euskararen transmisioa sustatzea zuen helburu. Lau urtez egon da martxan eta, adibidez, iragan den kurtsoan 30 musikarik hartu dute parte, 44 ikastetxetan eta A eta D ereduko ikasleen aurrean 176 emanaldi egin dituzte. Puntako sortzaileak dira, musikari ezagunak, ikasgeletara beren ezagutza eta bizipenak partekatzera joaten diren profesionalak. Gainera, musika jotzen dute, programaren funtsa kontzertuez harago doan arren. Euskaraz, artistok sorkuntza prozesua nolakoa den erakusten dute. Luxu bat. Hezkuntza komunitateak esan duenez, programa erabat arrakastatsua izan da, helburu pedagogiko guztiak bete dituelarik.

Berau kentzeko erabakia hartzeko orduan, ordea, Carlos Gimenoren Sailak ez ditu profesionalen iritziak kontuan hartu. Proiektua kudeatzen zuen enpresari erabakia jakinarazi diote, eta kito. LABek eta Steilasek erabakia atzera botatzea exijitu dute. Atzo, Euskadi Irratiak galdetuta, Sailetik azalpen ofiziala prestatzen ari zirela esan zuten, baina azalpena ez zen heldu. Adierazi zutenez, «Musikariak ikastetxean» programarako dirua beste nonbait inbertitzea erabaki dute, beren esanetan «curriculumarekin zerikusia duen jardueretan». Hezkuntza Sailean curriculumaz duten ikuspuntua adierazgarria da, nahiz eta ez duten jarrera hori berretsi. Garaiz daude.

Era berean, beren Gobernua jardunean dagoela ere ez dute kontuan hartu; alegia, ez zaie axola orain hartzen dituzten erabakiak agian beste norbaitek kudeatu beharko dituela. Ildo horretan, hurrengo Nafarroako Gobernua negoziatzen ari direla agian kontuan hartu dute, eta badaezpada etxeko lanak eginda utzi nahi izan dituzte. PSNk euskararekin duen harremana zekena eta lotsagabea da. Horrelako programak ez ditu gustuko, lehenik eta behin, arrakastatsuak direlako. Ikasleak euskarara hurbiltzen dituztelako, kulturaren bidez, sormenaren bidez. Maite ez dutenari dirua eta bolumena kentzen ohitu dira. Ezin zaie horrela jokatzen utzi.