GARA Euskal Herriko egunkaria

Pausoak


Beste bat; esanguratsua eta oihartzuna izango duena zalantzarik gabe, baina beste urrats bat, azken batean.

Ez dut ahaztu kazetari gisa Irungo alardearen kronika egiteko agindu zidaten lehen aldi hura. Lankide bat eta biok bertaratu ginen, eta lehen txilibitu soinuak, txalo-zaparradak eta animo oihuak entzun, eta parte-hartzaileek nekez euts zitzaketen irribarreak ikusitakoan, apenas idatz nezakeen ezer nire koadernoan; Irungo San Martzial kalean gora sumatzen zen sentimendu nahasgarri hura ezin nuen hitz soil batzuetan jaso.

Geroxeago bestelakoak ere etorri ziren, ordea: animo oihu haiek irain bihurtu ziren. Ordurako euren ibilbidea amaitua zuten alarde diskriminatzaileko hainbat kidek bortxaz baliatu zuten taldeek eta kale bazterrek eskainitako inpunitatea; parte-hartzaile eta kazetari bakar batzuek kolpeak jaso zituzten. Gogoan daukat arratsalde hartan asko kostatu zitzaidala ikusitako guztia orri zurian jartzea: apaldu egin behar zirelako gorrotoa eta tristura, emozioek gain hartu gabe. Urteak dira eta, zorionez, egoera bestelakoa izan da azken urteetan.

Nago jendea ez zegoela Jose Antonio Santanok egin zituen txalo bakan horien zain, baina Udaleko ordezkari gorenari aspalditik zegokion pauso bat aurrera ematea: hots, 1996an bidea abiatu, eta orduz geroztik hura landu eta pausoz pauso bideratu duten herritarrei berdintasunaren eta bizikidetzaren alde eta, batez ere, diskriminazioaren kontra egindako lana nolabait errekonozitzea; eurei zegokien lana egin baitute. Baina badagokio besterik ere: ordezkari politikoek ezin dituzte emakumeak onartzen ez dituzten eremuak babestu; ahotan hartutako errespetu hitzari tamainako erantzuna eman beharko liokete.

Eta pausoak aipatuta, nabarmentzekoa den beste pauso bat eman dute alarde parekidean: estereotipoak eta genero aginduak salatu eta apurtu dituzte, baita kantineraren figuran eragin ere. Ordea, pausoak, nire iritziz, agian oihartzun gehien merezi duten pausoak, urterik urte tarteka edota lehendabizikoz aurten, lanean dihardutenek emandakoak dira. Jaia jai izateaz gain, beste zerbait ere izan daitekeela ulertu eta ulertarazi nahi izan duten emakume eta gizon horiek guztiek emandakoak dira pausorik esanguratsuenak.