GARA Euskal Herriko egunkaria

Hori burrunba


Kontatuko dizuet egia; txosnako barrara itsatsita geunden, hori bai haur-ordutegian, mundua konpontzen eta larrutzen era berean. Zortekoak ginen; tenperatura atsegina, soinu-banda jasangarria, edatekoak txukunak... Eta bat-batean burrunba bat entzuten hasi zen, tinko eta gupidarik gabe gerturatzen. Txosnakoek musika etetearekin batera, kale kantoitik 20 bat gaita-jotzailek osatutako taldea agertu zen. 20 gaita! Batera jotzen! Armamentu horrekin, plazatxoaren jabe bilakatu ziren laster. Gu egoera berrira egokitu ginen. Dantza imintzio batzuk, barre konplize asko... Baina, bake-hasperentxo diskretu bat egin genuen 20 minutu eta gero urrutiratzen hasi zirenean. Eskatu zurrutekoa eta ea..., non utzia genuen elkarrizketa?

Denborarik ere ez tragoa estreinatzeko. Ez da posible, beste burrunba bat, hau ere gugana, hau ere ekidinezina: perkusio-entsalada, alimaleko burrundara, hortxe zetorren... batukada! Ihesbiderik ez. Erlaxatu eta disfrutatu Morau! Eta bai, gozatua hartu nuen, nahiz eta, normalean, kirioak dantzan jartzen dizkidan ezein batukadak. Zein den trukoa? Erraza: musikari baino, jotzaileek erakusten zuten xalotasun gozagarriari, konplizitateari eta inguru zein ingurukoekiko mimetizazio koherenteari erreparatzea; plaza hartako denak ginen protagonista... Eta pozik joan nintzen etxera, pentsatzen musika, ekintza komunitarioa izateaz gain, komunitateak berak bere buruari ematen dion egituraketa tresnarik ederrenetakoa dela.