GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
June Fernandez Casete
Kazetari eta militante feminista

«Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da»

Txalaparta argitaletxearen eskutik aurkeztu dute “Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz” liburua Amaia Alvarez Uriak eta June Fernandez Casetek. Zinegoak elkarteak egindako proposamenari tiraka, euskararen eta lesbianen komunitatearen arteko uztarketaz eta intersekzioaz egin dute gogoeta, bi urteko «bollojabetza» lanean.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ekain honetan kaleratu da “Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz” liburua, Amaia Alvarez Uria eta June Fernandez Caseteren bi urteko lanaren emaitza. Liburu hau Zinegoak jaialdiarekin bi urtez egindako proiektu baten egokitzapena da. Proiektu hori orain arte webgune batean izan da ikusgai. Topaketa batzuk ere egin dituzte. Eta bat-batean, paperezko euskarri bat iritsi da. Oraindik ere badira paper zaleak, nahi dute proiektua ukitu eta usaindu eta liburutegi eta liburu-dendetan ikusi. Beraz, poz-pozik daude.

Hasieran Aitor Aranaren “Gay hiztegiaren” baliokide bat sortzea zen asmoa. Konplexuagoa da emaitza.

Zinegoak elkartea ezaguna da izen bereko zinema jaialdia antolatzeagatik, baina azken urteetan proiektu kulturalak ekoizten hasi da. Testuinguru horretan, euskaltzaletasuna eta LGTBI identitateak uztartzen zituen egitasmo bat diseinatzea proposatu zidaten. Nire hasierako ideia lesbianismotik Aranaren “Gay hiztegia”-ren baliokide bat sortzea izan zen. Amaia Alvarez Uriarekin jarri nintzen harremanetan, besteak beste, euskararen erabilera inklusiboa landu duelako. Militantzia eremuan ere egin du ekarpena. Bere garaian, kide batekin batera, “bollera” esateko “zoropila” berba proposatu zuen mugimendu lesbofeministan. Oroitzapen hori nuen, eta proposamena egin nionean, esan zidan aberasgarriagoa izango litzatekeela proiektu kolektibo eta parte-hartzaile gisa planteatuta.

Eta nolakoa izan da bidea?

Lehen urtean Euskal Herriko hainbat bollera euskalduni galdera sorta bat planteatu genion. Haien erantzunetatik glosario moduko bat atera genuen, eta haien ekarpenak Zinegoak-eko web atarian argitaratu genituen; hitzez gain, hausnarketak ere tartean ziren. Bigarren urtean, konturatu ginen, hitzetatik harago, bollera eta euskaldun gurutzaketari buruz hausnartzea interesgarria zela; elkarrizketa sakonak izan genituen bollera kolektibo eta norbanakoekin. Azken ardatza sorkuntza izan zen: euskal bollera artistei (bertsolari, idazle, ilustratzaile…) gure lanerako piezaren bat sortzeko edo uzteko proposatu genien.

Landutakoen artean daude euskal bolleren errealitate eta praktika linguistikoak. Horien artean askotan kontraesanak sumatu dituzue. Zeintzuk dira kontraesan horiek?

Belaunaldi eta lurralde artean egoera ezberdina da. 40 urtetik gorakoek aukeratu beharra izan zuten: giro euskaldun heterosexualetan bizi edo giro LGTBI erdaldunean. Hala ere, batzuk espazioak sortzen saiatu ziren, bollera euskaldunen topaketak egiten, esaterako. Duela 20 urte inguru izan zen hori. Azken urteetan mugimendu lesbofeminista euskaldundu egin da. Gasteizkoa adibide garbia da: 7menos20 kolektiboko Txikiri ‘La vasca’ deitzen zioten, arraroa zelako giro LGTBIan euskaraz bizitzea. Eta gaur egun, BALA kolektiboak euskaraz militatzen du, eta euskarazko iruditegia sortzen ari dira. Esaterako, ahobizi sinbolodun pegatina bat egin zuten cunnilingus-aren irudiarekin jolastuz. Kontraesanei dagokienez, bestalde, askok aipatzen dute euskararen normalizazioaren aldeko borrokan eta aniztasunaren kudeaketan sumatzen dituztela gehienbat.

Erreferentziez eta erreferente faltaz gain, euskal bolleren errepresentazioaz ere hausnartu duzue.

Libururako berariaz sortu dugun edukia da hori. Esentzialismoan erori gabe, nahiko agerikoa da begirada heterosexualetik pertsonaia bat sortzen denean gertatzen dena. Deigarria da, adibidez, zer joera dagoen lesbianak telesailetan polizia izan daitezen. Itziar Ituñoren pertsonaiarekin gertatu zen bere garaian Goenkalen. Eta orain dela gutxi “Intimidad” telesailean ere berdin; berriro ere Ituño, lesbiana eta ertzaina. Maitasun erromantikoa ere ageri da… Horrelako mainstream produktuetan ez dira gure disidentziak irudikatzen.

Hala ere, azken urteetan halako kultura bollo-euskaldun baten eztanda izan da. Bollo-bertso saioak nabarmenduko nituzke eta, oro har, bertsolaritzan dagoen ikusgarritasun lesbikoa. Beste adibide bat “eRRe” emanaldia izan daiteke. Edo Edurne Azkarate bezalako aktore batek egun duen proiekzioa ikusgarritasun bolleroa sustatzeko erabiltzea. Baita Olatz Salvador musikariak ere. Halako erradiografia bat osatu dugu, eta horri gehitzen zaizkio laugarren kapituluan hainbat artistak egindako ekarpenak.

Euskalgintza eta feminismoaren arteko uztarketaren inguruko hausnarketetan dezente aurreratu da. Zuek pauso bat harago eman duzue eta hegemonia linguistikoaren eta heteroarauaren arteko harremanean jarri duzue fokua. Zein lotura topatu dituzue?

Elementu amankomun asko topatu ditugu, armairua eta estres-linguistikoarena, adibidez. Euskaltzaletasunean armairuaren analogia erabili izan da. Hala sentitzen da: bollera izatea eta euskaraz bizitzea normaltasunaren aurka egitea da. Eta alde batetik edo bestetik, borrokatzea dagokizu, baita bi zentzutan borrokatzea ere. Horrek estres-linguistiko bat sortzen du, argi eta garbi, eta zama sentipena. Eztabaida mahai gainean dago: ikusgaitasuna exijitu behar al diegu pertsonaia publikoei? Outing-aren debatea da hori. Zilegi al da aipatzea pertsonaia bat bollera dela, demagun bertsolari bat, jakinda berak ez duela bere burua horrela posizionatzen?

Feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko lotura asko landu da, baita estrategien inguruko eztabaidak ere. Gure kasura ekarrita, gauza bera da. Zer egin behar dugu: seduzitu, konfrontatu…? Produktu kultural propioak izatearen beharra beste elementu amankomun bat da. Kezka hori presente dago bietan, baita komunitatea indartzearen beharra ere.

Kulturgintzatik egindako aurrerapausoak aipatu ditugu. Baina militantzian oraindik ere kontrajarri moduan sentitzen diren bi mundu al dira euskalgintza eta mugimendu transmaribibolloa?

Egia da pandemiaren ondorioz nahiko momentu likidoan dagoela militantzia, baina badaude azpimarratzeko kasuak. EHGAM esaterako, 90eko hamarkadan sortu zen eta euskalduna zen. Berpizten ari da orain eta berriz ere euskaratik ari da egiten. Belaunaldi berri bat egon da, orain malkartsu dagoena, baina espazio berriak sortu dituena. Bollo-bertso saioak aipatu ditut aurrez, militantzia eta kulturgintzaren arteko mugak lausotzen direlako. Egia da azken urteotan hiriburuetako elkarte bolleroak ahuldu egin direla, baina herrietan talde berriak sortu dira, eta kasu askotan, euskaraz jarduten dute edo elebidunak dira. Beraz, nabari da Euskal Herriko errealitate linguistikoa aldatu dela eta ulertu dela euskara badela militatzeko hizkuntza apropos bat. Koherentzia moduko bat eskaintzen du: hegemonia baten kontra egiten duzunean, koherentea da gainerako hegemoniak ere zalantzan jartzea.

Lesbiana eta bollera izendapenen artean bada desberdintasunik. Pisuzkoa askotan. Zein hautu egin duzue zuek terminologikoki?

Partaideen esku utzi genuen hori. Belaunaldien arteko desberdintasuna sumatzen da. Nagusientzat lesbiana bada termino politiko bat, bere garaian ikusgai izatea lesbiana moduan oso apurtzailea izan zelako eta lesbianismo politikoan kokatzen direlako. Azken urteotan, LGTBI identitateak neurri batean normalizatu egin direnez, gazteek beharra ikusten dute ‘bollera’ edo ‘gouine’ bezalako termino konfrontatiboak erabiltzeko, iraina geureganatzearen ariketatik datozenak. Hala, desberdintasuna markatu nahi da bolleren eta heteroarauan nahiko eroso txertatu diren lesbiana aberats, zuri, lirain... horien ―identitate ez-politikoen― artean.

Mariokerrak hitza asmatu dugu guk. Amaia Alvarez Uriaren ekarpena izan da, queer-en baliokide moduan erabiltzeko. Azken boladako beste eztabaida bat da ea identitateen politikatik atera eta zisheteroarauaren aurkako fronte bateratua osatu behar dugun, proiektu politiko amankomuna osatuz. Ondarroan, adibidez, ‘desbiderau’ hitza erabiltzen dute. Beste bide posible bat iruditzen zait. Ez soilik sexu orientazioak izendatzeko, baita arautik ateratzen garen pertsona arraro eta desbideratuak modu zabalagoan izendatzeko ere.

Bollojabetza gisa definitu duzue bi urtetako lana. Zer esan nahi duzue zehazki horrekin?

BALA kolektiboaren ekarpena da hori. Durangon ospatutako azken Jardunaldi Feministetan haien ponentziarako erabili zuten hitza. Iruditzen zaigu ikusgaitasun lesbikoa ardatz duen proiektu profesional edo militante batek behartu egin behar zaituela zure eguneroko bizitzari esanahia ematera. Adibidez, gertatu zaigu gazte sortzaileak liburuan parte hartzera gonbidatzean, zalantza egitea. Badirudi oraindik arraroa dela norbaiti ‘zu bollera zara?’ galdetzea. Errepresentazioen kapituluan ere gertatu zaigu zein artista aipatu eta zein ez zalantza egitea. Barneko zein kanpoko armairuekin egin dugu topo proiektuan zehar. Horregatik, bollojabetza ariketa kolektiboa izan da, baina baita norbanakoena ere.