GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA TRADIZIONALA

Norvegia eta Eskozia izan dira Ander Zabalzaren proiektuaren zutabeak

Duela hiru urteko Xabier Ormazabal bekaren irabazleak bi herrialde horietako hormetan jardun du. Zabaldu zein errepikatu dituen bideetan ez du iltze bat bera ere jarri.


Ander Zabalza buru-hausgarri bat osatzen ibili da azken hiru urteotan. 2020. urtean, Xabier Ormazabal zenaren omenez gazteei zuzenduta dagoen beka irabazi zuen; hain zuzen ere, pandemia lehertu zen garaian. Horrek, jakina, erabat eten zuen aurkeztu zuen proiektua. Eskalatzaile nafarrak asmo handiko helburu bat zuen esku artean; bi zati zituen helburu bat. Zabalza ezagutzen duen edonork badaki eskalada tradizionalak harrapatuta duela. Eta filosofia horretan oinarrituta, bi bidaia aurkeztu zituen: Norvegiara eta Eskoziara. Loffoten eta Foula uharteetan dauden hormak zituen helburu. Eta, azkenean, bi espedizio horiek biribiltzeko aukera izan du.

27 urteko eskalatzaile nafarrak GARAri aurreratu dio beka horretan aurkeztutako proiektuak kanpora ateratzeko aukera eman diola: «Etxean eta gure ingurumarian eskalada tradizionala praktikatzen dut, baina gogoa nuen beste bazter batzuetan dauden hormak probatzeko. Helburu hau bekara aurkeztu aurretik jaio zen. Bernat Vilarrasa kide katalana eta biok Britainia Handian dauden itsaslabarrekin amesten hasi ginen. Aitzakia bat zen kanpora irteteko. Gainera, beste kide batek, Gerber-ek, hormatzar horiei buruz hitz egin zigun. Hemengo murruetan egiten dudana atzerrian indarrean jartzea izan zen xedeetako bat. Ukitu gabeko paretekin amesten nuen».

Xabier Ormazabal egitasmoan aurkeztutako proiektuaren lehen zatia iaz egin zuen. Norvegiako Lofoten uhartera bidaiatu zuen Mikel Inoriza eta Vilarrasarekin: «Bidaia ikaragarri ederra eta erakargarria izan zen. Garraio publikoa erabili genuen hara iristeko: ferrya, itsasontzia, autobusa… Herrira heldu eta txundituta geratu ginen. Oso biztanle gutxi ditu, eta horma guztiak oso-oso gertu genituen. Hirurok ala hirurok argi genuen xede nagusia egun bateko jardunean bide bat zabaltzea izango zela. Eta onartu behar dut den-dena primeran joan zela. Denera, lau marra zabaltzeko aukera izan genuen. Eta azpimarratu behar dut eskalada horietan guztietan ez genuela iltze bat bera ere erabili. Alabaina, horrek akats bat egitera gidatu gintuen. Geure erronka nagusian atzera egin behar izan genuen. Tarte bat gainditzeko iltzeak beharrezkoak ziren, baina ez genituenez, jaitsi egin ginen».

Gazte nafarrak aurreratu digunez, denera, lau bide sortu zituzten Merraflestinden eta Moltbaertinden hormetan: “Alle blinde”, “Brutt”, Garn thong” eta “Esel krist”. Marra horien zailtasunari dagokienez, honako hau esan du: «Mailaren kontua ez da garrantzitsua, baizik eta bizi izan genuen eskarmentua».

Zabalzak berak onartu du, oro har, bidaia horrek asko bete duela. Inor igo gabeko paretak eskalatzea eta inguru hori ezagutzea zituzten helburu, eta ez zailtasun handiko zirrikituren bat edo beste irekitzea: «Oso atsegina izan zen. Adibidez, inguru horretan gu bakarrik geunden. Horrez gain, iluntzen ez zuenez, eskalatzeko ordutegia ezberdina izan zen. Adibidez, arratsaldeko seietan hasi eta goizeko lauretan amaitzen genuen. Bestalde, granitoaren kalitatea bikaina baino bikainagoa zen. Zabaldutako bide batean beldur handia pasa nuen. Ez zen 6a baino gehiago izango, baina oso etzana zen eta geure buruak babesteko lekuak ez ziren batere agerikoak. La Pedrizako itsaspena bezalakoa zen. Beste bide batzuk, berriz, ezberdinak ziren. Tenteagoak eta artesiak zituztenak. Baina horietan goroldio askorekin egin genuen topo. Garbitzea ia ezinezkoa zen; izan ere, oso itsatsita zegoen. Oro har, egundoko eskarmentua izan zen».

Bestalde, Eskozia izan da protagonistaren bigarren etapa; hain zuzen ere, Foula izeneko uhartean dauden itsaslabarrak. Vilarrasa, Edu Sola eta Mikel Perez de Larraya izan ditu sokakide joan den hilean egin zuen bidaian. Eskalada irteera horri dagokionez, Zabalzari aitortu egin behar zaio eginiko hautaketa. Eta hori diogu, eskalada tradizionalak indar handia duelako herrialde horretan, eta gutxi direlako bertaratzen diren kanpotarrak: «Horrela da. Ez dugu atzerritarrik ikusi, bakarrak ginen! Eta onartu behar dizut bertakoek asko flipatu dutela gure agerraldiarekin. Gogo handia nuen bidaia hori egiteko: inguru horretako makina leku mitikoren inguruko bideoak ikusi ditut. Oro har, ez daude murru oso-oso luzeak: hots, big-wallak. Berdin zitzaigun; geure helburu nagusia bertakoek zer egiten duten ikustea zen. Gustatu zaigu hango eskalada giroa. Bereziki, esaterako, trad-ekoak eta txapak zituzten sektoreak elkarrekin zeudelako. Friend-ekin eta fisureroekin bide batzuk egin, horiek utzi eta bide txapak zituzten bideetara igarotzeko aukera dago. Sekulako bitartekoak dituzte!».

GALES, LEHEN GELTOKIA

Nahiz eta Eskoziako Foula uhartea eskalatzaileon xede nagusia izan, lehen geldiunea Galesen izan zuten. Hilabete bat zuten aurretik, eta autoarekin han eta hemen ibili ziren. Hots, plana nahiko irekia zen. Eguraldiaren arabera, murru batera edo bestera joan dira, baina batez ere, Pembrokeren sarean erori ziren. Eskalada gune horrek sona handia du, eta astebetez izan ziren han eskalatzen: «Ia derrigortuta geunden Pembroke bisitatzea. Astebete egin genuen han. Eguraldi ona izan genuen, eta gustura geratu ginen eskalatutako bideekin. Baina Foula zain genuen. Horretarako, eguraldi egonkorra behar genuen».

Galesko egonaldia bukatu bezain laster, aipatutako uhartera begira jarri ziren. Urrutiko lekuetan dagoenez, hara iristeko bidaia oso-oso luzea da. Oso urrun zuten leku batean ferry bat hartu eta hamabi orduko bidaia egin zuten. Ferryak uharte txiki batera eraman zituen, eta handik beste ferry batean Foulara heldu ziren: «Ufa, tokitan dago irla hori! Haatik, ederra baino ederragoa da. Paretak bistatzera abiatu eta lehen ezustekoa hartu genuen: arrokaren kalitatea oso txarra zen. Hareharri bertikala! Esan ziguten ez zela ona, baina hain eskasa izatea… Beldur handia ematen zuen».

Itsaslabarrek dituzten murruetara hurbiltzeko, asko ibili behar zuten. Berez, uharte txikia da. Punta batetik bestera asko jota bi kilometro luze da, baina kilometro batzuk oinez egin behar izan zituzten: «Lehen egunean, leku erakargarrienak bisitatzera abiatu ginen. Eta kolpe ederra hartu genuen; izan ere, itsaslabarra jaistea ez zen batere erosoa. Harkaitza erraz hausten zen. Hurrengo egunetan gauza bera egin genuen, eta aipatutako egoera horrekin desesperatu egin ginen. Saiatu ginen helbururen bat edo beste fitxatzen, eta guztietan arrokaren kalitateak zaplazteko ederra eman zigun. Itxura ederra zuen horma batean rappel egin genuen. Oinarrian geundela, ikusi genuen lehen luzea bustita zegoela. Horrez gain, babesteko lekuak txarrak ziren».

Bide bat zabaltzeko aukera baztertu zuten. Eta horren ordez, “The Nouse” marra errepikatzera joan ziren. Zabalzak onartu du ederra dela: «Murru guztietan bezala harkaitz txarrarekin egin genuen topo. Abentura handia zen. Uste dut zirrikitu hori ez dela ia errepikatzen. Etzanak dauden tarteek ez dute arazorik ematen; tentetzen den lekuetan, berriz, hegaztien habia asko zeuden. Eta horiek zeharkatu behar genituen. Ez ziguten eraso egin, oka egin ziguten. Oro har, ez du zailtasun tekniko berezirik. Gehienez, 6b mailakoa izan daiteke, baina arroka txarra duenez, asko estutu behar duzu».

Foula uhartean eginiko lana itxi eta Eskoziako highlands-etara joan ziren. Eskalada tradizionaleko hainbat eskola bisitatu ondoren, itzulerako bidea hartu zuten. Xabier Ormazabal bekaren irabazleak bi etapatan egin duen bidaiaren inguruko azken hausnarketa egin du: «Oso gustura nago proiektu hori bukatu dudalako. Hilabete bat eman dugu eskalatzen, eta, aurreko etapan lez, ez dut iltze bat bera erabili. Horri azpimarra berezia egingo nioke. Zailtasuna bigarren mailan egon da. Eskarmentua jasotzea eta eskaladan zentratzea ziren asmo nagusiak».