09 JUIL. 2023 KOLABORAZIOA Unibertsitate eredua eraldatzeko Aroa ARANA eta Estitxu EZPELETA Unibertsitateetako Ernaiko kideak Amaitu da ikasturtea Euskal Herriko unibertsitate publiko zein pribatuetan. Ikasleok gehiegizko matrikulak, alokairuak eta ikasmaterialak ordaindu behar izan ditugu beste urte batez. Gradu eta masterrak gaztelaniaz jaso ditugu, eduki androzentriko nabarmenarekin. Gasteizko EUNEIZ unibertsitate pribatu berriaren lehen ikasturteak ere aipamena merezi du, unibertsitate-sistema nabarmen elitizatu baitu. Honen guztiaren aurrean, ez gara zerura begira geratu. Gehiago Merezi Dugu dinamika abiatu genuen ikasturte hasieran. Ernaiko kideok, unibertsitate tasak zein matrikulaz gaindiko kostuak murrizteko beharra azalarazi, ikasketa prozesu duinak aldarrikatu eta hezkuntza erreformei ateak ixteko prest gaudela erakutsi genuen. Finean, egun ikasleoi eskaintzen zaiguna baino askoz gehiago merezi dugula jarri nahi izan genuen mahai gainean. Norabide horretan, azaroan, Hego Euskal Herriko campus guztietan ikasle jardunaldiak burutu genituen, eta abenduan, LOSU unibertsitateetako lege berriaren izaera salatu genuen. Bigarren lauhilekoari begira, ezin aipatu gabe utzi, Ikasle Mugimenduak egindako lana eta horri esker emandako aurrerapausoak. Zinez pozgarriak dira guretzat hezkuntza euskaldunaren alde unibertsitateetako Euskara Taldeek aktibatutako borroka eta sinergiak; baita horren adierazle diren M23an burututako manifestazio jendetsuak ere. Unibertsitate feminista baten alde borrokan dabiltzan Neska* Ikasle taldeak ere aipatu nahiko genituzke, baita A25 eta M8aren bueltan egindako lanketak eta jardunaldiak ere. Badakigu erronka ez dela erraza, unibertsitatea pribatizatu eta merkantilizatu nahi duten aurkari indartsuen aurrean gabiltza. Hala ere, argi erakutsi dugu, unibertsitate eredua eraldatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko indarra dugula. Beraz, Ernaiko kideok hausnartzen eta indarrak batzen jarraituko dugu udaran, hurrengo ikasturtean gogor ekin diezaiogun: burujabea, nazionala, publikoa eta komunitarioa izango den unibertsitatea lortzeko. Badakigu erronka ez delaerraza, unibertsitateapribatizatu etamerkantilizatu nahiduten aurkari indartsuenaurrean gabiltzaborrokan