GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Zabaleta-Gaminde; gazteak indartsu San Fermin Torneoan

Goiuri Zabaleta 14 urteko aurrelaria eta Enara Gaminde 16ko atzelaria nagusitu dira Arrizabalaga eta Osesen aurka, Labriteko final gogorrean

Zabaleta eta Gaminde, garaipena ospatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gazteak indartsu etortzea izaten da kirol baten osasunerako albisterik onena, eta alde horretatik lasai egon daitezke esku pilota munduan: neska gazteak sekulako maila erakusten ari dira txapelketa joan eta txapelketa etorri. Azkeneko adibidea atzo eguerdian eman zuten Goiuri Zabaleta 14 urteko aurrelariak eta Enara Gaminde 16 urteko atzelariak, San Fermin Torneoko finalean Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses 17-22 menderatuta.

Lehen bizpahiru tantoak jokatzerako, argi geratu zen finala gogorra izan zitekeela. Aurrean Olatzek konfiantza gehiago ematen zuen arren -Zabaletari kosta egin zitzaion partidan sartzea-, atzean Enara Gamindek nahiko argi kontrolatzen zuen piloteoa, bikote bakoitzari garaipenean sinisteko arrazoiak emanez.

Hori bai, hasiera horretan abantailak ia beti gorrien aldekoak izan ziren. Olatz Arrizabalaga jokoan asko sartuz eta errematean erasokor ibili zen. Aipagarriak, gernikarrak 6-3an jo zuen gantxoa eta 8-3koa pilota txokoan goxo utzita nola sinatu zuen. Uxue Oses ere bikain aritu zen defentsan.

Une batez neurketa apurtzeko arriskua ere ikusi zen arren, urdinek ez zuten amore eman, eta gai izan ziren lehenik markagailua parekatu, eta azken txanpan, egoera iraultzeko. Zortzi tanto jarraian egin, eta zuzenean joan ziren 17-14tik 17-22ra, Zabaleta ikusgarri batekin.