GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bildu «eskubideen aldeko tresna eraginkor» gisa aurkezten da U23ra

EH Bilduk eskubide sozial eta nazionalen defentsa ezarri du datozen lau urteetarako helburutzat, eta legealdi honetan bere ordezkariek erakutsitako konpromisoa eta balioak nabarmendu ditu. Donostian egindako ekitaldian, Arnaldo Otegik adierazi zuen koalizio independentista «bloke erreakzionarioa gelditzeko eta herritarren eskubideen defentsarako tresna eraginkorra» dela.

Arnaldo Otegi, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta, irribarretsu, EH Bilduk Donostian egindako ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EH Bilduko ordezkariek kongresu espainolean egindako lana nabarmendu zuen koalizioak atzo Donostian egin zuen ekitaldian, joan den legealdian erakutsitako konpromisoa eta balioak berme gisa aurkeztuz. Ildo honetan, behar sozialen aldeko borroka eta lotuta dagoen nazio proiektua indartzeko beharra nabarmendu zuten subiranistek.

«Zergatik bozkatu behar da EH Bildu? Zarata gutxi eta lan asko egiten duen ezkerrekoa eta abertzalea den esparru anitza delako. Ziurtasuna eta bermea dira gure zigilu nagusiak», esan zuen Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, eta euskal herritarren eskubide nazionalak eta sozialak indar independentistak baino hobeto nork defendatuko dituen galdetu zuen Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburuak.

ALDAKETAK ERAGITEN DITUZTENAK

Kazetari usurbildarrak aipatu zuen, bizitzan bezala, politikan ere badirela «aldaketak eta hobekuntzak azkarrago edo sakonago iristea lortzen duten pertsonak eta eragile politikoak», eta gaineratu zuen legealdi honetan, Gobernuarekin izandako negoziazio bakoitzean, «jende mota horren parte» sentitu dela, «hobekuntzak hobeak izatea lortzen duten horietakoa, eraba- kiak hartzen dituztenak inertzia erreaktiboetatik ateratzea lortzen duten horietakoa».

«Etxebizitza Legeak antz gutxi izango luke Madrilen onartutakoarekin, EH Bilduren bultzadagatik ez balitz; kotizazio gabeko pentsioen eta alarguntza pentsioen igoera inoiz ez litzateke maila horietara iritsiko...», urte hauetan koalizioak erdietsitako akordioak zerrendatzen hasi zen, eta «horrelako adibide asko» jar litzakeela nabarmendu zuen.

Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi zuenez, EH Bilduren eta, oro har, ezker subiranisten bultzadarik gabe, ez ziratekeen Pedro Sanchez buru zuen Gobernuak egindako aurrerapen asko gertatuko. «Orain gehiago izan behar gara, eskuina geldiarazteko eta aurrera egiteko Madrilen eman daitekeen edozein aukera azkarrago irits daitezen. Eta gehiago izan behar gara Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide nazionalak defendatzeko», gaineratu zuen.

LANA ETA PRINTZIPIO ARGIAK

Bestetik, Senaturako Gipuzkoako zerrendaburu Gorka Elejabarrietak esan zuen «beste batzuk eztabaida antzuetan murgilduta dauden bitartean», EH Bilduko kideek «euskal herritarren ongizatearen alde» lan egiten dutela. «Ezker subiranista gainerako indarrengandik bereizten gaituen zerbait etengabe lanean aritzea eta printzipio argiak izatea da», ziurtatu zuen, eta adierazi zuen hori ez dutela eurek bakarrik esaten: «Gero eta jende gehiagok konfiantza jartzen du EH Bildurengan, eta gure emaitza orria esan dudanaren froga da», azaldu zuen.

Haren aburuz, «lana, ekimena, zorroztasuna» dira koalizio subiranistako kideak besteengandik bereizten dituzten balioak. «Eta ororen gainetik, herria eta bere jendea gure interes partikularren gainetik jartzea. EH Bildu beti egongo da herri honen eta bere herritarren interesak defendatzeko akordioetan», zehaztu zuen.

Horren adibide gisa, Elejabarrietak aipatu zuen EH Bildu ez dela «duda-mudatan» egoten eta ez duela «beste alde batera begiratzen», bere iritzian Donostiako Udala Gailurra eraikinean memoriarako gune bat ezartzeko ekimenarekin egiten ari den bezala. «Guk ez diegu inoiz siglei begiratzen, edukiari begiratzen diogu eta herri honentzat ona den ala ez baino ez dugu kontuan hartzen», ziurtatu zuen.

BLOKE ERREAKZIONARIOA GELDITU

Arnaldo Otegik ere EH Bilduren «printzipioak eta baloreak» azpimarratu zituen, eta nabarmendu zuen ez diola «inori ezer zor, herriari bakarrik». «Bloke erreakzionarioa gelditzeko eta herritarren eskubideen defentsarako tresna eraginkorra» dela aipatu zuen indar independentistaren koordinatzaile nagusiak.

«Euskal Herrian PSOEren ezkerrera dagoen aukera bakarra EH Bildu» dela ere esan zuen atzoko ekitaldian, eta, bestetik, kanpaina honetan «abertzale karnetak» banatzen ari direnei erantzunez, gogora ekarri zuen «Voxek EH Bildu legez kanpo utzi nahi» duela eta, aldiz, ez duela horrelako asmorik adierazi EAJri buruz.

U23rako koalizioaren helburu nagusien artean, Arnaldo Otegik «berriz ere mapa kolore ezberdinez margotzea» aipatu zuen, modu horretan, «gure nazioa ikusgai uzteko» eta, baita «Estatua, plurinazionala dela» agerian geratzeko ere.

«Herri gehiengoaren nazio egitasmoa indartzea» ere ezarri du EH Bilduk helburu gisa, eta, bide horretan, «euskal herritarron borondate demokratikoa burujabea eta ezkerrekoa dela» agerian uztea. Zehazki, Donostian zeudela kontuan hartuta, buruzagi independentistak esan zuen gipuzkoarrek argi utzi behar dutela «eskuin mutur espainiarra marjinala dela herri honetan». Eta horrekin batera, koalizioak hauteskunde hauetan «berriz ere» erakutsi nahi du «beldurraren eta erresignazioaren aurrean herri honek esperantzaren ikurra altxatzen duela».