GARA Euskal Herriko egunkaria

Etxeranzko hiru ate edo giltzarrapo bera

Oztopoak oztopo, eta apurka-apurka izan bada ere, bi lorpen handi ekarri dituzte azkeneko bi urte hauek presoen auzia bideratzeko ibilbide-orrian: urruntze eta sakabanaketa politikaren amaiera, batetik, eta espetxe arloko eskumena EAEko erakundeen esku geratzea, bigarrenik. Hemendik aurrerakoa kolokan dago, ordea, Moncloara iristeko lehia estutik hasita.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

Uztailaren 23ko emaitzak arlo askotan izango du eragina, eta Euskal Herriak berezko duen arazo baterako guztiz erabakigarria gerta daiteke. Presoen auzia da, jakina. Urte askotako korapiloa askatzen hasi da azken legealdi espainolean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak sortutako lurzoru berriaren gainean (lege-bidea jorratzeko prestasuna), gizarte bultzada eraginkorra dela medio (urtea joan urtea etorri, urtarrilean euskal preso politikoen eskubideen alde egin ohi dena da manifestazio handiena oraindik ere) eta EH Bilduren posizio erabakigarriari esker, neurri handi batean. Baina asko falta da etxerako bidea bururaino eramateko.

Espetxeetako giltza estatuen eskuetan dagoela, U23an gailentzen den gehiengoak markatuko du bidea: orain artekotik aurrera egiteko tartea egon badago, baina gauden tokian gelditu edota atzerago egitea gerta liteke, eskuin eta eskuin mutur espainiarrak nagusituz gero.

Non gaude une honetan? Salbuespen politikaren balizko amaieraren hasieran, esan genezake. Bi zutabe dituen agertoki berri bat sortu da, asko kostata: urruntze eta sakabanaketaren bukaera (aurtengo martxoan gauzatua, 34 urteko aro lazgarri bat itxiz) eta Lakuako Gobernuak espetxe arloko eskumena hartu izana (2021. urteko urrian burutua, Gernikako Estatutua onartu zenetik 42 urte igarota).

SANCHEZ, BAI EDO EZ?

Bi zehaztapen garrantzitsu egin behar dira hasteko, uztailaren 23koa zirt edo zart ekar dezakeen eguna izango baita gai honi dagokionez, baina ez txuri edo beltz. Izan ere, Pedro Sanchezen Gobernuak ez du auzi hau konpontzeko borondate irmorik azaldu, ezta gutxiagorik ere. Euskal Herriko aro berriak, batetik, eta bere Gobernua egonkortzeko beharrek, bestetik, eragin dute horretan.

Horretarako, bere agintaldiaren hasierari eta bukaerari begiratu behar zaie. Egia da 2018ko ekainean zentsura-mozio baten bidez Mariano Rajoyren tokia hartu ostean eman zuen lehenengo elkarrizketan espetxe politika eraldatzeko asmoa agertu zuela hitzez, baina hori islatzen zuten lehenengo ekintzak ikusteko urtebete itxaron behar izan zuten euskal presoek eta beren sendiek, eta prozesuak ez zuen 2021-22 urteetara arte erritmo adierazgarririk hartu.

Azken boladan ere agerian gelditu da PSOEko buruaren nahi eza (edo nahi eta ezina): sakabanaketa amaitu ondoren etxeratzeak arintzea izango zatekeen paradigma aldaketaren jarraipen logikoa, hirugarren gradu eta baldintzapeko askatasunen aplikazio arruntaren bidez, baina ez da gertatu. Hauteskundeen ondoren eta lehenago hain zuhur jokatu izanak argi uzten du esparru honetan -beste askotan bezala- Sanchez oraindik eskuinaren gatibu dela.

Egungo oztopoak auzitegietatik datoz gehienbat (Auzitegi Nazionaletik, alegia) eta zalantzazkoa da hor Sanchezek duen eragina. Hirugarren graduen kontra behin eta berriro helegiteak aurkezten ari den Fiskaltzak, esaterako, espainiar presidentearen esanetara jokatu du edo berak esandakoari muzin eginez? Horrela laburbildu zuen egoera hori Onintza Ostolaza abokatuak GARAri emandako elkarrizketa batean: «Ez nuke esango gaur egun Fiskaltza Gobernuaren erabakien menpe denik, jada ez du lehenengo egitura hierarkikorik, eta honezaz gain zenbait lobby dago Fiskaltzaren barruan, auzitegietan...».

Gobernuburuak Fiskaltza kontrolatzen ez badu, are gutxiago kontrolatuko du Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala edota atearen zirrikitua guztiz estu bilakatu duen Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aretoa, bistan denez.

URRATS EGINGARRIAK

Lege aldaketak Kongresuan eta Senatuan sortzen diren gehiengoen eskuetan baino ez daude, ordea, eta hemen hiru aukera egingarri agertzen dira, aurreko legealdian jorratu ez zirenak. Erraz samarra litzateke, esaterako, Europako irizpideei iruzur eginez 2014an PPk asmatu zuen trikimailua bertan behera uztea. Beste estatu batzuetan betetako kartzelaldiak (euskal presoen kasuan frantziarrean) kontuan hartzeko erabakia espainiar legealdian txertatu behar zuenean, edukiz hustu zuen Senatuan, atzeko atetik eta ia oharkabean pasatu zen zuzenketarekin.

7/2014 delako legetik tranpa hori ezabatuta, 50 preso inguru kalean egongo lirateke, Etxeraten datuen arabera. Aldaketa hau Gobernuaren asmoak biltzen zituen egutegi batean azaldu zen legealdiko une batean, baina laster desagertu zen.

Beste anomalia nabari bat 5/2003 legeak sortutakoa da, Jose Maria Aznarren garaitik gaurdaino heldu dena. Orduan erabaki zen euskal presoei zegozkien erabaki guztiak Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral baten menpe uztea, non eta Auzitegi Nazionalaren barruan. Hor joko-zelaia aurrez markatuta dago, jakina. Datu adierazgarri bat eman zuen Behatokiak bere azken txostenean, joan den otsailean: Lakuako Gobernuak onartutako gradu progresio gehienen aurka egiten ari da Fiskaltza, auziak horrela Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral horretara bideratuz, baina gainerako presoen kasuetan %75ean ez du gauza bera egiten.

Azken helegite hauek tokiko Zaintza Epaitegietara doaz, ez Madrilera. Euskal preso politikoenak ere bertan aztertzen ziren, Euskal Herrian, 2003ko lege hori ezarri zuten arte. Espetxe eskumena orain EAEren esku izateak oraindik «bitxiagoa» egiten du Zaintza Epaitegia 500 kilometrora egote hori. Eta atal honetan kopururik ematea zaila den arren, argi dago baimenak izateko, hirugarren graduak eskuratzeko, baldintzapeko askatasuna lortzeko edota gaixorik diren errepresaliatuak etxera eramateko zailtasun gutxiago jarriko lituzketela Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko epaitegiek, ANk erantsitako oztopoak alboraturik.

EUROPAN PAREKORIK EZ DUEN LEGEA

7/2003 legearen inguruko eztabaida ere noizbait abiatu beharko da Estatu espainolean. Izan ere, Aznarrek talka armatuaren une gogorrenetako batean asmatutakoak ez du Europan parekorik. 40 urtez bete beharreko kartzelaldiak ezartzeaz gain, hirugarren gradua lortzeko 32 urteko epea finkatzen du eta baldintzapeko askatasunerako, 35ekoa. Bistan da inguruko zenbait herrialdetan diren biziarteko zigorrak baino gogorragoa dela, azken hauetan 15 edo 20 urte pasatuta espetxealdi egoera berraztertzen baita.

70 inguru dira lege horrekin zigortutako euskal presoak, gaur egun kalera ateratzeko inolako ortzi-mugarik gabe, nazioarteko estatusetan aipatzen den «itxaropenerako eskubidea» ebatsita. Eta 20 urte igaro dira 2003tik; beste estatu horietan biziarteko kondena haiek berraztertuta edota berraztertzen egongo liratekeen epean, Madrilen lege hori berraztertzeko garaia izan beharko litzateke.

Ateak irekitzen segitzeko bidea bada, beraz. Betiere, esan beharrik ez da, orain artekoaren antzeko gehiengo bat berresten bada. Eskuinak iraulia lortuz gero, blokeo egoerak indartuko direla erraz iragar daiteke, eta batek daki hasieran aipatutako bi zutabe horiei (Euskal Herriratzea eta eskumena) eraso egiteko tentazioa ez ote den hauspotuko...