GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruñeko ferietan


Uztaileko egun hauek entzierroko idien dunba soinua dute gure etxean, huts egin ezineko zita goizero. Sentsazioa bitxia da, halere; zezenak korrikalaririk harrapatzen ez badu, zozoa izan dela erraten dugu; norbait adarkatuz gero, ordea, haren eta familiarengana ardura. Non ote dago oreka? Aurten ere animalien itzulian festak, batzuen protesta besteen tradizio aldarria, hor ere zaila oreka atzematea. Aspaldiko bertsoak kantatzen ditu Erramun Martikorenak «Iruñeko ferietan» izenburuarekin, doinu horrekin makil-handi dantza bat ere bada San Fermin egunean toki askotan; Jan Batixt Otxalde “Etxexuri”-k idatzi zituen hitzak, Frantziako Errepublikaren zalea zen mugazain eta kontrabandista bidarraitarrak, eta 1922an Baionako “Gure Herria”-n argitaratu ziren. «Iruñeko ferietan, iragan sanferminetan, ehun zaldi min arribatu Andaluziatik tropan; merkatu'eder bat zauntan, zagolarik bi lerrotan. Bat zen pikar'ta zuria, bota bainion begia: Andaluz batek egin daut bi untz urheren galdia, eskain'orduko erdia, harzak, hiria duk zaldia», hamalau kopletan ferratu gabeko zaldi begi oker eta maingua erosten duen gizona ezagutzen dugu, behar baino lehen hitza eman izanagatik damu, Belategiko bentetatik barrena Urdazuriko erreka pasata etxeratzean errieta entzun behar duela jakitun. Bere kontra joan arren emandako hitza bete zuen, egun balioa galdu duen euskal ohitura bat. Zaldiaren saltzailea edo eroslea, norekin identifikatzen zareten, hortxe aste honetako aukera.