GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

WSL erakundea zuzendaririk gabe geratu da, Eric Loganek bere postua utzi ostean

Argipenik eman gabe utzi du WSLko zuzendaritza Eric Loganek. Oraindik ez da bere ordezkorik izendatu eta Jeffreys Bayko lehiaketa hastear da.

Eric Logan, Indonesian zuhaitzak landatzeko WSLren kanpaina batean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Ekainaren 29an jakinarazi zuen Eric Logan zuzendariak World Surf League erakundea uzteko asmoa zuela. Ez dago argi konpainia utzi duen edo kaleratua izan den, baina ondorioa berbera da: sasoi erdian zuzendaririk gabe geratu da WSL erakundea.

WSLeko zuzendari izendatu zuten 2020an eta ordutik hartu dituen zenbait erabakik harrabotsa sortu izan dute. Esaterako, berriki Italo Ferreirak eta Gabriel Medinak WSLko epaileen jarduna kritikatu zuten eta Loganek idatzi bat egin behar izan zuen eztabaida publikoa eteteko. Kelly Slaterri CT itzuliko bigarren sasoian lehiatzen jarraitu ahal izan zezan -legez ez zegokion- wildcard gonbidapena emateak ere hautsak harrotu zituen.

Loganek jakinarazi zuen zuzendari izateari utzi ziola, inongo azalpenik eman gabe eta WSL erakundeak ere ez du azalpenik eman; beraz, isiltasuna da nagusi eta oraindik ez da izendatu zuzendari berririk. Bitartean Emily Hofer eta Bob Kane dira Loganen hutsunea betetzeko ardura hartu dutenak; lehena pertsonal zuzendaria eta egitasmo arduraduna da eta bigarrena ekintza-zuzendaria eta lege-arduraduna da.

Aitzitik, indarrean jarraitzen dute WSLko txapelketek eta zaleak uztailaren 13an Hegoafrikako Jeffreys Bay urautsi mitikoan hasiko den txapelketaren zain dira. Hortaz, epe labur edo ertainera WSLn aldaketa esanguratsurik izango den jakiteko ere balioko du hurrengo geldialdiak.