GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Algoritmoak eta hauteskundeak Espainia santuan


Algoritmoak gero eta gehiago erabili ohi dira hauteskundeetan, bai hautagaien edo gai eztabaidagarrien hautaketan, bai hedabideetan erabili beharreko diskurtsoetan, baita emaitzen iragarpenean ere.

Dena den, horien erabilerak eztabaida sortu du berezko iluntasunagatik eta, jakina, hautagai, eztabaidagai eta, noski, hedabideetako presentzian eragiten duen balizko bazterketagatik.

Bistan da, hauteskunde hauetan, esaterako, algoritmoetarako esparrua Espainia izanik, hautagai batzuek (independentistek, noski) oso presentzia gutxi daukatela espainiar komunikabideetan eta haiek planteatutako gaiak (autodeterminazioari buruzko balizko erreferenduma, adibidez) ez direla azaldu ere egiten, espainiar ikuspegi ezkor bezain iraingarritik begiratzeko ez bada.

Hautagaiak hautatzeko erabiltzen diren algoritmoak datuak biltzean eta aztertzean oinarritzen dira, hala nola inkesten emaitzak eta hautagaiaren historia politikoa kontuan harturik. Horrek hautagai onenak hautatzeko modu objektiboa eman badezake ere, baliabide berberak eskuratzeko aukerarik ez dutenak edo algoritmoak zehaztutako baldintzak betetzen ez dituztenak baztertzea dakar, berez, eta, azkenik, alderdikraziaren arabera bideratzen da gaia.

Bestalde, hauteskundeetako emaitzak aztertzeko nahiz aurreikusteko erabiltzen diren algoritmoak partzialak izan daitezke, erabilitako datuen adierazgarritasunik ezagatik. Adibidez, eremu geografiko edo demografiko jakin batzuetan soilik bildutako informazioa erabiltzen bada, herrialde bakoitzaren errealitatea islatzen ez duten emaitza okerrak lor daitezke eta Euskal Herriaren kasuan argi da hori, zeren eta orain sufritzen ari garen hauteskunde barrutirako (Espainia, alegia) algoritmoak Euskal Herriko ardatzak ez ohi ditu erreferentziatzat hartu.

Garrantzitsua da kontuan hartzea algoritmoak ez direla berez txarrak, baina horien erabilerak gardena eta arduratsua izan behar duela. Gobernuek eta enpresek argi izan behar dute nola erabiltzen ari diren algoritmoak eta zer datu darabiltzaten, inoren alborapenik saihestu ahal izateko. Baina guk, gure baitan, jakin badakigu hemen kontrakoa egiten dela, zoritxarrez, eta, noski, hautagai, eztabaidagai eta, jakina, hedabideetako presentzian independentiston bazterketa bilatzen dela.

Gainera, bildutako datuen pribatutasuna bermatu eta balizko urraketen aurka babestu behar badira ere, ez du ematen horretan ere urrats eraginkorrik egin denik.

Beraz, algoritmoak hauteskundeetan erabilgarriak izan daitezkeen arren, kontu handiz eta gardentasunez erabili behar dira, alborapenak saihesteko eta bidezko ordezkaritzako hautaketa bermatzeko, Espainia santu honetan bekatua dena, alegia.