GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Korrika txikian


Egunak eskaintzen dituen orduak baino gehiago beharko bagenitu bezala gabiltza; nik ere ez dut eseri eta munduari begira jartzeko tarte handirik izaten edo ez diot nire buruari ematen, baina egin dudanean, korrika, munduaren abiadurari berari aurre hartzen ahaleginean, sumatu ditut asko. Batzu-batzuei ibiltzea ere ahaztu zaiela dirudi, eta korrika txikian egiten dituzte egin beharreko joan-etorriak, erritmoa galdu gabe, hura jaisteko beldurrez edo, harik eta zangotrabatu eta erori arte.

Dendan ilara sortu da. Etxean txanponak batu eta dirua justu eraman dut, erosketa gehiago egin behar dituztenei ate ondotik baimena eskatu, ogia hartu eta korrika etxera itzultzeko. Ilaran dagoen gizonak barrura begiratu eta ondokoari esan dio, halakok ez duela inoiz presarik izaten, kontu kontari aritzen dela, etxera itzultzeko inolako presarik gabe; aurpegira begiratu diot tonu arraroan egindako hitz horiek norenak diren jakiteko. Badakit zeini buruz ari den, ezagutzen dut eta makina bat egindakoa da eta asko egiten du oraindik ere, baina oinez. Kontu kontari egiten duen erosketa eguneroko plazer txikien zerrendan sartuta dauka seguru asko, jendea agurtzeko eta herriko kontuak jakiteko tartea du hori. Ilaran ondoan dagoen emakumeak ere gizonak luzatutako hariari eutsi dio eta itxaronaldiagatik hasperen egin du, buruarekin baiezkoa emanda. Uste dut hiruretako inork ez dugula ilaran denboratxo bat ez pasatzeko benetako arrazoirik, bost minuturen gorabeheran ez zaigula horregatik eguna aldrebestu.

Bitartean, geldialdiak eta egonaldi patxadatsuak proposatzen dituzten oporraldien iragarkiak franko, gure buruari ematen ez dizkiogun plazer txikiak, arnasaldi sakonak har ditzagun. Eta horretarako apropos antolatzen ez diren bidaietan ere, lasaitasuna marketinerako estrategia bilakatu da eta sasoi honetako iragarkietan sarri entzuten dugu; atseden hartu behar da, noski, baina zertarako? Oporraldian indarra hartu eta, haiek amaitutakoan, berriz korrika txikian bizitzen jarraitzeko?