GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Sestra bera guztiontzat


Eusko Jaurlaritzak nahi duenean eta nahi duenerako dirua ateratzen du. 18 milioi euro eskaini dizkio bere buruari «asindical» deitzen dion ertzain talde bati, eta 1.100 euroko hileko soldata igoera eskatzen du. Ondoren, Ertzaintzako sindikatu guztiak eraman zituzten, ELA izan ezik, beren helburuetara.

Ertzain horiek lansari duina dute, eta erretiro duina dute 60 urterekin. Zenbat gaztek sinatuko ote luke 1.100 euroko lan-ituna? Zenbat eraikuntzako langile, kamioi gidari, altzairutegiko behargin eta abarrek 60 urterekin erretiratu nahi ote luke horien moduko pentsioarekin?

Prozesuan ertzain horiek ez dituzte betetzen teorian defendatu beharko lituzketen arauak eta legeak. Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzeak egiten dituzte, tranbia eteten dute, baina ez da ezer gertatzen. Ez dute borra ukaldirik jasaten, ez zaie Mozal Legea aplikatzen, ez zaie isun ugari eta dirutsurik ezartzen, ez dute epaitegira joan beharrik, euren ekintzengatik azalpenak emateko, gainerako langileak ez bezala; Tubacexeko langileak, esaterako, bere languneari eutsi ahal izateko eskatzen ari zirenak, hilean 1.100 euroko lansari igoera eskatzen dutenek ez bezala.

Honen guztiaren ardura politikoak ezagutu nahi genituzke, gure ustez oso larria baita.

Giza talde askok urte asko darama bere hitzarmena eguneratu gabe, eta ez da inorentzat zuzena. Ezta funtzionarioentzat ere. Baina hitzarmen on bat eskatzeko modua ez da zemaika edo mehatxuka eginda onargarria, egierak sinesgarritasuna kentzen die. Besteek bezala haiek ere hautaturiko ordezkari sindikala dute, besteak beste, hitzarmena negoziatzeko funtzioa duena.

Eskatzea sori eta haizu da, baina, Eusko Jaurlaritzako jaun-andereok, nolako munstroa sortu duzue? Urteak daramatzazue ertzainek egin abusuak-eta txuritzen eta estaltzen, orotan arrazoia ertzainei ematen, zernahi eginda ere. Entzun eta ikusi izan dugu nola zuritzen dituzten beren jarduera guztiak, eta hala ere herritarren aurkako oldarraldi bortzitzak ikusi izan ditugu.

Jaurlaritzak, haien eskariak geldiarazteko asmoz, 18 milioi euro eskaini dizkie, inondik eskuraturik, langileetarik asko hilean mila euro jasotzera iristen ez direla kontuan hartu gabe; bostehun euro baino gutiagoko batzuk (alargunak, batez ere) ere badirela eta bizirik irauteko DBE jasotzeko izen eman behar dutenak. Gainera, DBE azken erreforma egin ondoren murriztua.

Bost urte daramatzagu gure herrietako plazetan bilaldiak egiten, besteak beste, gutienez 1.080 euroko pentsioa eskatzen. Jaurlaritzak ez digu jaramonik egin. Are gehiago, lehen egunetik erdeinu egin digu, ez gaitu aintzat hartu, inondik inora, bere eskumena ez dela eta dirurik ez dagoela aitzakia hartuta. Ez dago nahikunde politikorik.

1.080 euroko aldarrikapenak Erkidegoko 85.000 lagunen bizi baldintzak hobetuko lituzke EAEn, eta NFKn 28.000 baino gehiagorenak. Horregatik gutxieneko pentsioa (1.080 euro) aldarrikatzen aurrera joango gara, eta ez dugu etsiko.

Eusko Jaurlaritzak egin dien eskaintzari uko egin diote, bada, guk diru hori hemen erabiltzeko eskatzen diogu: benetan beharra eta premia duen jendearen alde.

*Sinatzaileak: Jose Prieto, M. Isabel Mendibil, Ane M. Mendibil, Salustiano San Jose, Felipe Zilonizaurrekoetxea, M. Antonia Gallego, Sabino Garamendi, Begoña Monasterio, Javier J. Luengo, M. Begoña Cosgaya, J. Antonia Zaballa, J. Angel Lekanda, Andoni Aguirre, Roberto Urkijo, Sabino San Jose, Basilio Garcia eta J. Ignacio Barandiaran