GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Benjamin Vedrinesek hegan egin du Peuterey-ko Integralean

Uztailaren 9an, alpinista frantziarrak Mont Blanc-eko ertz ikoniko zein luze hori egiteko 6 ordu eta 51 minutu behar izan zituen. Errekor berria izateaz gain, igoera historikoa da.


David Palmada “Pelut” muturreko eskalada artifizial baten aurrean jartzen denean, motibatzeko, gas hitza ozen oihukatzen du. Ez dakigu Benjamin Vedrinesek ze gas mota erabiltzen duen, baina azken urteotan goraldi handia izaten ari den abiadurako alpinismoan indarrean jartzen duena berezia da oso. Muga asko hautsi ditu, eta beti ekarpenaren bidean dago.

Gogoratu behar dugu, iaz, Broad Peak igotzeko soilik 7 ordu eta 28 minutu behar izan zituela. Hori zortzimilako batean. Etxean bertan, gai izan da Chamonix eta Grandes Jorasses-eko Walker gailurra 15 orduan lotzeko. Uztailaren 9an, berriz, ospe handia duen Peuterey-ko Integralean (Mont Blanc), bakarkako jardun batean, 6 ordu eta 51 minutuko denbora egin zuen. Duela lau hamarraldi Jean Marc-Boivinek, duela hamarkada bat Ueli Steck-ek edo gertuago Luca Lindic-ek egin zuten bezala, Vedrinesek Mont Blanceko mendilerroko hegoaldeko isurialdeko ertz mitiko horretan egundokoa egin du. Alpinista zaildu horien guztien markak erabat txikitu ditu. Laburbilduta: igoera historikoa izan da.

Nanga Parbat-etik itzuli eta bazirudien protagonista honek nolabaiteko atsedena hartuko zuela. David Goettler sokakidearekin saio ederra egin berri du zortzimilako horretan Rupaleko aurpegitik. Estilo arinean eta alpinoan, bi alpinistok 7.500 metrora atzera egin zuten. Goettler ez zegoen batere ondo; Vedrines, ordea, oso indartsu. Baina frantziarrak ez zuen kidea bakarrik utzi nahi izan, eta ekinaldia bertan behera utzi zuten.

Atseden txiki bat hartu ordez, frantziarrak esprinteko arropa jarri eta Val Veny eta Mont Blanceko gailurra denbora ikaragarrian sinatu du: «Jarduera hau ez dut egin Nanga Parbateko arantza kentzeko. Proiektu hori azken urteotan buruan neukan. Denera, lau urte egin ditut xede hori aztertzen, eta egunero buruan iltzatuta eduki dut. Joan den neguan argi neukan erronka hau udaran egingo nuela, eta ez dut hutsik egin. Behin bakarrik egin dut ertz ikusgarri hori. Duela hiru urte izan zen, eta hiru egunean Olivier Reynaud bezeroarekin sinatu nuen».

Iragan igandean pronto zegoen lehen urratsak egiteko. Autoa aparkatu eta goizeko lauretan irten zen. Ordubete beranduago, Aiguille Noireko hegoaldeko ertza zain zuen. Noire rappelatu, Dames Anglaises-era eramango zuen zeharkaldia egin, gailurra zapaldu eta Aiguille Blanche-ko ibilbideari jarraitu zion. Ondoren, Angleko zutabera igo eta Mont Blanc de Courmayeur-eko tontorra zapaldu zuen. Alpeetako puntu garaienera, Mont Blanc-era, goizeko 10:52 minutuan heldu zen. Denera, ia 4.300 metroko desnibela, MD maila duen ertz enblematiko horretan.

Peuterey-ko Integrala bukatu bezain laster, Vedrinesek aipatu du joaneko bidea bakarrik zuela buruan: «Joan-etorria egitea ez zitzaidan bururatu; izan ere, egun ez dut gaitasunik hori egiteko. Nire gihar eszentrikoak ez daude une honetan sasoiko; azken bi hilabeteotan jaitsiera gehienak parapentean egin ditut».

Alpinista honek parapentea aipatu duenez, esan behar dugu Mont Blanceko gailurretik salto egitea aurreikusten zuela. Baina Vedrinesek berak baieztatu duenez, ez baldintzak ez ziren egokiak: «Lau milako kotatik gora haize indartsuak iragarri zituzten. Eta horregatik parapentearen kontu hori baztertu egin nuen. Trois Monts-etik jaitsiera lasaia eta erosoa egin nuen. Oinez, jakina».

Egin duen denborari dagokionez, frantziarrak esan du Steck-en markan oinarritu zela. Alabaina, ez zen tematu aurreko kideek egindako denbora bikainekin. Adibidez, Noireko hegoaldeko ertzeko errekorra egun Filip Babicz-en esku dago. Duela bi urte alpinista italiar-poloniarrak Peutereyko “integralissime” egin zuenean, Noireko ertz horretan ordubete eta 30 minutuko denbora egin zuen.

Vedrinesek dio 2 ordu eta 30 minutuan egitea espero zuela, baina azkenean denbora horri 50 minutu kendu zizkion: «Beste sekzioetan ez nuen akatsik egin; beste era batera esanda, ez nintzen bidean okertu. Dames Anglaises-eko tartea, berriz, rappelatu ordez, deseskalatu nuen. Noiren 30 metroko 14 rappel egin nituen. Luzea da, baina erritmoan joan nintzen. Egoera hori ondo kontrolatzeko, neure buruari esan nion seguru rappelatu behar nuela. Presarik gabe jaitsi nintzen».

SUPER INTEGRALA

Benjamin Vedrinesek Peutereyko ertz horretan errekorra egin eta biharamunean, Enzo Oddo eta Leo Billon frantziarrek kokagune berean jardun zuten. Baina klasikoa (Integrala) eskalatu ordez, Super Integrala (Freney-ko trilogia ere deitzen zaio) eskalatu dute. Eta hauek ere, azpimarratzekoa den denbora egin zuten: 15 ordu eta 56 minutu.

Klasikoarekin alderatuta, Super Integrala, luzeagoa izateaz gain, teknikoki gogorragoa da. Izan ere, hiru bide eskalatu behar dira: Noireko mendebaldean dagoen “Ratti-Vitali” (MD+, 759 m), Guglierminako mendebaldeko hormako “Boccalatte-Gervasutti” (ED-, 650 m) eta sona handia duen Freneyko zutoina (MD+, 500 m).

Jarduera gogor horren asmatzailea Renato Casarotto izan zen. 1982. urtean, alpinista italiar historikoak hamabost egun behar izan zituen trilogia hori biribiltzeko. Hau ere Mont Blanceko gailurrean amaitzen da. Baina bakarka eta neguan egin zuen.

Alpinista frantziarrak bezala, Oddok eta Billonek ere aurreko marka guztiak txikitu dituzte. 2020. urteko uztailaren 29an, François Cazzanelli eta Francesco Ratti italiarrek 46 orduko one-push sinatu zuten. Baina kasu honetan, frantziarrek ez bezala, krono horretan jaitsierako denbora kontuan hartu behar da.

Nahiz eta nortasun bera ez duen, Nadir Maguet-ek mendi horrek duen ohiko ibilbidean, Walker-eko gailurrera eramaten duenean, egin duen errekorra ezin dugu aipatu gabe utzi. Aurreko denbora, 1993an Alfredo Mammolitik egin zuena (4:03:26), ondu du. Maguetek kronoa hiru ordu eta 19 minutuan gelditu zuen.

Italiarra oso ezaguna da trail running-eko lasterketetan, baina erakutsi du ere alpinismoan ondo moldatzen dela. Walker gailurra denbora horretan zapaltzeko, lehenik eta behin Planpincieux-etik irten zen. Irteera puntu horretan zegoen goizeko seietan. Bocalatteko aterperaino ia korrika joan zen. Mila metroko desnibel hori gainditzeko 40 minutu behar izan zituen.

Puntu horretatik aurrera ibilbidea asko aldatzen da. Alpinismoko tresneria hartu eta artesi asko dagoen lehen sekzio nahasian Davide Cheraz kidearekin soka gerrira lotu zuen. 300 metro izan ziren guztira.

Ondoren, Wimper izeneko kanalari jarraitu zion, eta hori gainditu ostean Grandes Jorasses-en zintzilik dagoen glaziarrera iritsi zen. Azken zatiak Walker-eko tontorrera eraman zuen. Puntu garai horretan Marco Camandona italiar gidari eta kidea zain zuen. Elkar besarkatu eta presarik gabe itzulerako bidea hartu zuen.