GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibaik eta Oriok, etxean, gainditu dituzte hoberen olatuak eta mamuak

Bermeotarrek denboraldiko bigarren bandera eskuratu zuten, lider jarraituko duen Hondarribiaren eta Donostiarraren aurretik eginda. Euskotren Ligan, «mirotzak» oso nagusi izan ziren Donostiarra, pisua ahaztuta, lehiatik kanpo geratu zen egunean.

Gorka Aranberri patroia, pozarren Urdaibaren garaipenarekin. (Jon URBE | FOKU)

Bilboko larunbateko erlojupekoak Orioko itsaso zabalari eman zion bide traineruen Eusko Label eta Euskotren Ligetan. Hango olatuen artean, Urdaibai eta etxean aritu zen Orio izan ziren olatuak hoberen gainditu zituztenak; eta, bide batez, arantza bakoitza kendu zutenak.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroi zarauztarrak bikain ezagutzen du Orioko estropada eremua. Larunbatean hirugarren izan ziren bizkaitarrak, baina atzo, itsaso zabalean eta olatuei aurre eginda, nagusitasuna erakutsi zuten. Pentsa, 12 segundoko aldea atera zioten bigarrenari; lider jarraituko duen Hondarribiari, alegia.

“Ama Guadalupekoa”-k sekulako borroka izan zuen Donostiarrarekin azken luzean. Bigarren postua tartekatuz aritu ziren bi traineruak, baina azken biraketa ostean, Ioseba Amunarriz patroiak olatu ona hartu eta, azkenean, “Torrekua II” ontziari gailendu zitzaion helmugan, larunbatean bakarka lorturiko lidergoa mantenduz. Zierbenak ezin izan zion denboraldi hasiera bikainari jarraipena eman, eta estropadan laugarren izan zen. Sailkapen nagusian, lehen postutik hirugarrenera jaitsi da asteburuan. Getariak, bestalde, arantza kendu ahal izan zuen. Itsasoa zaila zegoen arraun egiteko, baina gipuzkoarrek, lehen txandatik, bikain aprobetxatu zuten denbora onena egiteko. Bigarren txandan, Lekittarra izan zen hobetzeko aukera izan zuen bakarra, eta momentu batzuetan lortu zuen, baina azken luzea ez zen espero zuten bezain ona izan. Orio, etxean, urrunegi geratu zen; Kaikuk, berriz, larunbatean maila ona eman eta gero, kale egin zuen.

Ohorezko txanda hasi zenean, getariarrei zapuztu zitzaizkien esperantza guztiak. Donostiarra bi tosta buruan jarri zen hasieran eta Hondarribia Urdaibairi itsatsi zitzaion. Hiru traineru hauek denbora bera markatu zuten lehen ziabogan, Zierbena bi segundo atzetik eginda. Hurrengo luzean, Urdaibaik aurrea hartu zuen amaierara arte, emozioa bigarren posturako utziz. Hondarribiak eraman zuen zilarra, Eusko Label Ligako lidergoa sendotzeko.

ORIO NAGUSI ETXEAN; DONOSTIARRA, KANPO

Denboraldi hasiera ez da Oriok espero zuen bezalakoa izan. Iaz Euskotren Ligako txapeldun izan zen eta denboraldiaurrea ez da guztiz espero zutena izan; baina atzo etxean arantza handia kendu zuten mirotzek, nagusitasun handiz gailendu baitziren eta sailkapen nagusian bigarren jarri baitira.

Ezusteko handia ere gertatu zen. Izan ere, Donostiarra estropadatik kanpo geratu zen hasieratik. Nerea Perez patroiari pisua ahaztu zitzaion eta epaileek kanpoan utzi zuten talde gipuzkoarra. Beraz, orain arte sailkapen nagusian bigarren zirela, punturik ez dute lortu, galera handia jasoz.

Hala, Nadeth Agirre patroiaren Orio traineruak hegan egin zuen etxean, lider jarraituko duen Arraun Lagunak bigarren izanda. Tolosaldeak, lehen txandatik, estropada bikaina egin zuen eta hirugarren amaitu zuen Orion.