GARA Euskal Herriko egunkaria

Ertzaintzaren alde lortutako akordioak goratu ditu Urkulluk

Ahotsa ozenduta, Ertzaintzako agenteen baldintzak hobetzeko EAJko diputatuek Kongresu espainolean lortu dituzten akordioak goratu eta gogoratu zituen Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak, alderdiak Getxon egin zuen kanpaina ekitaldian. «Guk lortu genuen ertzainen erretiroa 59 urtera murriztea», nabarmendu zuen.

EAJko hautagai eta alderdikideak, Getxon egin zuten kanpaina ekitaldian. (EAJ)

«Euskadik» Frantziako Tourrean «munduari» erakutsi zion «irudi ederra» txalotu zuen Iñigo Urkulluk eta, horren ondotik, ekitaldi horixe boikotatzen saiatu zen eta Lakuaren kudeaketaren kontra grebara jo duen Ertzaintzaren alde Madrilen lortutako akordioak goratu zituen atzo Getxon egindako mitinean.

«Eguneroko bizitzan eragina duten» akordioak lortu ditu bere taldeak Kongresu espainolean, EAEko lehendakariaren hitzetan. Eta adibideak zerrendatu zituen: «Funtzionario publikoak berritzeko tasa lortu genuen. Pandemian, ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) neurria proposatu genuen, enpresei laguntzak ematea proposatu genuen, haien kostuak murrizteko. Kontzertu ekonomikoa zabaltzen tematu ginen, eta lortu genuen».

Zerrendarekin jarraitu zuen eta, ahotsa ozenduta, kontra dituen agenteengana zuzenduz bezala, hau esan zuen: «Guk lortu genuen ertzainen erretiroa 59 urtera murriztea. Akordioa lortu genuen 8.000 agente izateko eta urtero enpleguaren eskaintza publikoa egiteko».

1.200 BOTO

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere parte hartu zuen Algortako metro geltokiaren aurrean egin zen ekitaldian, eta onartu zuen EAJk Kongresuko eserleku bat gal dezakeela igandeko bozetan. «Lehia estua» izango dela esan zuen eta zehaztu «1.200 boto gehiago» behar dituela alderdiak, Bizkaiko hiru diputatuak segurtatu nahi baditu.

Hirugarren aulki hori Imanol Landak hartuko luke, eta Ortuzarrek «azken ahalegina» eskatu zien bizkaitarrei hala izan dadin. «Alkate handia izan zen, senatari handia izan da eta diputatu handia izango da», esan zuen.

EBBko presidenteak, bestalde, bere alea jarri zuen pentsioen balio handitzeari buruzko eztabaidan, Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiaren adierazpen batzuen harira -gezurra esan zuen, baieztatu zuenean PPk gobernatu duen guztietan igo duela pentsioen balioa-. Hala gogorarazi zuen Ortuzarrek: «PPk pentsioak handitu bazituen, EAJk egin zion presioarengatik izan zen». «Aitor Estebanek eta biok akordio hura itxi genuen Moncloan 2018ko apirilean. Beraz, Feijoo, ez dagokizun dominarik ez hartu», berretsi zuen.

Bestalde, Aitor Esteban EAJren Kongresurako hautagaiak kritikatu zuenez, «Estatuko alderdiek dena Madrilgo begitik ikusten dute: ez dago proposamenik, ez dago Euskadiri buruzko aipamen zehatzik». «Eta besteak -gaineratu du EH Bilduri buruz-, programa txiki batekin, obsesionatuago daude ustezko sorpasso batekin, irudiarekin».

Atzo 1936ko altxamendu frankistaren urteurrena zela baliatuta, Estebanek gogora ekarri zuen urte hartan EAJ «herritarren eta askatasunaren alde» lerratu zela. «Leku berean jarraitzen dugu», nabarmendu zuen.