GARA Euskal Herriko egunkaria

Txabi


Arrarotik doa uda eta ez dago ezer egiterik. Betiko bidetik etorriko balitz, Txabi gaur goizaldean, oso goizaldean, iritsiko litzateke etxera; nekatuta, arratsalde eta gau ia osoa etxetik 150 kilometrora eman ondoren. Jota legoke beste plazetako biztanle batzuen dantzei, grinei, mozkorkeriei, maitasun gogoei soinu banda jartzen egon ondoren. Jendez inguratuta emana luke 14 ordutako lan jardunaren zati handi bat eta, hala ere, bakarrik iritsiko litzateke etxera. Eta posible litzateke, gainera, begirik ezin biltzea, adinarekin desordutako biorritmoak gogorrago astintzen ditu-eta musikariaren gorputz eta gogoak.

Bai, Txabi musikaria da lanbidez eta senez (barka nagikeria, baina kosta egiten da, horrelakoetan, aditzen lehenaldia erabiltzen hastea). Musikari puska, nahiz eta harekin dantza egin duten milaka lagunetatik oso gutxik gogoratuko duten teklatu atzeko tipo txiki eta pipermina. Agian, kantu jakin bat eskatzera etorri den neraberen batek ekarriko du akordura, ustekabean, haren adeitasuna. Baina ez gaitezen engaina, haren xalotasuna hain da erraldoia, oin puntetan, ikusezin pasatuko dela euskal musikaren historiatik. Nor gogoratzen da, bada, artistaren abrigoa janzten ez duten musikariekin? Nahiz eta Bon Joviren bertsiorik onenak egin, nahiz eta gure, entzuleon, bizitzako unerik pozgarrienetako batzuen ezinbesteko osagarria izan. Ez du axola, igual-igual sumatuko dugu eta haren falta.