GARA Euskal Herriko egunkaria

Desirak


Aurrekoan, Oskar Bordes lagunarekin mugikortasun kontuekin ari ginen: bidegorriak, garraio publikoa… eta, halako batean, oinezkoen mobilitatea aipatzean, desira bideak aipatu zituen. Desira bideak? Eta nire burua mugikortasunaz baino, beste lurralde fantastikoetara abiatu zen. «Derrigortutako ibilbideak oinezkoaren logika jarraitzen ez duenean ibiltariak egiten duen hori da desira bidea». Mendiko bidezidorren antzekoak baina hirietan. Oskarrekin beti ikasten duzu zerbait, baita mugikortasunaz ere. Baina ordurako nire burua definizio eder horrekin hausnarrean ari zen. Zenbat desira bide ez ote diren agertzen ipuinetan. Zenbatetan atera behar izan duen markatutako bidetik ipuineko protagonistak. Ez da izango bide txukuna, baina bai ezinbestekoa leku eta pertsona ezezagun eta interesgarriak topatzeko, gertaera fantastikoak bizitzeko. Izan ere, istorio eder batek desira bide bat behar du, edo gehiago. Errealitatez blai daude ipuinak, eta ipuinek errealitatearen kezkak, nahiak, galderak eta desirak eramaten dituzte fantastikotasunera. Kontalariak jakin beharko du, ezarritako bideetatik irteten eta kontaketan desira bideak zabaltzen, entzuleak ere bere bidezidorrak zabal ditzan. Finean, ipuinak kontatzea hori baita, ezarritako normaltasun horren gainean gogoeta egin eta transmititzea, normaltzat eman ez dezagun ezartzen zaiguna, beste bide batzuk zabal ditzagun gure desirak bete daitezen. Istorio bat zor diot Oskarri.