GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Interakzioaren esanahia


Hitz polisemikoa da «interakzioa» eta, agian, horrexegatik agertzen da gero eta maizago edozein gaitan eta edozein testuingurutan. Apustu egingo nuke halako zerbaitegatik aukeratu zuela itzultzaileak Txinako eta Errusiako itsas armadek uztailaren 20tik 24ra Japoniako Itsasoan elkarrekin egin dituzten maniobren izena jatorrizko txineratik ingelesera itzuli behar izan zuenean: «Northern/Interaction 2023». Horrela, barra etzana tarteko dela. Aseptikotasun-eitea eman nahi bazion ere, bikain. Edozeren izena izan daiteke.

“«Interakzio» horren esanahia, ordea, ez da nolanahikoa. Mapek ederki azaltzen duten bezala, Errusia Ekialdea, Japonia eta bi Koreen artean dagoen itsasoa, berezia alde askotatik, da Japoniakoa. Milioi bat kilometro karratu (Mexikoko Golkoak baino gutxixeago), bost itsasarte ataka dituena: Nevelskoi, La Perouse, Tsugaru, Kanmon eta Tsushimakoak. Azken hau bakarrik zabal samarra, hego-muturrean. Asia Ekialdeko «Mediterraneoa» da. Izenetik bertatik hasten dira korapiloak: Koreek ez dute «Japoniako» izena ontzat ematen.

Sensu stricto itsaso hartara irispiderik ez duen Txinak bertan itsas maniobra militarrak antolatzea, debeku izan gabe, deigarria litzateke… aintzat hartuko ez bagenu haren lurraldea itsasertzetik kilometro bakan batzuetaraino heltzen dela. Eta Txinarentzat XX. mendeko historiako gorabehera larrienak -japoniar inbasioa, Manchukuo, Koreako gerra AEBen kontra- handik etorri zirela.

Joan den asteko «interakzioaren» benetako berritasuna, haatik, kateatu diren hiru tasunetan datza: batetik, Errusiak, ekimena ontzat eman ez ezik harekin bat eginez, Japoniako Itsasoan Txinak ezbairik gabe duen interes geoestrategikoa sagaratu egin duela; bestetik, bi potentzia nuklearren arteko «interakzio» horretan, ekimena Txinari dagokiola, agertoki hartan; eta azkenik, txinatar hegazkinak Fokinoko aire-basetik jardutea aurrekaririk gabeko zerbait dela.

Baten batzuek, bertakoek nahiz urrutiagokoek, jakinaren gainean geratu beharko lukete.