GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

«Nada»


Uda garaian badira bi jende mota: uztailzaleak eta abuztuzaleak. Oporrez ari naiz -bidaiatzeko pribilegioa dutenentzat, alegia-, egutegi gregoriano eta kapitalismoaren arteko akordioak besterik ez digulako uzten. Gure familian abuztuak irabazten zuen eta, korrelazioz, abuztua da betidanik gehien irakurtzen dudan hilabetea. Duela gutxi ezagututako lagun batek hau bota zidan: «Metroan eta trenean irakurtzen dut bakarrik, niretzat hutsarteak baitira». Balio handiagoa al du irakurtzen dugunak, deus egiteko ez dugunean?

Uda ate-joka dugularik, txiolarien eskeak ugaltzen dira sare sozialean: «Liburu gomendiorik udarako?», «Hondartzan irakurtzeko thriller on bat?». Izan ere, udak eta literaturak lotura sendotua dute, baina uko egiten diot udari hutsartea deitzeari. 2017ko abuztuan Carmen Laforeten “Nada” irakurri nuen oso egun gutxitan, Costa Blancako kala batean. 1945eko apirilean, Francoren diktadura nobela zentsuratzen saiatu zen, ohar honekin: «Eleberri motela, geza. Estilo eta literatura-baliorik gabea. Erliebe-peripeziarik gabea». Hau da, Nadal saria irabazi zuen liburutik argi-urtera. Errepresio-aparatuaren kontraesanak, bada. Oraindik irakurri ez dutenentzat, hauxe nire gomendioa.