GARA Euskal Herriko egunkaria
URTEKO HIRUGARREN ARRANTZA KANPAINA HANDIA

Hegaluzea azkar eta ugari sartu denez, bizi-bizi doa kostera

Hegaluzea tomatearekin jatea uda seinalea da, baita brasan edo marmitakoan ere. Fresko dastatzeko edo kontserbak egiteko, arrain urdin preziatu honen salmenta pil-pilean da. Kanpaina bertan kudeatzeko kuota partitzea da euskal arrantzaleen eskaria. Arrainketariak, aldiz, sukaldeko transmisioaren etenak arduratzen ditu.

Lehenbiziko orrialdean, Ixiar Elortza, Berako Amaleungo arrandegian. Lerro hauen gainean, Getariako artxiboko irudi bat, eta hegaluzea xerratan mozten. (Idoia ZABALETA - Gorka RUBIO | FOKU)

Hegaluzea eta hegalaburra hagitz ongi bereizten dira euskaraz. Lehena, “bonito”, txikiagoa da baina hegal luzea du. Haragi anitzez samurragoa du eta testura bereziki leuna. Bigarrena, atuna, pieza handiagoa da, baina hegal laburrekoa. Koipe gehiago du eta ilunagoa da, gorriagoa. Japonian hain estimatua denez, hemen arrantzatutakoa han saltzen da. 30 eurotik goiti ordaintzen dute kiloa. Guk jaten duguna hegaluzea da, eta hura iritsi baino lehen, bi astez edo, moja izenekoa, atunaren familiakoa.

Hegaluzearena urteko hirugarren arrantza kanpaina handia da. Berdelarena izaten da lehenik, antxoarena gero. Martxo hasieran antxoa pasatzen da hemendik, eta ekainaren erdialdean, antxoa desagertu ahala, hegaluzea hurbiltzen da Kanarietatik. Aurrena Kanarietakoa ailegatzen da gure arrandegietara, hemengoa hasi arte.

Arrantzatzen denaren arabera, sasoia luzeagoa edo laburragoa izaten da. Aurtengoa bizi-bizi doa, eta azkarrago bukatuko dela dirudi, arraina agudo eta ugari sartu baita.

LEHEN DESKARGA HANDIA

Denboraldiko lehen deskarga handia uztailaren 9ko gauean izan zen. Getarian sartu zen gehiena: 300 tona inguru. Hondarribiko portuan bertze 250 tona jaso zituzten, Ondarroan 40, Bermeon 35. Arrantzaleek diotenez, arrain anitz dago eta, gainera, kostaldetik nahiko hurbil. Horri esker, flotak gasolio gutxiago xahutu du. Kantauri itsasoko portu gehienetan arrantzatu dute hegaluze asko. Kantabrian 200.000 tonatik goiti, eta Asturiasen, 100.000 tona.

Kopuru altuak prezioari eragiten dio, eta errentagarritasunak kezkatzen ditu arrantzaleak. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak azaldu digunez, «prezioa eskas samarra da»; kiloa hiru eurotik behera saldu da lonjetan, iaz baino euro bat merkeago, batez beste. Enkanteetan erosleek azkar altxatu dute eskua, eta hortxe gelditu da prezioa.

PREZIOA

Arrandegiek BEZa eta euren marjina gehitu behar diote lonjako prezio horri. Marjina ez da berdina pieza osoa edo xerratan ebakita saltzen bada, garbitzerakoan burua, tripak eta bertze kentzen dizkiotelako eta horiek ere badutelako pisua. Gainera, ez dute erosten duten guztia saltzen, soberakinak izaten dituzte. Hortaz, beti mantendu eta defendatu behar dute beren marjina. Arrandegi bakoitzak jartzen du berea, baina elkarren artean solastatzen dira eta badakite zenbatean dabilen. Berako Amaleunen, kiloko 12,10 eurotan dago amuko hegaluzea.

Honek Getariako edo Hondarribiko zigilua darama isatsean, Eusko Labelarena, arrantza aparailu tradizionalak erabili direla ziurtatzen duena. Arraste-arrantzako arraina, sarearekin harrapatua, merkeago saltzen da, baina inguruneari garestiago ateratzen zaio. Arrainak gehiago sufritzen du, kolpatuago iristen da.

Gipuzkoako 550 arrantzale lanean ari dira kanpaina honetan, 60 itsasontzi ingurutan, Bizkaia eta Asturias bitartean, iparraldera.

Garmendiak eskatu duenez, berdelarena, txitxarroarena eta antxoarena bezala, hegaluzearen kuota ere partituta egon behar litzateke, «hemen kudeatu ahal izateko, egokiago, errentagarriago». Orain Estatu espainolak ezartzen du kuota; horren arabera, gehienez 18.805 tona arrantzatzen ahalko dituzte. Uztailaren hasieran kopuru horren %40ra iritsiak ziren dagoeneko. «Martxa honetan kanpaina laburra izango dugu, ezingo delako gehiago arrantzatu».

FRESKOAN ZEIN KONTSERBAN

Bi merkatu daude, «freskorakoa, orain pil-pilean dagoena, eta kontserbena, oso garrantzitsua», esplikatu du Gipuzkoako Kofradien idazkariak. «Hotz katea mozten ez den bitartean, egun batzuetan kalitatez mantentzeko aukera ematen du. Hotz kate hori ondo zaintzea da inportanteena», nabarmendu du.

Amaleun arrandegian, hegaluzea xerratan txukun mozten ari da Ixiar Elortza, gero bezeroek potetan sartzeko edo izozteko. «Ontziratzeko lan anitz egiten dugu. Ohitura hori mantentzen da, gazteen artean ere bai. Erosoa da, garbia. Prezioz ere ongi ateratzen da, 5,90 euro kiloa. 8 eta 11 kilo bitarteko piezak ditugu eta 60 euro inguruan saltzen ditugu».

Sasoiak bereiztea gustatzen zaio, ahal dela bertakoa eskaintzea. Horregatik, hemengo antxoa bukatutakoan hasten da Amaleunen denboraldi berria, hemengo hegaluzearekin. Salmahaian duena, perrexilarekin polit apainduta, Hondarribikoa da. Buztan bat bakarrik gelditzen zaio. Pieza guztiak bukatu dira jada.

ERRAZTASUNAK EMAN

-Ez dago gehiago? Agian hartuko dut -animatu da bezero bat, gure elkarrizketa aditurik.

-Bihar goizeko bederatzietan etortzen bazara, prest izanen ditut batzuk; ideia bat egiteko, konpromisorik gabe.

Bezero gehienak helduak dira. Elortzak kontatu digunez, guraso izatean itzultzen dira anitz, haurrei elikadura osasungarri bat eskaini nahi dietelako eta hor sartzen delako arraina. Gazteak ere badira zaintzen direnak eta etortzen direnak. Saltzaileak garbi du erosleari erraztasunak eman behar dizkiola. Adibidez, bizum bidez ordaintzeko aukera.

Afera bitxia gertatzen zaio zenbaitetan: bezeroa ez ikustea. «Generoa ezagutzen duenez, eskaria telefonoz egiten du, nik etxean uzten diot eta bizumez ordaintzen dit. Gaur egun ez da beharrez dendara etortzea. Pandemian aldatu zen hori».

«Txipiroia, ze lana!», kexatzen dira batzuk. «Garbi eraman dezakezu», Ixiarren erantzuna. Animatu egiten ditu. Arrainketariaren iritziz, jendeak osasuna zaindu nahi du, baina lan sobera hartu gabe.

FAMILIA EGITURAK

Gero eta gehiago saltzen da janari prestatua, eta ikusteko dago horrek osasunean zer eragin izanen dituen. «Jendarteak orokorrean aisialdian jartzen du lehentasuna, eta badirudi kozinatzea denbora galtzea dela».

Elortzaren ustez, gutxiago kozinatzeak lotura zuzena du familia egiturekin. «Lehen baserrietan bizpahiru belaunaldi bizi ziren, eta gaur egun etxe anitzetan lau lagun gehienez, hiru, bi edo bat bizi da. Orduan, batentzat kozinatzea ez da batere motibagarria. Janari prestatuek arrakasta dute bertzeak bertze horregatik, familia ereduak ere aldatzen ari direlako, jendartea bera aldatzen ari den heinean».

Etxe anitzetako transmisioa hautsi egin da. Lehen, belaunaldi ezberdinen igurtzi horretan, ikusiz ikasten zen sukaldean; orain, ordea, bakoitza bere etxean bizi da, «gero eta niago, gero eta indibidualago». Transmisio hori puskatu da, «baina berreskuratzen ahal da», adierazi du arrainketariak. «Saltzaileon lana ere bada. Etxeko lapikoa utzi diot bezero bati, lehen pausoak emateko. Herri ttikia gara, denak ezagunak gara. Lehenbizikoz marmitako bat prestatzera edo kontserbak egitera animatzen denak harrotasun eta poz handiz janen du berak egindakoa».

GUZTIA LOTZEN DA

Ixiar Elortzak Amaleunen 16 urte daramatza lanean, eta heldu den astean izanen diren herriko bestetan aldaketa sumatu du: lehen etxean biltzen zen jendea, baina orain kanpoan jatea da joera. Eguberrietan mantentzen da oraindik etxekoa, eta hezurren faltan izaten dira orduan arrandegian.

Gainerakoan, «adibidez, kolagenoa erosten dugu hezurrak botatzen ditugun bitartean. Salda eder batean aprobetxatu ditzakegu hezurrak. Osasunean inbertitzea da. Baina elikagaien industria bertze bide batetik doa».

Inflazioaren ondorioz arrain gutiago jaten dela nabari da. «Ez da elikagai merkea eta ulertzekoa da». Guztia lotzen dela ikusten da azkenean: «Pandemia, gerrak, inflazioa, interneten bulkada, bizuma... Pandemiatik hona sekulako aldaketa gertatu da sukaldean».

Etorkizunera begira, arrainketari bezala gero eta gutxiago kozinatzeko joerak arduratzen du Elortza, nahiz eta ezagutzen dituen bertze herri batzuen aldean, sorleku duen Segura bertzeren artean, Beran ohitura handia dagoen arraina jateko. Garai batean itsasontzi bateko patroi ibili zirenak edo Ternuara bakailaotara joan zirenak daude beratarren artean, orain 90 urte dituztenak. Hondarribia hurbil izanik, hango jendea ere bizi da eta mantentzen da ohitura hori.



Arrain urdina: zenbat eta txikiagoa, hobea

Arrain zuriak omega 3 koipea du gorputzeko masaren %2an; urdinak, berriz, %5ean. Badira bien tartean daudenak ere, lupia eta urraburua kasu. Horiek gorputzeko masaren %3an dute omega 3a. Hegaluzea urdina da, baina handia da, ez da gaztea, eta beruna pilatzen zaio. Horregatik, ez da jatea gomendatzen kasu eta etapa batzuetan, adibidez, haurdunaldian. Osasunerako hobeak dira txitxarroa, antxoa eta sardina, gazteak direlako. Izokina ere urdina da, eta anitz aditu dugu haren onurez. Kontuan izan behar dugu, hala ere, haztegikoa dela, pentsuz elikatua.

Arraina zenbat eta handiagoa, orduan eta merkurio gehiago izanen du. Industriaren kutsaduratik etor daiteke merkurioa eta itsas hondoan dago, biltegi handietan. Handik fitoplanktonera pasatzen da. Molusku, zefalopodo eta bertze organismo batzuk alga horiez elikatzen dira, eta arrainek organismo horiek jaten dituzte. Era berean, arrain handiagoek arrain txikiagoak irensten dituzte... marrazo, mero eta atun gorrietara iritsi arte. Hegaluzeak merkurio gutxiago du atun gorriak baino, txikiagoa delako eta arrain gutxiago jan dituelako.M. I. G.



Atun gorria hazteko asmoa, Getarian

Arrandegiaren alde ona da sasoika saltzen dela. Bezeroa zain egoten da, eta gogoz hartzen ditu berdela, antxoa, hegaluzea... Bi hilabete inguru irauten du denboraldi bakoitzak, eta azkenerako berdina janez aspertzen gara, baina polita da esperoan egon eta arraina ailegatzen den momentu hori. Haztegiei esker, badira urte osoan salmahaian ditugun arrainak ere: lupia, urraburua, izokina...

Gure platerera ailegatzen diren arrain batzuk itsasokoak dira; bertzeak haztegikoak, pentsuekin elikatuak; eta badira akuikultura edo itsasoko piszinatakoak ere. Hauek itsasoko uretan preso daude eta arrainak jaten dituzte.

Atun gorriaren hazkuntzarako Getarian plataformak paratzeko eskatu dio enpresa pribatu batek, Itsasbalfego S.L.-k, Lakuako Gobernuari. Mediterraneoan badaude halako haztegiak. Getariakoarekin, atun gorriaren kuota kanpora saldu beharrean hemen gelditzea da asmoa.

Hala azaldu zuten iragan apirilean: «Kantauri itsasoan inguratzaileek harrapatzen dituzten atun gorriak gizentzea da helburua». Horretarako, 50 metroko diametroa duten bi kaiola urperatuko lituzkete. Horien bitartez, urtero gehienez 500 tona atun gorri ekoitziko lukete.

Ekoizpen horretara hirugarren urtetik aurrera iritsiko lirateke, lehenengo bi urteak probak egiteko eta beharrezko ekoizpen gaitasuna lortzeko erabiliko lituzkete eta.M. I. G.