GARA Euskal Herriko egunkaria

Abuztuarekin batera datoz Lizarra, Leitza, Erromo eta Berangoko jaiak

Abuztuko jaien txanda iritsi da Euskal Herriko hainbat herri eta auzotara. Nafarroan, ostiral honetan hasiko dira Lizarrako jaiak, eta jarraian Leitzakoek hartuko diete lekukoa, datorren ostegunean. Bizkaian, Erromon eta Berangon dagoeneko jaietan daude.

Lizarrako txupinazoa eta haurren Korporazioaren irteera erraldoi eta buruhandiekin batera, iaz. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lizarrako jaiak dira abuztu hasiera honetan jende gehien erakartzen dutenetakoak. Ohi bezala, zazpi egun izango dituzte, hilaren 4tik 10era, eta, ekainean Udal Gobernu aldaketa egon bazen ere, ia egitarau osoa aurreko alkate Koldo Leoz-ek zuzendutako taldeak prestatutakoa da.

Beraz, aurtengo jaiak abuztuaren 4an hasiko dira, ostiralean, eguerdiko hamabietan suziria jaurtita. Erraldoien ostirala izanik, konpartsa kalez kale ibiliko da goizez eta arratsaldez.

Zazpi egunetan ez dira faltako ohiko entzierroak, herri kirolak, peñen irteerak, lehiaketa gastronomikoak, Santiago plazako txistulari eta gaiteroen emanaldiak, zezensuzkoak eta Foruen Plazako gaueko larrain Dantzak.

Santiago plazan, bestalde, Lizarra ikastolak antolatutako dantzaldiak izango dira, honako taldeekin: The Trikiteens (ostirala 4), Trikidantz (larunbata 5) eta Patxi eta Konpainia (igandea 6).

Txosnetan ere kontzertuek ez dute hutsik egingo; besteak beste Sofokaos (ostirala 4), J Martina eta Perlata (larunbata 5) eta gau elektronikoa (igandea 6) izango dira. Eta Foruen Plazan, besteak beste, Olaia Inziarte eta Zea Mays arituko dira asteartean (abuztuak 8).

LEITZA ERE JAIETARAKO PREST

Lizarrako jaiei Leitzakoek hartuko diete lekukoa datorren ostegunean, abuztuak 10, egun horretan botako baitute txupinazoa Nafarroa iparraldeko herri honetan. Hala ere, igande honetan bertan (abuztuak 6), umeen eguna ospatuko dute txupinazo propio eta guzti. Goizez eta arratsaldez, egun osoan zehar, haur eta gazteentzako zezensuzko eta gurpildun zezenak, pilota partidak, jolasak, dantzarien emanaldiak, erraldoiak eta DJ saioak izango dira.

Ohiko txupinazoa, esan bezala, datorren ostegunean izango da eta sei egunez luzatuko da San Tiburtzio jaietako egitaraua. Aurten ere adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira, eta ez dira faltako kantujirak, entzierroak, bazkari herrikoiak eta bertsolariak, beste gauza askoren artean.

Kirolak garrantzi handia izan ohi du betidanik Leitzan eta aurten emakumeen presentzia indartu da. Horrela, ostiraleko (abuztuak 11) herri kirol saioan lau aizkolariak eta hiru harri-jasotzaileak emakumeak izango dira, eta igandeko (abuztuak 13) pilota jaialdia mistoa izango da.

Musika arloari dagokionez, honako talde hauek parte hartuko dute: Trikidantz, Gozategi, Zetak eta Joselu Anayak, besteak beste. Gainera, egunero, Incansables txaranga arituko da kaleak girotzen, bere izenari ohore eginez.

Leitzako gaztetxeak ere egitarau zabala prestatu du aurtengo jaietarako. Kontzertuak ostegunean bertan hasiko dira (abuztuak 10) eta hurrengo astelehenean (abuztuak 14) gazte eguna ospatuko dute, trikipoteo, gazte bazkari eta honako taldeen emanaldiekin: Distopia elektrotxaranga, Zetak eta DJ Remy.

ERROMO ETA BERANGO JAIEZ GOZATZEN ARI DIRA

Getxoko Erromon jaiez gozatzen ari dira joan den igandeaz geroztik. Egun horretan, putxera lehiaketa famatua egin zen, eta jaien hasierako txupinazoa asteazkenean bota zuten. Pregoia irakurtzeko ardura Txutxo auzotar ezagunak izan zuen, eta dei egin zien bizilagunei «egun batzuetan gure arazo guztiak alde batera utzi eta gure auzoaz eta gure jendeaz gozatzeko».

Egitaraua igandera arte luzatuko da (abuztuak 6). Jai batzordeak adierazi duenez, aurten ekitaldi «xumeagoak» antolatu behar izan dituzte, iazko jaietan zor ekonomiko handia sortu zelako. Hala ere, egitarau zabala prestatu dute adin guztientzat eta Erromoko kaleak betetzeko deia egin dute, baita auzoko dendetan eta tabernetan kontsumitzera animatu ere. Ildo horretan, tabernariek ere egitarau zabala prestatu dute, batez ere musika eta gastronomia arloko ekitaldiekin.

Horrela, ostiral honetan (abuztuak 4), jubilatuen bazkaria egingo da, arratsaldean elkartasun taloak, herri kirol erakustaldia, eta gauean kontzertuak. Larunbatean (abuztuak 5), belaunaldien arteko jokoak egingo dira eguerdian, arratsaldean bertsojira, kalejira eta zezensuzkoa; eta gauean, reggae jaialdia, elkartasun kalejira eta kontzertuak.

Jaietako azken egunean (igandea 6), tortilla lehiaketa egingo da eguerdian eta sardinada herrikoia arratsaldean. Aurtengo jaiak “Gaixoa ni”, azken traka eta antzerkiarekin amaituko dira.

Berangon, bestalde, joan den astean amaitu ziren Santa Ana jaiak eta orain Santo Domingo jaien txanda iritsi da. Egitaraua asteazkenean hasi zen, kuadrilla egunarekin, eta ostiral honetarako (abuztuak 4), adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte: hamaiketakoa aitite eta amamentzat, gazte parkea, familia antzerkia, txokolate jana, diskofesta…

Larunbatean (abuztuak 5), Berango kantari taldearen irteera izango da, Leioako abesbatzaren eta musika bandaren emanaldia, idi probak eta kontzertuak. Eta igandean (abuztuak 6), ur parkea, herri kirolak eta 80-90eko hamarkadetako musika.