GARA Euskal Herriko egunkaria

AZKEN-AURREKO POSTUAN TRAINERUA EZ HONDORATZEKO AHALEGIN BETEAN

Kaiku dago bederatzigarren postuan, eta gora begira baino, behera begira jarri da. Ondarroa da hurrena, asteburu borobila eginda. Santurtzi 11. postuan hondoratuta dago, etxeko estropadan jazotakoagatik. Hiru taldeetako arraunlari banarekin hitz egin du GARAk. Gaur Hondarribian jokatuko dute (18.15) eta bihar Lekeition (12.15).

Goiko irudian, Sestaoko taldea etxeko estropadan. Erdikoan, Ondarroako ontzia Orioko estropadan. Eta, behekoan, «Sotera» trainerua Orioko estropadan. (Jon URBE eta Oscar Matxin EDESA | FOKU)

Eusko Label Ligan lehia bizia dago azken-aurreko postuan ez hondoratzeko, hor bukatzen duenak mailari eusteko kanporaketak jokatuko baititu. Denboraldi erdia osatuta, hiru traineru daude lehia horretan: Kaiku, Ondarroa eta Santurtzi. Sestaoko traineruak hartu die aurrea gainerakoei: bederatzigarren postuan da 39 punturekin. Jose Luis Kortaren taldea gora begira baino, behera begira jarri da, bigarren txandako maila mantentzea «ezinezkoa» baita, Zunbeltz Perez (Santurtzi, 1994) Kaikuko arraunlariaren ustetan. Beraz, hasierako helburua alde batera utzi, eta lehen txanda irabaztea dute xede.

Ondarroa da hurrena. Hamargarren dago 35 punturekin. Kaiku baino lau gutxiago. Iragan asteburua «borobila» izan zen “Antiguako Ama”-rentzat, Asier Irueta (Ondarroa, 1989) arraunlariaren hitzetan. Getxon zortzigarren egin zuten, eta Santurtzin bigarren txandatik bederatzigarren. Puntu uzta ederra lortu zuten aurkari zuzenei begira: Santurtzirekiko aldea lautik zortzira handitu du, eta Kaikuri lau jan dizkio; zortzitik laura pasatuta. Santurtzik izan zuen, alde handiz, asteburu kaskarrena. Batez ere, etxeko estropadan. Lehen ziabogan aurrekalaria uretara joan zen, eta bat gutxiagorekin arraun egin behar izan zuten. Lander Salas (Santurtzi, 1996) “Sotera”-ko arraunlariak adierazi du ikusita «zer egoeratan» zeuden «nahiko ondo» egin zutela. Azken-aurreko postuan daude 27 punturekin.

Hiru ontzien arteko lehia estua izaten ari da, eta Iruetak nabarmendu du bai beheko postuetan, bai erdikoetan, «puntu aldetik oso urruti egon arren, berdintasuna handia» dela. Salasek «zalantzaz beteriko» lehia dela esan du: «Bat-batean gertatzen zaizu guri gertatu zitzaiguna igandean, eta zortzi puntuko aldea ateratzen dizute. Ondarroa eta gure artean dago lehia». Ez du berdina pentsatzen Perezek, adierazi baitu lehen lehia Santurtzi eta Ondarroaren artean zegoela eta orain Ondarroa eta haien artean dagoela.

JOSE LUIS KORTA «URDURI»

Kaikukoek ekin zioten ligari gaizkien, kontuan hartuta xede zutela bigarren txandan egotea. Perez Kaikuko arraunlariaren esanetan, «batean kale, bestean bale» egin dute: «Badakigu ez garela duela hamabost urteko Kaiku, baina jakin behar dugu gure txanda irabazi behar dugula. Ikusi dugu bai Cabo bai Orio koska bat gorago daudela. Ezinezkoa da haien maila mantentzea. Gure xedea Lekittarra harrapatzea zen -zortzigarren sailkatua-, baina orain hamabi puntura daude. Oso gaizki egin beharko dute gu zortzigarren jartzeko. Ondarroa gure atzean dago, eta begira zer asteburu egin duen».

Santurtzik azkenaldian nahi baino foku gehiago erakarri ditu: batetik, Castroko estropada bukatzean patroiak eta arraunlari batek izan zuten istiluagatik; eta bestetik, Santurtziko azken estropadan aurrekalaria uretara joan eta bat gutxiagorekin egin zutelako arraun. “Sotera”-ko arraunlariak adierazi du «etxeko estropadan gertatutakoa gogorragoa» izan dela, «borrokarena baino»: «Uneko berotua izan zen. Konponduta dago. Orain bat eginda gaude», nabarmendu du Salasek. Santurtziko arraunlariak balorazio «positiboa» egin du orain artekoaz. Haren ustez, ontzia «ondo doa» eta «ondo joan nahi du», baina haien «esku ez dauden faktoreengatik» ez doa nahiko zuketen bezala. «Ez dugu batere zorterik izan. Estropada guztietan kanpoko kaleak egokitu zaizkigu, azken estropadan izan ezik, Santurtzikoan. Lehiatzeko gai gara, eta borrokatzen jarraituko dugu. Ez gaude hondoratuta».

Orain arte jokatu dituzten estropaden harira, Iruetak aitortu arren espero zuten lekuan daudela, «irregularrak» izan direla adierazi du eta puntu «dezente galdu dituztela»: «Despisteren bat edo estropada txar bat nahikoa da zure aurkari zuzenekiko puntu asko galtzeko. Ikusita multzo motza dugula, eta baja asko izan ditugula, borroka honetan egotea espero genuen».

Kaiku ez dabil espero bezala, eta, zer esaten du Jose Luis Korta entrenatzaileak? Hau adierazi du Perezek: «Oso erraz jartzen da urduri eta esaten du dena aldatuko duela. Popan arraun egiten dutenak brankan jarriko dituela, eta abar. Urduri dago. Ez da normala Kaiku bat, berarekin, postu horretan egotea».