GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Iparrorratzak kalibratu behar dira (noizean behin, bederen)


Iparrorratzek iparra erakusten digute eta, horri esker, hegoa, ekialdea eta sartaldea non dauden jakin dezakegu. Ez dira iparraldera (soilik) joateko tramankuluak, norabidetzeko tresnak baizik. Hamarkadetan, euskal (eta espainiar) politikan ETA izan da iparrorratzak seinalatzen zuen puntua. Dela etorkizuna aurreikusten zuen eragile baikor gisa harturik, dela kontra jotzeko, horixe zen erreferentzia asko eta askorendako.

ETA ez dago jada, dakigunez. Baina batzuek ez dute horren berri izan nahi, eta bizirik balego bezala jarraitzen dute. “Que te vote Txapote” izan dugu negazionismo horren azken adierazpena. Nonbait, espainiar eskuin autoritarioak uste zuen aski zela halako aipamen bat egitea jendartearen atxikimena lortu eta Moncloara iristeko, baina gauzak ez dira horrela izan. Era berezian, ez du funtzionatu non eta ETA zegoen lurraldeetan.

Iparrorratzak kalibratu egin behar dira, iparra erakusten dutela bermatzeko. Nik ematen diodan esanahi metaforikoan, kalibratzea ez da ETA gaur egun non dagoen bilatzea, bizi garen garaian iparrorratzen funtzioa berrasmatzea baizik. ETAk Francoren ondotiko espainiar erregimen politikoaren etsaiaren papera bete du, sistemari esanahia ematen ziona, hots. Eta euskal politikan ere hala izan da. Baina, berriro diot, batzuk konturatu ez badira ere, hori iragana da.

Hego Euskal Herrian izan ditugun bi hauteskundeetako emaitzek joera argi batzuk utzi dizkigute. Horietariko bat da gero eta herritar gehiago urruntzen ari direla iraganean gelditu direnengandik. UPN, EAJ eta Geroa Bai daude hor, esanguratsuki, haien arteko ezberdintasunak nabarmenak izanik ere. 2023an ezin da eztabaida politikoa ETAren inguruan kokatu, zintzo/gaizto mailaketa ezarri nahian. Nortasun eta egitasmo politikoak beste termino batzuetan eraiki behar dira, baina horretarako erro sendoak, ausardia eta argi luzeak behar dira. Bestela esanik, iparrorratza kalibratu behar da.