GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Zierbenak eta Oriok «Galiza calidade» etiketa hartu dute Moañako uretan

Bizkaitarrek azken luzean lapurtu zioten altxor baliotsua estropadan buru zihoanari, Hondarribiari. Urdaibai liderra hirugarren izan zen eta puntu bateko galera bakarrik izan zuen. Euskotren ligan, Oriok nahi baino kosk txikiagoa egin zion Arraun Lagunaki.

Moañako estropadak bi garaile utzi zituen: ezkerrean, Zierbenako taldea, lanean; eta eskuinean, Orioko arraunlariak garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eusko Label eta Euskotren ligak Galiziara bueltatu dira. Eta nola gainera! Ikuskizun eta emozioz beteriko estropada utzi zigun Moañako probak, eta gaur Boirok hartuko du protagonismoa. “Galiza calidade” etiketa hartu zuten atzokoan Zierbenak eta Oriok.

Eusko Label Ligan, begirada guztiak Urdaibai liderrean eta Hondarribian jarrita dauden momentuan, Zierbenak protagonismoa nahi duela argi eta garbi erakutsi zuen. Azken luze ikusgarria egin zuten bizkaitarrek, ordura arte estropadako liderra izandako “Ama Guadalupekoa” ontzia gainditu eta denboraldiko bigarren bandera irabazteko.

Berdeek egun aproposa zuten Urdaibairi, gutxienez, bi puntu kentzeko sailkapen nagusian, bermeotarrek ezin izan baitzuten beren erritmoa mantendu. Baina Aitor Lazkano patroiak gidatutako Zierbena agertu zen azken luzean, estropada osoan Hondarribiarekin lehia polita mantendu ostean, eta gaur bandera eraman ahal izango dute etxera, goizean Boiroko estropada amaitutakoan. Zeinek daki ez ote duen beste bandera bat lortuko Galiziako uretan...

Ohorezko txandakoek Orioren denbora zuten erreferentziatzat. Bigarren txandakoek itsasoaren baldintza aldaketak jasan behar izan zituzten. Hau da, lehen txandatik horra haizearen abiadura jaitsi egin zen, baina beste arazo bat sortu zen: ur korronteak. Egoera horretan, Oriok bikain egin zuen arraun eta txandako garaile suertatu zen. Cabok, etxetik gertu, behetik gorantz egin zuen nabarmen eta, hasieran estropadako azkena bazen, azkenean bigarren amaitu zuen txanda.

Lehen txandan, Kaiku eta Samertolameu txanponaren bi aldeak izan ziren. “Bizkaitarra” bikain aritu zen, baina etxeko traineruak kale egin zuen. Ondo ezagutzen duen estropada eremuan, goizegi bota zituen uretara bere aukerak. Azkenean, helmugan 30 segundo galdu zituen.

ORIO, KOSK GAZI-GOZOA

“Mirotzak” hasi eta buka oso nagusi izan ziren. Hala eta guztiz ere, baliteke zaporea gazi-gozoa izatea. Izan ere, sailkapen nagusian puntu bakarra kendu zioten estropadako momentu batzuetan hirugarren izan zen Arraun Lagunak liderrari. Nadeth Agirre patroiaren arraunlariek gogotsu hartu zuten proba eta lehen ziabogan segundo bateko aldea atera zioten Donostiarrari eta bi estropada amaieran galerak murriztea lortu zuen Arraun Lagunaki. Lehen txandan, berriro ere Hondarribia nagusi izan zen; atzetik, galiziarrek oso lehia estua mantendu zuten, Tiran aurretik sartuta.