GARA Euskal Herriko egunkaria

Jaia eta Marijaia Bilbon dira, bederatzi eguneko Aste Nagusiari hasiera emateko

Bizkaiko hiriburuak bederatzi eguneko Aste Nagusia izango du aurten ere, hiritar zein bisitarientzako ehunka jarduerekin. Kontzertuak, kale antzerkia, kirola, umeentzako gunea, ikuskizunak... ez da ezer faltako, abuztuaren 19tik 27ra. Konpartsek gogoan izango dute 1983ko uholdeen osteko auzolana.

Haur bat Txikigunean jolasean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Besoak zerurantz luzatuta ibiliko da aurten ere Marijaia, 43. Bilboko Aste Nagusia ospatzeko. Hain zuzen, larunbatean, Arriaga antzokiko balkoitik jaiei hasiera ofiziala emango zaie, eta parrandak ez du atsedenik izango abuztuaren 27ra arte. Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izango da pregoilaria, eta txupinera, berriz, Izaskun Pinedo, Pinpilinpauxa konpartsako kidea.

Publiko zabalarentzat pentsatutako jarduerak antolatu ditu Bilboko Udalak: kontzertuak, kale animazioa, kirol probak, barrakak... betiere, ondo pasatzea helburu. «Bilbo. Aste Nagusia 2023» telefono aplikazio ofiziala deskargatzeko gomendioa egin du Udalak; hala ere, aurrez aurreko informazio guneak ere egongo dira.

Bilboko Konpartsek, bestalde, 500 jardueratik gora antolatu dituzte.

Ehundik gora musika ekitaldi izango dira hainbat eszenatokitan, urtero bezala. Gainera, abuztuaren 26an, 12.30ean, Bilboko Koral Elkarteak Itsasadarra zeharkatuko du kantari, Itsasmuseum-ean hasita.

Tradizioari eutsiz, goizero 10.00etan, txistulari eta gaiteroek girotuko dute hiria. Euskal dantzak Plaza Barrian izango dira arratsaldero, eta bertso saioak Santiago Plazan, 13.00etan. Arriaga Plaza herri kirolen gunea izango da abuztuaren 23tik 26ra. Pilota profesionaleko partidak Bizkaia Frontoian izango dira, arratsaldez, X. Bizkaia Torneoa jokatuko baitute. Bestelako pilota partidak, aldiz, abuztuaren 25ean eta 26an jokatuko dituzte, Erripako kaian dagoen pilotalekuan; emakumeen eta gazteen mailakoak, besteak beste. Bestalde, traineru estropadak ikusteko aukera abuztuaren 20an izango da.

Su Artifizialen Nazioarteko XXXI. Lehiaketako pirotekniek Bilboko zerua argituko dute gauero, abuztuaren 19tik 25era, 22.30ean. 26an, aldiz, Valecea Pirotekniak (Araba) eskainiko du erakustaldia.

FAMILIEN GOZAMENERAKO

Umeentzako Txikiguneak Casilda Iturrizar parkea hartuko du. Bali Balearen desfilea igande arratsaldean izango da, Plaza Biribiletik. Eta barrakak eta zirkua Etxebarria parkean egongo dira irailaren 3ra arte. Erraldoiak eta buruhandiak abuztuaren 20tik 27ra ibiliko dira kalez kale. Programazioan badira urteroko ezinbesteko hitzorduak, Lehiaketa Gastronomikoa eta aurten 25 urte beteko dituen Hiri Krosa, esaterako. Uholdeen 40. urteurrenaren harira, oroimen ekitaldia egingo dute 26an, 13.00etan, Plaza Barrian.

Ostegunean, Txupineren egunean, Xabi Aburruzagak egindako Txupineren abestia aurkeztuko da. Txupinerei gorazarre egiteko abestia izango da, baina, batez ere, aurten zendutako eta konpartsen federazioko presidente eta txupinera izandako Lurdes Luque omendu nahi da. Programazioaren berri emateko, 15.000 liburuxka atera dituzte, eta sakelakoetarako aplikazioa eskura izango da app.bilbokokonpartsak.eus gunean.

Amaitzeko, Bilboko Konpartsek gogorarazi dute ez dutela inolako erasorik onartuko, eta deia egin dute txupinazoa garbia izan dadin, denontzako atsegina eta irisgarria izateko.

Bilboko establezimendu laguntzaileak dira, besteak beste, Kric Krac, Bilbotex, Goiko kiosko, Txokomex takeria-kantina, Cafe Nervion, Motrikes Bar eta Fermin taberna.