GARA Euskal Herriko egunkaria

Sanbartolomeak indartsu iritsiko dira Elgoibar eta Ibarrara

San Bartolome jaiak izango dira hamabostaldi honetan. Jai horiek ospatuko dituztenen artean daude Gipuzkoako bi herriak. Elgoibarren, bultzada berezia eman nahi diote Larrain Dantzari; Ibarran, aldiz, herri antzerkia egingo dute, XVIII. mendeko istorio batean oinarrituta.

Elgoibarko sanbartolomeak, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Badatoz San Bartolome jaiak, eta Gipuzkoako Elgoibar eta Ibarra herrietan gogotsu ospatuko dituzte.

Elgoibarrek 70 jarduera izango ditu bertakoek zein bisitariek gozatzeko, abuztuaren 23tik 28ra. Aurtengo jaien egitaraua herritarrekin eta tokiko eragileekin elkarlanean diseinatu du Elgoibarko Udalak, adin eta gustu guztientzako esperientziak izateko asmoz: kultur eta kirol ekitaldiak, kontzertuak... Jaien hasiera ofiziala abuztuaren 23an izango da, San Bartolome bezperan. Hain zuzen, Haritz Euskal Dantzari Taldeak jaurtiko du txupinazoa, 13.00etan, 50. urteurrena duela-eta. Ondoren, Mauxitxa txarangaren eskutik izango da kalejira.

Bultzada berezia eman nahi izan diote aurtengo Larrain Dantzari Elgoibarren, eta zabaltzeko asmoz, ikasi nahi dutenentzat tutoretza-bideoa sortu du Elgoibarko Udalak. Hain zuzen, abuztuaren 23an, jaiei hasiera ematen dien txupinazoaren aurretik egingo dute dantza, eta nahi duten guztiek gozatu eta parte hartu ahal izatea da helburua. Tutoretza-bideoa ikusgai dago Udalaren webgunean (www.elgoibar.eus), baita bere sare sozialetan ere.

Maialen Gurrutxaga alkateak hala nabarmendu du: «Dantza tradizionaletan adituak direnek gidatuta, ikusleek jarraibide zehatzak jarraitu eta etxeko erosotasunetik praktikatzeko aukera izango dute». Larrain Dantza herrian urtez urte finkatu duten jarduera da: «Jaietako lehen eguneko funtsezko zati bihurtu da, eta guztiok parte hartzeko eta gure tradizioa bizirik mantentzeko aukera izatea ziurtatu nahi dugu». Ingurutxoa eta jota oinarri dituen suitea da Larrain Dantza. Zirkulu ireki handi bat osatzen duten bikoteetan dantzatzen da, eta erloju-orratzen kontrako noranzkoan mugitzen dira.

Bestalde, Kalegoen plazan izango dira kontzertu nagusiak: ETS, Tapia eta Leturia, Brilet, Neomak, Muzak eta Su ta Gar. San Bartolome eguenean, Rockalean taldea eta Santiagoko Deabruak ibiliko dira herriko kaleetan, eta bestelako kale animazioa ere izango da egunero.

Elgoibarko establezimendu laguntzaileak: Lanbroa taberna eta Milar Bire .

IBARRA ERE JAIETAN

Ibarran, Tolosaldearen muinean, abuztuaren 23tik 27ra ospatuko dituzte jaiak. Hemen ere San Bartolome bezperan hasiko dute ospakizuna ofizialki, 12.00etan. Behin txupinazoa botata, Ibarrako erraldoi eta buruhandien konpartsa herrian ibiliko da, gazte kuadrillekin batera, kalejiran. Hortik aurrera, jarduera mordoa izango dituzte jaietan: danborradak, azokak, zezensuzkoa, bertso saioa, dj-ak, txekor-jatea...

Musika emanaldiei dagokienez, San Bartolome plazan izango dira Zopilotes Txirriaos, Laket, Iratzar eta Muxutruk, gaueko giroa alaitzen.

Aipatzekoa da «Prudentxi eta Ziriako» antzezlana prestatu dutela herritarrek: XVIII. mendearen erdialdean kokatzen da, eta abuztuaren 25ean antzeztuko dute. Ibarrako mutil gazte baten eta Elduaingo emakume ezkondu baten arteko harremana kontatuko dute, herrian egonezina sortu eta epaitu egingo dituztelarik. Lau ataletan banatuko dute kontakizuna, eta tartean, dantza eta abestiak izango dira. Idoiagako plazan jarri dute hitzordua 11.00etan, hamaiketakoa egiteko, eta ondoren, Danon Txokoaren aurrean izango da lehen geldialdia. Herritarrak antzinako jantziekin janztera gonbidatu dituzte.