GARA Euskal Herriko egunkaria

Ozar-izar


Zeruko ballet bat balitz bezala, graziaz eta pasioz dantzaten dute Perseidek Artzamendin agorril erditsuan. Nafarroa Behereko mugatik hurbil, Lapurdiko mendirik garaienean Itsasuko argi txintak azpian gelditzen dira gauari iluntasuna hedatuz. Sarri, iluna behar da argia ikusteko. Distiraz zeruertza zeharkatzen dute Perseoren konstelazioko txinpartek. Izar usoak Atekagaitz gainean, milurteko bat, eta berrehun urte, eta berrogeita bost gehiago Roland isildu zela bide horietan, Orreagarantz edo Orreagatik, harri eta ur artean, baina kontu hori euskaldunotatik nork ote dakien galdetu dut, kantua badakitelako beste anitzek.

Kometa baten hauts partikulak direla Perseidak, hori jaso dut erantzun gisa, Karlomagnoren berririk ez. Done Laurendiren malkoak direla erran dit beste batek; «norenak?» nik; «Sanlorentzorenak» a bai, horrela errazago, baina nor kristo zen jakin gabe nagoela betiere.

Ni Perseidei begira, unibertsoaren mezulariei, bizitza zein den iheskorra nozitu nahian arrasto argitsu artean: Lasai maitia, ulertu, zergatik nik ere ezin dudan bizi zu gabe, suabe, zurekin baina zu gabe. Gauean, belar bigunean etzanda zerua miatzen, destinuaren ganbaran esekitako ametsak berreskuratu nahian. Kasiopea ez duela urrun Perseok, zalantza «…izen ugariko emakumea bihurtu hintzenean, Casiopea eta Pollux, edo Isis and Pandora, eta Bereniceren ilea, elemental Mister Watson» lotu zait ahotsean, Laboaren gitarra Atxagaren testu ederrean. Tempus fugit, hau ere badoalako, eta, desiratzen denbora galdu ordez, denbora hori, bizi egin behar dela presente izanda.