GARA Euskal Herriko egunkaria

AEBak, Hegoafrika Moskutik urrundu nahian, jo eta ke

Cyril Ramaphosa eta Xi Jinping, Hegoafrikako eta Txinako presidenteek. (AFP)

Hegoafrikaren eta Errusiaren arteko harreman onaren oinarri historikoa orduko Sobiet Batasunak apartheidaren aurkako borrokalariei eskaini zien laguntzan aurki daiteke.

Ordutik hona gauzak asko aldatu diren arren, tinko irauten du elkar ulertzeak. 1994tik agintean egon den ANCk (African National Congress) lotura estua izan zuen sobietarrekin hamarkada askotan, nagusitasun zuriaren aurkako borrokan. «Esan liteke haien arteko aliantza supremazisten aurkako erresistentziak eragin zuen odolean eta armetan eraikitako adiskidetasuna dela», dio Sandile Swana analistak.

Baina iraganak ez du dena argitzen.

«BIKOTE BITXIA»

Politikoki, ANCk eta Vladimir Putin presidente errusiarraren alderdiak «bikote xelebrea» osatzen dute, Steven Gruzdek, Hegoafrikako Nazioarteko Gaietarako Institutuko (SAIIA) analistak dioenez. Errusia Batuaren balio errusiar zaleak Eliza Ortodoxoarekin oso lotuta daude; ANCk, aldiz, ezkerrera jotzen du eta LGBTQen eskubideak defendatzen ditu.

Ekonomiaren arloan, are zentzu gutxiago du harremanak. Txina da Hegoafrikaren lehenengo bazkide komertziala, baina bigarrena AEBak dira, 4.200 milioi dolarreko esportazioekin lehen seihilekoan. Epe horretan, ordea, 132 milioi besterik ez du balio izan Pretoriaren eta Moskuren arteko truke ekonomikoa.

Kontuak horrela, gero eta presio handiagoa jasaten ari da Hegoafrika AEBen eta Europako Batasunaren aldetik, Moskutik urruntzearren. Presioak gora egin du Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik eta Pretoriak ez gaitzesteko erabakia hartu zuenetik.

Duela gutxi, Pretoriak Kremlini ezkutuan armak eman zizkiola salatu ondoren, Washingtonek mehatxu egin zion Hegoafrikari, merkataritza itun batetik kanpo uzteko. ANCk «beldurrarazteko presioa» salatu zuen.

Ekainean, Cyril Ramaphosa presidenteak Afrikako bake misio bat egin zuen Kieven, Ukrainako gatazkan «neutraltasuna» aldarrikatzeko eta negoziazio proposamen bat egiteko.

Hegoafrikako oposizioak ANC astindu duten ustelkeria eskandaluak baliatzen ditu, Kontinente Beltzean buru-belarri sartzeko Errusiak dituen asmotan Hegoafrika ate bat bihurtu dela salatzeko. Magnate errusiarren eskutik ANCk jaso omen dituen dirulaguntzak jartzen ditu mahai gainean.

Mandela zenaren alderdiak esaten duenez, «AEBetako enpresa gizonen eskutik ere jaso ditugu, baina itxuraz hori ez da arazoa».