GARA Euskal Herriko egunkaria

Abuztuko azken jaiak indartsu datoz, festazaleentzat udako azken geltokiak

Udako jaien egutegiak ez du hutsik egin aurten ere, eta festa giroa zabaldu da Euskal Herriko txoko guztietan. Azken ospakizunak iristen ari dira abuztu amaiera honetan. Bizkaiko Erandio herrian zein Nafarroako Lakuntza, Irunberri, Berriozar eta Otsagabian jaiak ospatuko dituzte. Udako azken geltokiak festazaleentzat.

Txupinazo osteko giroa, Erandioko Sanagustinetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

 Festazaleek oraindik ere badituzte gordetako datak datozen egunetarako. Izan ere, uda bukatzen ari den honetan, oraindik ere jaiak ditugu han-hemen. Lakuntzako jaiak bihartik ostegunera izanen dira (abuztuak 26-31). Aurten, Lagun Arteako jubenilek botako dute jaiei hasiera emango dien txupina, 12.30ean, ezkila errepikaren ostean, eta hortik aurrera jaiak ez du etenik izango.

Lakuntzako Udalak festa inklusiboak izatea sustatu nahi du aurten ere, beraz, zenbait neurri hartu dituzte: udaletxeko beheko solairuan gune lasaia egonen da 12.00etatik 15.00etara eta 17.00etatik 22.00etara; atrakzioetan eta puzgarrietan behar bereziren bat daukan pertsonak edo familiek arduradunei eskaera egin diezaiokete, eta festen programan suziri batekin markatuta egonen dira. Horrez gain, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuarekin elkarlanean, indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea izanen dute herrian.

Gainerakoan, ez dira festetako klasikoak faltako: larrain dantza, erraldoiak eta buruhandiak, kontzertuak, herri kirolak... eta nola ez, Nafarroako auzate klasikoak. Bestalde, igandean Lakuntzako erraldoien eta buruhandien konpartsaren 20. urteurrena dela eta, kalejira berezia egingo dute, Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsarekin.

IRUNBERRIN ASTEAZKENEAN.

Sei egunez izango dituzte San Ramon jaiak Irunberrin, abuztuaren 30etik irailaren 4ra. Ilunberri kirol elkartea arduratuko da jaiei hasiera emanen dien txupina botatzeaz, izan ere, ehun urte bete ditu elkarteak. Asteazkenean (abuztuak 30), San Ramon bezperan, 12.00etan botako dute suziria Ilunberriko kideek, eta, ondoren, Ilunberri txarangak girotuko ditu kaleak, erraldoien eta buruhandien laguntzarekin.

Musika eta adin guztiei egokitutako jarduerak izanen dituzte jaietan. Txarangak, kontzertuak, larrain dantza, entzierroak, jota erronda, haur parkea, zezensuzkoa... denetik izanen dute. Eta azken egunean, udaletxeko balkoitik, 'Gaixoa ni' abestuz agurtuko dituzte jaiak.

Irunberriren egun berean hasiko dituzte jaiak Berriozarren. Izan ere, abuztuko azken asteazkenean hasten dituzte beti jaiak, eta bost egunekoak izanen dira; aurten, abuztuaren 30etik irailaren 3ra, eta, ohiturari jarraituz, Eguzki plazako kioskotik botako dute txupinazoa. Iruñalde zentroko adineko pertsonek botako dute jaien hasierako suziria, 18.00etan: «Berriozarko adinekoen urtea izan da. Erreferente argiak izan dira integrazioari, dedikazioari, ilusioari eta herriarekiko konpromisoari dagokionez, eta benetako lezioa eman digute zaintza eta bizikidetza gaietan», aipatu du Iker Mariezkurrena alkateak.

Jaione Mariñelarena Farea berriozartarraren «Dena prest, bakarrik zu falta zara!» izeneko kartelak iragarri ditu aurtengo jaiak. Askotarikoak dira festetan antolatzen dituzten jarduerak: tradizionalak batzuk, jaietako osteguneko Maiordomoen dantzaldia esaterako, eta berritzaileak ere bai. Herriko elkarteek protagonismo berezia dute festak antolatzerakoan, eta herri musika zalea dela argi uzten dute, presentzia nabarmena izaten baitute musika bandak, erraldoien konpartsak, gaiteroek eta fanfarreak herriko kaleetan.

Erraldoi zaharrak kalean izango dira, gainera, hamabost urteren ondoren. Berriozarrera 1983an iritsi ziren lau erraldoi, eta segituan Txomin, Maritxu, Mikel eta Miren izenak jarri zizkieten herrian. Bidaia asko egin zituzten, baina 2003an ordeztu egin zituzten erraldoi berriekin, jasaten ari ziren narriadurarengatik. 2008an atera zituzten berriro, 25. urteurrena ospatzera. Ez zeuden batere egoera onean, eta, berrikuntza lanen ostean, kalez kale berriro laster dotore ibiltzea espero dute.

ERANDIO ERE FESTETAN.

Ostegunean hasi zituzten San Agustin jaiak Erandion, eta astelehenera arte (abuztuak 28) izango dute jai giroa herrian, Bilboko itsasadarraren eskuinaldean.

Elkarlanean aritu dira udal langileak, jai batzordea, kuadrillak, kolektiboak, merkatariak eta babesleak; programazio betea osatu dute denen artean.

Basamortu Lagun Taldeak izan du aurtengo jaiei hasiera ematearen ardura, eta ondorengo jarduerak askotarikoak izango dira: kuadrillen jaitsiera, bertsolariak, parrilladak, kontzertuak, lehiaketak, apar festa, kantu poteoa, kukaña... Gainera, kuadrillen artean lehiak izango dituzte, herri kiroletan eta play backean abestuz euren onena emango baitute. Horretaz gain, gau bereziak egingo dituzte, 80 eta 90eko hamarkadak oroituz.