GARA Euskal Herriko egunkaria
AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Zortzi hautagai eztabaidan, eta bederatzigarrena nagusi: Trump

Donald Trumpen laugarren auzipetzea orain arteko esperientzia gogorrena izan da presidente ohiarentzat. Haren atxilotze argazkia berehala zabaldu da, baina AEBko buru ohiak bere kanpainarako baliatu du. Izan ere, hautagai errepublikanoen artean eginiko lehen debateak bistan utzi du gaur-gaurkoz ez dagoela Trump ez beste alternatibarik 2024ko hauteskundeetarako.

(AFP)

Laugarrenez atxilotu dute Donald Trump 2023an; Georgian asteon, aurretik New Yorken, Washingtonen eta Floridan bezala. Honezkero, ezagun zaion prozedura da bere burua entregatu eta karguak irakurtzea. Fulton konderriko (Atlanta dago bertan) esperientzia bereziki gogorra egin zaiola esan du AEBko presidente ohiak.

Minutu gutxi batzuk egon zen Trump Fultongo konderriko espetxean (jail ingelesez prison hitzaren desberdina da, eta behin-behineko espetxealdiei dagokie), baina irten eta berehala, haren atxiloketa-argazkia publikoa zen, aurreko ordu eta egunetan Rudy Giuliani, Mark Meadows eta presidente ohiaren beste hemezortzi laguntzailerena zabaldu zen legez. Trumpe bera izan zen, lehen Twitter eta orain X izeneko sare sozialeko kontu pertsonala eskuratu berri, argazkia zabaldu zuena. Izan ere, irudia publiko egitea ekidin ezin baduzu, hobe zeuk egin eta ahal den neurrian narratibaren kontrola izatea.

Orain arteko politikan, atxiloketa-argazki batek edozein politikariren ibilbidea hondoratuko luke. Trumpen aurka dauden ia 100 akusazioetako bakar bat beste edozein politikariren amaiera izango litzatekeen gisan. Trumpen kasuan, aldiz, bere kanpainaren aldeko webgunea ari da saltzen atxiloketa-argazkia, “errenditu, sekula ez” leloarekin. Jada ikusi baitute zer gertatu den Trump auzitara deitu duten lau kasuetako bakoitzean: haren aldeko donazioak handitu egin dira.

Trumpen esaldirik ezaguna da duela ia zortzi urteko primarioetan esandakoa: «[New Yorkeko] Bosgarren Etorbide erdian norbaiti tiro eginda ere ez nuke botorik galduko». Handik urte erdira hautagai errepublikano bihurtu zen, eta beste urte erdira Etxe Zurian sartu zen. Orain, are leialago zaizkion milioika jarraitzaile ditu, eta estu harrapatuta du Alderdi Errepublikanoa.

Horren adierazle argia izan zen asteazkeneko Fox kateko debatea, 2024ko hauteskundeetan presidentegai errepublikano izateko aurkeztu diren zortzi hautagairen artekoa. Bederatzigarrenak, Trumpek, ez joatea erabaki zuen; areago, Rupert Murdoch magnatearen katea kontraprogramatzea erabaki zuen, berriki arte etxe horretako izarra zen Tucker Carlsonekin elkarrizketa iragarrita ordu berean (grabatutako solasaldia zen). Kontuak kontu, hautagaien debatean etengabe gutxietsi eta umiliatzen dituen presidente ohiarekiko otzantasuna zenbaterainokoa den agerian geratu zen aurkezleen galdera bati emandako erantzunean: zenbatek babestuko luke judizialki kondenatutako Trump presidentegai gisa? Mahaiko zortzietatik seik altxatu zuten eskua; alegia, hautagaien %75ek. Kritikatzen saiatu zen bakanetakoak, Chris Christe New Jerseyko gobernadore ohiak, entzuleen txistuak entzun behar izan zituen. Berdin gertatu zitzaien Nikki Haley eta Mike Penceri ere, presidente ohiari kritika txikiena egin ziotenean.

Trumpek esana zuen ez zela debatean izango mundu guztiak ezagutzen duelako. Badu arrazoirik: ideia-trukea baino norbere burua nabarmentzeko lekua bihurtu zen saioan ez zuen irabaztekorik inkestetan beste zortziak batuta baino babes handiagoa duen hautagaiak. Adibide argiena: eztabaidatik 24 ordura, hedabide nagusien titularretatik galduta zegoen gaia, eta Trumpek bereganatu zuen arreta.

Funtsean, batzuk hobeto eta beste batzuk ez hain ondo ibilita ere, Trumpen alternatiba bideragarririk ez zen agertu Milwaukeeko eztabaidan. Bestela adierazita, debatearen irabazlea Trump izan zen, aretoan egon gabe ere. Nork bere muturrean, tarteka nabarmentzea lortu zuten Nikki Haleyk eta Vivek Ramaswamyk elkarri mokoka hasi zirenean, edo Christiek eta Pencek beste zenbait gaitan sendo agertuta. “Washington Post”-en inkesta baten arabera, errepublikanoen %29ri DeSantis iruditu zitzaien onena, eta %26ri, Ramaswany. Datu hori oso txarra da DeSantisentzat, Trumpen balizko alternatiba bakar gisa ikustetik ezinbeste hondoratzen ari den hautagaiaren itxura hartu baitu. Ramaswanyk lortu du nahi zuena: outsider irudia, Trumpen babesle eta diskurtsorik muturrekoena. Ziur aski, badakielako ez dela presidentegai izango 2024an. Ezta nahi ere. Ez da burua 2028an jarrita daukan bakarra, eta horretarako, Trump hautagaia komeni zaie, eta ez bi legealdi egin ahalko lituzkeen beste edozein errepublikano. Debateko zortzietatik gehienek sinatuko lukete Trumpen presidenteorde izatea 2024ko ticket-ean. Baita gero eta gehiago entzuten ari den 9. izenak ere: Glenn Youngkin Virginiako gobernadoreak Murdochen babesa duela zabaldu da egunotan. Azaroan hauteskundeak ditu, eta horren arabera ikusiko da azken orduko hautagai bihurtzen den.