GARA Euskal Herriko egunkaria

Aita Santua eta «profeta faltsua» aurrez aurre, Argentinako eztabaida sutsuan

Aita Santua kezkatuta dago Javier Mileiren «politika bihozgabeen» gorakadarekin. Honek Frantzisko I.ari, «justizia soziala» defendatzeagatik, lurrean «deabruaren ordezkaria» izatea egozten dio. Hautagai bozkatuena eta argentinar popularrena aurrez aurre; talka ziurtatuta dago.

Milei, hautagai bozkatuena, eta Aita Santua, argentinar popularrena, eztabaida ideologiko betean dabiltza. (Alejandro PAGNI / Alberto PIZZOLI | AFP)

Lehia ideologiko estuan ari dira bi aurkariak. Pilotaleku batean irudikatuko bagenitu, gerriko urdinez 52 urteko Javier Milei daukagu batetik, anarkokapitalista outsiderra, sexu tantrikoko entrenatzaile ohia eta Argentinako datozen presidentetza-hauteskundeetan faboritoa. Gerriko gorriz, aldiz, 86 urteko Frantzisko I.a aita santua ageri da, pobreen eta behartsuen aldeko munduko txapelduna, presidentegaiak behin eta berriz «komunista nazkantea» eta justizia sozialaren alde egiteagatik «lurrean deabruaren ordezkari» izendatuz barregarri utzi duena.

Ezaguna da Aita Santuak eragin peronista aurrerakoiak dituela. Baina langileen erosahalmena izugarri txikitu den honetan, horiek kale egin dietenen alde bozkatzea zaila izango da. Areago, peronista ohiek eta langile-auzo askotako jendeak Mileiri eman dio botoa. Ezaguna da Aita Santuak politikaren ikuspegi humanista sakona duela. Ezaguna da, halaber, «humanista» hitza ez datorrela bat Mileiren politikekin.

PURRUSTADA TELEBISATUAK

Bistan da politikak huts egin dien askorentzat Milei Hamelingo txirulari ona dela. Eta ezin zaie kargu hartu, hutsak eta akatsak beste batzuenak izan dira eta. Zeruko erreinuaren aurrean, «paradisu libertario» bat proposatzen die Mileik, Argentinako Banku Zentrala «dinamitatzea», doako eskola publikoa abolitu eta osasungintza publikoaren zerbitzuak desegitea. Abortua debekatuko du berriz eta armak erostea legeztatu. Emakume, Genero eta Aniztasun Ministerioa eraitsiko du eta Zientzia Ministerioa ere bai, «klima aldaketa gezur sozialista bat delako». Purrustada hauek telebisatuta, bere balizko presidentetzak milioka argentinar sutan jarri ditu.

Horri munduko argentinar famatuenari dion herra gehitu behar zaio. Primarioak irabazi zituenetik, taktikoki, kritikak apaldu ditu, baina ezinikusia publikoa da. Aita Santua, baina, ez da isilik geratzen denetakoa. Ez da beso gurutzatuta geratuko bere herrialde ezegonkorra lider aldakor baten mende erori bitartean.



Zergak, Jesus Nazaretekoa eta Mateo apostolua

Milei, 2020ra arte ia ezezaguna zen politikaria, Argentina «paradisu libertario» batean eraldatzeko «gerra kultural» betean dago. Bere paradisu partikularrean, efizientzia kapitalistak ordezkatuko ditu laguntza sozialak, zergak hutsaren hurrengoa izango dira eta diru faltan direnek beren gorputzeko organoak saldu ahalko dituzte merkatu irekian.

Frantzisko I.a aita santuak beste paradisu bati buruz hitz egiten du. Eta izuz bizi du Argentinako eztabaida publikoan gertatzen ari dena, kezka handiz: «Eskuin muturra beti berreraikitzen da, komunitarismoaren aurrean egoismoaren garaipena da», adierazi du berriki. Bistan da hitzok Mileiri zuzendutakoak zirela.

Bien arteko eztabaida zergen inguruko politiketara iritsi da. Mileik «Jesusek ez zituen zergak ordaindu» tuiteatu zuen eta aita santuaren justizia sozialaren doktrina «lapurretaren sinonimo» dela dio. Frantzisko I.ak zergak «legaltasun eta berdintasun» seinale direla adierazi du, Jesusek deitu zuen Mateo apostolua zerga biltzailea zela gogoratuz. GARA